Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Zuzendari onaren liburu gorria (1/2)

2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ikasturtea amaitzear dela eta, telebista edo zinema zuzendari hasiberrientzat gidaliburu txiki bat egitera animatu naiz, zuen probetxuzkoa izango delakoan. Ez horregatik.

Ohar bat zinema eskolakoei: ikas ezazu ahal duzun guztia, gidoiaz, muntaketaz, produkzioaz... Baina jakin ezazu ezin dela irakatsi zuzendari ona izaten. Ikas dezakezun gauzarik baliagarriena da zure bidearen erdian jartzen den hori beldurrik gabe irenstea. Eta argi izan zure frogatu gabeko talentuak garrantzi gutxiago duela zure maltzurkeriak eta eskrupulurik ezak baino.

1. Zuzendari onaren lehen araua da: inork ez du arau hauez hitz egingo. Hau irakurri bezain pronto, emaiozu su BERRIAko orri honi.

2. Ikasi inbertitzaile eszeptikoari zure istorioa saltzen, maldan behera doazen aktoreak limurtzen, eta mundu errealaren eta norberarekin bitartekoa egingo duen maskara eraikitzen.

3. Filmatzen ari zarenean, utziozu artista izateari. Zuzendariak aldi berean psikologoa, lapurra, politikaria, soziologoa —eta zoologoa—, lausengaria, prostituta, maneatzaile makiavelikoa, seduktore itzela, martirra, komandante nazia, biktima eta traidorea izan behar du.

4. Izan gezurti, lapurtu, hil!, baina amaitu zure lana. Filmazio bat konjurazio kosmikoa da, unibertso osoa izango duzu zure kontra. «Tranpa andana» deitu zion Truffautek horri, zuzendari askoren amore emateko arrazoia.

5. Ezarri buenrollismo faltsu bat filmaketan. Ez ahalegindu atsegina izaten edo lantaldea zureganatzen; nahiz eta prentsan zutaz hitz onenak erabili, berdin gorrotatuko zaituzte. Gozatu tiranoa izaten.

6. Entzun arreta handiz ekoizle exekutiboari, baietsi buruarekin, pentsakor begitartearekin —puzkerra usaintzeko aurpegiera—, irribarre batekin amaituz. Baina arren, sekula santan ez, inoiz ere ez iezaiozu jaramonik egin. Egizu sudur puntan jartzen zaizuna: emaitza hobea izango da, eta lasai, tantoa bereganatuko du beti. Ekoizle exekutiboa bereizteko, eskuetan produkzio planik ez duen tipo bakarra da. Akziorik gabeko txokoak konkistatzen ditu, eta inguruko kaosak ez du aztoratuko. Kontuan izan haren helburu bakarra afarietan «zinema produktorea naiz» plantak egitea dela.

8. Jarraitu datorren asteko arauak irakurtzen. Eta gogoan izan Kubrickek esan zuena: filmazio bat zuzentzea errusiar mendi baten gainean Voyná i mir (Gerra eta bakea) idaztea bezalakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.