Udaberriro loratzen delako

Udaberriko literatur gurpilak gertakari historikoak oinarri dituzten fikzio lan ugari dakartza aurten. Hiru egilek lehen poesia lana emango dute. Feminismoa, lurraldetasuna eta artea saiakera gai dira

Udaberriro loratzen delako.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Udaberria hurbildu ahala, ari da abiadura hartzen argitaletxeen goldea. Eta golde horrek, besteak beste, 36ko gerrako eta ondorengo diktadurako hainbat gertakari utziko ditu agerian, fikzioa lagun. Halaxe definitu du Xabier Amurizak, esaterako, Elkarrekin aurkeztu duen Neska bat leku inposiblean nobela. 1970 frankistan Zamorako (Espainia) espetxean preso zeuden abade euskaldunen ihesaldi saiakera fikzionatu du Amurizak, hamazazpi metro luzezen tunela zulatzea bai baina ihes egitea lortu ez zuten antifrankisten ibilerak agertzeko.

Oraindik aurkezteko dauden beste bi nobela, Maixa Zugastiren Ahotsak eta itzalak eta Joanes Urkixoren Ekaitz urruna, berriz, 36ko gerran daude girotuta. Ereinek argitaratuko ditu biak. Zugastiren lanean, 36ko kolpe militarraren ondorioak agertzen dira, gerrak banandutako eta erbesteratutako familia baten bitartez. Urkixoren liburuan, berriz, 1937ko urtarrilaren 4an Bilboko espetxeetan preso zeuden eskuindarren aurka egin ziren erasoak —224 preso hil zituzten armatutako zibilek eta milizianoek— dira ardatza.

Denboran aurreragoko kontuak dakartzate Ekaitz Goienetxeak eta Karlos Linazasorok dagoeneko aurkeztu dituzten eleberriek. Goienetxeak 1980ko hamarkadako heroina urteak (eta hiesa) ditu hizpide, Igartza bekari esker idatzi duen Zaldi mamarroa-n (Elkar). Linazasorok, berriz, 1978ko martxoaren 28an Tolosan (Gipuzkoa) gertatu zen tren istripu bat ekarri du letretara 6012 (Erein) nobela laburrean. Tren hark 55 tona azido zianhidriko zeramatzan berekin.

Gertakari historikoen haritik aparte idatzita dago Danele Sarriugarteren bigarren nobela. Duela lau urte aurkeztu zuen Erraiak arrakastatsuaren ostean, asteon aurkeztu du Azal errea. Adiskidetasuna, itxurakeria, arrakasta, porrota, heldutasunerako bidea hizpide ditu, arte munduan dabiltzan bi gazteren arteko harremanaren bitartez.

Zugastirenaz eta Urkixorenaz gainera, beste hiru nobela ere aurkezteko daude: Oier Guillanen Zauri Bolodia (Txalaparta), Ugaitz Agirreren Tximeletak bizkarrean (Susa) eta Asel Luzarragaren Bioklik (Elkar). Lehen nobela dute bai Guillanek eta bai Agirrek; zazpigarrena, berriz, Luzarragak. Guillanena, krisian dagoen aktore baten egunerokoa da. Idazlearen alter ego-a da Zauri Bolodia, undergroundean hasi eta pixkanaka profesionalizatu den idealista porrokatua. Nekea, desengainua, prekaritatearen zama eta, azkenik, bere burua berrasmatu beharra pilatzen zaizkio. Amateurismoaz, profesionaltasunaz, hizkuntzaz, politikaz, gu-tik ni-ra doan bidaiaz egiten du gogoeta Guillanek.

Agirreren Tximeletak bizkarrean-en, berriz, Firenzeko unibertsitatean historia irakasten duen 35 urteko katalan bat da protagonista: Sara. Idazlea ere bada, eta, lehen liburuarekin arrakasta lortu ostean, blokeatuta dago bigarrenaren idazketan. Kataluniara bueltatzen denean, atzean utzi uste zuen hainbat konturekin egingo du topo.

Luzarragak, azkenik, XXI. mende erdialdeko Bilbora eramaten du irakurlea Bioklik-en. Etorkizun hurbileko Bilbo horretan, sakelako telefono bidez erabakitzen dira bizitzako xehetasun guztiak. Teknologiak lagundutako demokrazia ezin gardenagoada, ustez, dagoena, baina protagonistak argi ikusiko du ez dela horrela, emaztea hiltzea leporatu eta atxilotzen dutenean.

Ipuin bildumen atalean, eleberrienean bezalaxe, belaunaldi ezberdinetako egileak irakurri ahalko dira udaberri honetan. Txomin Peillenen Zaldi beltzak zeruan eta Jose Enrike Urrutia Capeauren Pelegrinak aurkeztuta daude jada. Genero beltzari heldu dio lehenak; erlijioa da bigarrenaren ipuinak lotzen dituenak. Pamielak argitaratu ditu bien lanak.

Laster aurkeztuko dituzte Xabier Mendigurenen, Aritz Gorrotxategiren eta Gotzon Hermosillaren narrazio bildumak. Mendigurenen Zu entzuteko gaude-n, bakardadea, menpekotasunak dituztenen zaintza, suizidiorako aukera eta beste harilkatzen dira hiru ipuineko triptikoa osatzeko. Gorrotxategirenean, berriz, bere gaztaroa, zuzenbide ikasketak egin zituen unibertsitate garaia, suma daiteke. Miguel Angel Blancoren hilketa, kale borroka, unibertsitate giro beroa... agertzen dira oraindik ere izenburua zehazteko duen narrazio bilduma horretan. Hermosillaren Gaur galtzea tokatzen da-n —idazle honen lehen bakarkako lana da—, berriz, gau giroa, parranda, taberna dira hainbat gai lantzeko testuingurua.

Poesia eta beste

Euskarazko letren zaleak itzultzaile gisa ezagutzen du batez ere Karlos Cid Abasolo. Udaberri honek bere lehen poesia lana ekarriko du, bada, Susaren bitartez: Keinu konplizeak. Ttotte Etxebestek ere lehen poesia lana osatu du: Ezin erranezko hitzak (Maiatz). Bertan, Euskal Herriaz, biziaz , borrokaz, maiteez, munduaz, libertateaz idazten du. Rafael Ugaldek eta Iñaki Irazuk ere estreinako liburuak dituzte, hurrenez hurren, Hondar alea eta Errukiaren saria. Ereinek argitaratu ditu biak ala biak. Eric Dixarrik, berriz, laugarren lana emango du, Pamielarekin: Duchampen inguma, poesia minimalista eta onirikoz betea. Izaskun Graciak, azkenik, euskarazko poesiari heldu dio berriz, Ohe hutsetan lanarekin (Balea Zuria).

Saiakera arloan, feminismoa, Euskal Herriaren lurraldetasuna eta artea ardatz izango dira uda bitarteko lanetan. Hala, Xabier Gantzarainek Zuloa emango du (Elkar), egungo euskal artearen eta gizartearen arteko harremanak ikertuta. Lisipe (Susa) bilduma feministak, berriz, ale berri bat ekarriko du: Emagin elkartearen Ezagutzaren matazak. Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza. Eneko Bidegainek, berriz, Euskal herriaren lurraldetasuna aztertu du historian zehar, Lurraldea eta herria. «Zazpiak bat». Atzo, gaur, bihar (Pamiela) lanean.

Sonia Gonzalezek botere harremanei, andre izateari, bakardadeari, jabetzari, galerari, erruari, familiari... buruzko gogoetak bildu ditu Erreka haizea. Botere, isilpe eta herioaz (Susa) liburuan.

Kazetaritza lanen artean, azkenik, borroka feministaren erdigune izan diren Hondarribiko eta Irungo alardeei buruzko lan bat aurkeztuko dute laster Maite Asensio Lozano eta Arantxa Iraola BERRIAko kazetariek. Joxean Agirre Odriozolak Eneko Irigaray. Aljeriar konexioa elkarrizketa liburua ere emango du (Txalaparta).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.