Herrialde oso bat lur jota

Txapelketaren antolatzailea izaki, Ingalaterrako selekzioa faboritoetako bat zen Munduko Kopa irabazteko. Ligaxkako hiru partida jokatuta, ordea, sailkatzeko aukerarik gabe geratu da jada.

Ingalaterrako selekzioko jokalariak, lur jota, Australiaren aurkako partidaren amaieran. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Eneritz Zabaleta.
2015eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Iragan larunbateko panorama beltza zen oso Londresko Twickenham estadioan. Australiaren aurka galdu eta gero (33-13), Ingalaterra Munduko Kopan aurrera egiteko aukerarik gabe gelditu zen. Uharte osoan, tragedia nazionala izan zen etxeko taldearen kanporatzea. Ingalaterrak bere lurretan antolatutako lehiaketa irabaztea zuen amets, baina hasi eta berehala esan behar izan du agur.

Aste bat lehenago Galesen aurka galdu eta gero (25-28), Australiaren aurkako partidaren atarikoa mobilizazio nazionala izan zen. Garaipena behar zuten ingelesek Munduko Kopako final-laurdenetarako sailkatzeko aukerari eusteko. Arrosaren hamabosteko-ak, baina, ez zuen lortu bere Munduko Kopan bizirik jarraitzea.

Ingalaterra ez da izanen, beraz, etxean Munduko Kopa irabazten duen bigarren selekzioa —Hegoafrikak etxean jokatutako ekitaldia irabazi zuen, 1995ean—. Okerrago, lehen selekzioa izanen da berak antolatzen duen Munduko Kopatik lehen itzulian kanpoan gelditzen. Ingelesen porrota herri oso baten porrota bihurtu da.

«Erabat jota nago». «Lotsa izugarria da. Nire biziko unerik okerrena da». «Traizio egin diegu zaleei». Hurrenez hurren, Jonny Wilkinson irekitzaile ohi eta 2003ko Munduko Txapeldun ingelesarenak, Simon Robshaw oraingo kapitainarenak eta Stuart Lancaster hautatzailearenak dira hitzak. Nazio oso batek jasotako kolpea laburbiltzen dute.

Horrelakoetan ohikoa izaten den bezala, kritika ugari jaso ditu taldeak. Kazetariak, hautatzaile eta jokalari ohiak, beste kiroletako izarrak… anitzek egin du Ingalaterraren porrotaren analisia. Faktore anitz dira kontuan hartzekoak. Beroan bero, ez da aise Ingalaterraren porrota azaltzeko arrazoiak ematea.

Batzuek taldearen prestakuntza falta azpimarratu dute: «Bururik gabeko lapinak ziruditen jokalariek», esan du Iain Balshaw Miarritzeko eta Ingalaterrako selekzioko gibeleko ohiak. Lesio batzuek ere ez dute lagundu. Billy Vunipola eta Courtney Lawes falta izana bereziki nabaritu da.

Lancasterren hautu batzuk ere kritikatuak izan dira. Besteak beste, Sam Burgess 13ko errugbiko izar ohia hautatzea leporatu diote; George Forden ordez 10 postuan Owen Farrellen alde egitea ere bai. Baina, bereziki, zelaian oldarkor aritu bai baina zelaitik kanpo diziplina arazoak dituzten jokalariak kanpoan uztea egotzi zioten. «Hartley, Care, Tuilagi eta halako jokalariek beste nortasun bat emanen zioten taldeari», azpimarratu du Lawrence Dallaglio hirugarren lerro ohi ospetsuak.

Lancaster, arriskuan

Porrotak lehen biktima bat egin dezake: Lancaster. Larunbatean, dimisioa emanen zuenez galdetuta, ez zuen erantzun nahi izan: «Ez da horretarako garaia». Haren buru eske dabil jende anitz. Baina 2020ra arte kontratua du federazioarekin. Dimisiorik ezean, garesti aterako zaio Lancaster kanporatzea federazioari. Oraingoz, deus ez dago argi. Lancasterrek postuan segitzea ere posible da. 2007an, final-laurdenetan galdu ondotik, Graham Henryk Zeelanda Berriaren buru jarraitu zuen, eta txapeldun izan zen gero 2011n. Grahamen kasuan inspiratuz, baliteke federazioak oraindik Lancasterri konfiantza ematea. Baina jende askok haren burua galdetzen du, eta ikusi beharko da presio horri nola erantzunen dion federazioak. Gauza bat, bederen, argi dago: hurrengo asteetan aldaketa anitz izanen dira selekzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.