Pro mailan ariko da

Kern Pharma taldeak txirrindularitzako bigarren mailan aritzeko lekua lortu du datorren sasoirako. Juanjo Oroz zuzendaria pozik azaldu da

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Hazten segitzeko beste urrats bat egingo du datorren sasoian Kern Pharmak. Nafarroako taldea txirrindularitzako bigarren mailan ariko da: UCI Pro Team kategorian, hain zuzen ere. «Argi dugu ez diogula sekula hazteari utzi behar», adierazi zuen atzo Manolo Azkonak, taldeko zuzendaritzako buruak. Eta hau berretsi zuen: «Gure ilusioa eta nahia zera da, egunen batean lasterketa handi bat irabaztea. Umilak eta ausartak gara, eta horretarako egiten dugu lan».

Juanjo Orozek zuzentzen duen taldea denboraldi honetan hasi da UCI Continental mailan, eta urtebete eskas pasatuta egingo du Pro Team mailarako urratsa. Taldeak garaipen bat erdietsi du: Enrique Sanzek Belgrad-Banjaluke lasterketako hirugarren etapan lortutakoa. Aipagarria izan zen, era berean, Espainiako Txapelketan egindako lana, eta Roger Adriak Burgosko Itzulian Picon Blancoko etapan egindako ihesaldia.

Orozek nabarmendu du «emozio handikoa» izan dela denboraldia. «Lehen eguneko ilusioak hor segitzen du». Zuzendariak argi du «bidea egiten» segitu nahi dutela. «Betidanik argi izan dugu ez digula balio edozein garaipenek, eta are garrantzitsuagoak direla filosofia, lana eta balioak». Mugarriak ere ezarri ditu: «Lehen aldiz lehiatuko gara Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapen bat eskuratzeko. Baina 2023anpodiumean egoteko borrokatu nahi dugu».

Bestalde, herenegun aurkeztu zuten 2021eko Frantziako Tourreko ibilbidea. Lasterketa ekainaren 26an abiatuko da, Brest hiritik (Bretainia), eta uztailaren 18an amaituko da, Parisen. Azkenean ez da etapa bukaerarik izango Iratin.

Pirinioek Alpeek baino pisu handiagoa izango dute, eta erlojuaren aurkako bi etapa izango dira. Lehena, bosgarren etapan, Change eta Laval artean, 27 kilometrokoa; eta, bigarrena, azken-aurreko egunean, Libourne eta Saint Emilion artean, 31 kilometrokoa.

Mendiko etapei erreparatuta, Alpeak izango dira aurrena; Bederatzigarren etapa Tignesen amaituko da. Bestalde, Mont Ventoux mitikoa bi aldiz igoko dute 11. etapan, nahiz eta etapa Malaucenen amaituko den. Pirinioetako etapa nagusiak hamaseigarrena, hamazazpigarrena eta hemezortzigarrena izango dira. Batez ere azken biak. Saint Laryn eta Luz Ardidenen amaituko dira.

Erlojuaren aurka Vueltan

Hori datorren denboraldian izango da. Oraingoa ez baita amaitu, eta atzoko atseden egunaren ostean aste erabakigarrian sartuko baita Espainiako Vuelta. Erlojuaren aurka jokatuko da gaurko etapa, Muros eta Ezaroko begiralekuaren artean. 33,7 kilometro ditu, eta horietatik 31 lauak dira, Ezarorako azken igoera salbu. 1,8 kilometro dira, %14rainoko pendizarekin. Richard Carapazda lider (Inenos), eta 10 segundo ateratzen dizkio Primoz Roglici (Jumbo Visma).

Bestalde, atzo jakin zen Euskadi Fundazioak Luis Angel Mate fitxatu duela, eta Eider Merinok ez duela Movistarren segituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.