Muguruza eta Brouard gogoan, haien «ondarea» hartu dute ipar

Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren omenezko manifestazioa, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2015eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Urtero gisan, Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideen «ondarea» aldarrikatzeko eguna izan zen atzokoa Bilbon, hil zituzteneko urteurrenean. Goizean, Egiari Zor fundazioak antolatutako omenaldietan, eta arratsaldean, Sortuk deitutako manifestazioan. «Haien ametsak, haien ekarpen humano eta politikoa gure eguneroko borrokaren ipar dira. Haiek bezala, independentzia eta sozialismoa ditugu helburu, eta ez dugu etsiko Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala irabazi arte», adierazi zuen Sortuko bozeramaile Amaia Izkok, ehunka lagunen aurrean, arratsaldeko manifestazioaren ondoren.

31 eta 26 urte dira, hurrenez hurren, Brouard eta Muguruza hil zituztela. GALek hil zuen Brouard, 1984ko azaroaren 20an, haren Bilboko kontsultan. Eusko Legebiltzarrerako hautatu berria zuten HBrekin Bilboko alkateorde ere izana. Haren kontsultatik abiatu zen atzoko manifestazioa, Santi, Josu, zuen ametsa gure iparra. Independentzia eta Sozialismoa lelopean. Egun berean hil zuten Muguruza ere, 1989an. HBko diputatu kargua hartu berria zuela, Madrilen eskuin muturreko bi pertsonak tirokatu zuten, Alcala hotelean egindako atentatu batean.

«Berriz ere, [Espainiako] Estatuak tiroka erantzun zien ezker abertzalearen bake eskaintzei», ekarri zuen gogora Izkok atzoko ekitaldian: «Atzo eta gaur, bakearen etsaiek indarkeriaz eta errepresioz erantzuten diete gatazka politikoa konpontzeko saioei». Atzo zen Francoren heriotzaren urtemuga ere; «ezer ez da kasualitatea», Izkoren hitzetan. Hain zuzen, garai hartan ezker abertzaleak egindako hautua berretsi zuen gaur egunerako ere: «Haustura demokratikoa». Izkoren esanetan, Espainiako Estatuaren barruan ez baitago tarterik Euskal Herriari dagozkion eskubideak gauzatzeko.

Horregatik, «askapen nazional eta sozialerako prozesua berregokitzeko» garaia dela nabarmendu zuen Sortuko bozeramaileak, ezker abertzaleak hasi berri duen Abian gogoeta prozesua aipatuta. «Ez da hutsaren hurrena egiteko duguna, baina horretarako ere tamaina bereko lanabesa dugu: ezker abertzalea osatzen dugun milaka gizon eta emakumeon konpromisoa».

Estatuen ardura

Goizean, Egiari Zor fundazioak antolatutako ekitaldiak izan ziren, Errekalden eta Ametzolan. Lore eskaintza egin zieten han bildutako lagunek. Senideekin batera, ezker abertzaleko ordezkari ugari izan ziren; tartean, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Tasio Erkizia militante historikoa. Han egon ziren Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando eta Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro ere.

Egiari Zor fundazioko kide eta Josu Muguruzaren alaba Anek Espainiako eta Frantziako estatuen erantzukizuna aipatu zuen, Muguruza eta Brouardenaren gisako «gerra zikineko eta errepresio kriminaleko beste hainbat ekintza sustatu zutelako». Gertatuaren «erradiografia osoa» egin behar dela nabarmendu zuen: «Ez diogu inori esango historia bere moduan kontatzeari uzteko, guk aukera izan nahi baitugu geure historia kontatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.