Lan gatazka. Huerta de Peralta. ANALISIA

Esplotazioa, hemen eta orain

Huerta de Peraltako langileen manifestazioa, hil hasieran, Iruñean.
Huerta de Peraltako langileen manifestazioa, hil hasieran, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Xabier Martin -

2019ko urtarrilak 23

Zein urrun geratu den 35 lanorduko astea denentzat erreibindikatzen zen garai hura. Ordulariak atzera egin du azken urteotan, eta 40 ordukoa lortzeko borrokan dauden langileen argazkiak ez dira arraroak aspaldi honetan. Galde diezaietela Huerta de Peraltako beharginei, edota NH eta Barcelo hoteletako garbitzaileei. Lan itunean hobekuntza soil batzuk ez, baina oinarrizko lan baldintzak lortzeko greba mugagabe batekin bukatu zen iazko urtea, eta izaera bereko beste lanuzte batek agurtu du aurtengoa. Osagai komun gehiago dauzkate gatazka biek, baina bat azaltzen da guztien gainetik: azal iluneko behargin immigranteak izan direla protagonistak.

Lan hitzarmen txukun baten babesa ohiko bihurtu zaion irakurle despistatuari belarriak tente jarriko zaizkio, akaso, sindikatuen salaketa batzuk entzutean. «Sasi-esklabotza», «miseriazko soldatak» eta «hamahiru orduko lanaldiak», adibidez, salaketa arrunt bihurtzen hasi dira ELAren eta LABen ohar eta adierazpenetan, esplotazio gorria bizi duten langileak ez direlako txakur berdeak gure lan merkatuan, gizon eta emakumeak baizik, beltzaranak sarritan. Hemen eta orain, goizero esplotazioari aurpegira begiratzen dioten etorkinak ez dira salbuespen; begirada jaitsi nahi ez, eta mobilizatzen direnak dira apartekoak, haien antolakuntzarik eza, beldurra, eta, finean, kalteberatasunari etekina ateratzeko prest daudenak ez direlako falta.

Huerta de Peraltako langileek lanera itzuliko dira beren «aldarrikapen nagusiak» betetzen dituen akordioa lortu eta gero. «Jazarpen sindikalarengatik» kaleratutako lau langileak berriro hartuko dituzte, eta enpresak langileekin zuen 440.000 euroko zorraren %70 pagatuko du. Gainera, lan itun bat negoziatzen hasiko dira aldeak. Garaipen bat, alegia, Azkoienen dihardutenen migratzaileentzat. «Aukeraz betetako etorkizun bat saldu ziguten, eta esplotazioa eta mespretxua aurkitu ditugu», salatu du haien bozeramaileak. Elkartasuna ere bai, norberarena zaintzeaz harago, langile guztien baldintzen alde aritzen direnen aldetik.

Prekario ikusezinak

Berotasun hori ezagutu zuten, halaber, Bilboko NH eta Barcelo Nervioneko gelak garbitzen dituztenek, urte bukaeran. Haiek ere gelak 2,5 euroren truke garbitzeaz «nazkatu» ziren, eta, hilabete eta erdiko greba zaratatsuaren ondoren, %48 arteko soldata igoera lortu zuten.

Azkoienen eta Bilbon, langile prekario horiek beste osagai bat partekatu dutela esan daiteke: ahaldundu egin dira; sindikatuetara jo, eta beren lan eskubideen alde antolatu eta borrokatzeko urratsa egin dute. Ikusezin izateari utzi diote, euskal lan merkatuak hesteetan gordetzen baititu lotsak. «Nazkatu egin gara, eta zutitu gara», esan du El-Hussine Jagubik, Huerta de Peraltako langile batzordeko presidenteak.

Eta bi lan gatazka horiek ondo bukatu dira langileentzat; hori ere pareko. Ez baitira beti ondo bukatzen greba mugagabeak. Euskal langileriak ondo baino hobeto daki porrot eta garaipen bilduma luze bati esker lortu dela azkarregi gal daitekeen estatusa. Jakin badakien bezala ahulenetik hasten dela zabaltzen prekaritatearen orbana, eta zaurgarrienen esplotazioa onartzen duen gizarteak jai duela aurrera egiteko gutxieneko kohesioari eutsiz.

"Merezi izan du grebak"

Kimu berriak Erriberan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna