Alavesek etxetik kanpoko itxura hobetu nahi du gaur, Valentzian

Arabarrak bigarren garaipena kateatzen saiatuko dira. Wakaso eta Pacheco ez dira ariko; Manu Garcia, aldiz bueltan da

Manu Garcia Alaveseko kapitaina, entrenamendu saio batean. DAVID AGUILAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Urak bareago daude Alavesen. Harrotuta ziren Athleticen eta Realaren aurkarko derbiez geroztik, baina apaldu egin dira Mallorcari garaitu ostean. Salbu da, oraingoz, Asier Garitano. Ontziak eutsi egin dio. Ordea, sendotu egin beharko du datozen olatuetatik onik atera nahi badu. Brankan ditu zulorik handienak. Izan ere, kamuts dabiltza gasteiztarrak erasoko jokoan. Lanak ari dira izaten aurkariaren areara iritsi, eta arriskua sortzeko. Ohiko joko zuzenak ere ez die balio. Bederen, argi printza batzuk ikusi zituzten azken partidako amaierako minutuetan, eta horri eusten saiatuko dira gaur, Valentziaren zelaian.

Alavesek eskas jardun zuen San Mamesen eta Anoetan, eta etxetik kanpoko sentipenak hobetu nahiko lituzke gaur. Garitanok Getaferen aurkako lehia jarri du eredu bezala. «Txarrak izan dira etxetik kanpo jokatu ditugun azken bi partidak, eta Mestalla eszenatoki zaila da. Oraintxe bertan, Getaferen aurka eman genuen maila berreskuratzea izan behar da gure helburua».

Arabarrek etekina atera liezaiokete aurkariaren nahasmenari. Giroa oso gaiztotuta dago Valentzian, agintariek Marcelinotaldea arrakastaz gidatzen ari zen entrenatzailea, kargugabetu eta gero. Albert Celadesek hartu du lema, baina Valentzia iparra berreskuratu ezinik dabil. Gorabehera handia ari da izaten ligan: azken jardunaldian 0-1 gailendu zen San Mamesen, baina aurrez, etxean berdindu egin zuen Getafe eta Leganesen aurka. Gainera, asteazkenean 0-3 irabazi zion Ajaxek, Txapeldunen Ligan.

Alavesek bi hutsune garrantzitsu izango ditu. Min hartuta jarraitzen du Pachecok, eta zigortuta dago Wakaso. Bata Siverak ordeztuko du, eta bestea, ziurrenik, Manu Garciak. Kapitaina, zigortuta, ezin izan zen Mallorcaren aurka aritu, eta gaur hasieratik aritzea espero da. Pina eta Pons izango ditu aldamenean.

VALENTZIA-ALAVES

Valentzia. Cillessen; Daniel Wass, Garay, Gabriel Paulista, Jaume Costa; Coquelin, Parejo, Ferran Torres; Rodrigo, Cheryshev eta Maxi Gomez.

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro,Ely, Laguardia, Ruben Duarte; Aleix Vidal, Pina, Manu Garcia, Luis Rioja; Lucas Perez eta Joselu.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Mestalla (55.000 ikusle).

Ordua. 18:30ean (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.