«Patriarkatua biderkatzen du gerrak»

Martxa antimilitarista jendetsua egin du mugimendu feministak Santurtziko portura, handik armak esportatzen direla salatzeko
Hainbat emakumek portuko hesira kateatu zuten euren burua.
Hainbat emakumek portuko hesira kateatu zuten euren burua. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Samara Velte -

2017ko abenduak 17
Gerrak feminismoaren balio garrantzitsuenak suntsitzen ditu: «heteropatriarkatua infinituraino» handitzen du, pertsonak babesgabe utzi, eta «bizitza jasangarria» ezinezko bihurtzen du. Hori salatu eta Euskal Herritik ere Ekialde Hurbileko gerrak elikatzen direla ikusarazteko, Santurtziko (Bizkaia) porturako martxa bat egin zuten atzo ehunka lagunek, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta.Feministok gerraren aurka: armagintza eta arma salmenta eten lelopean, salatu zuten hilero armaz beteriko itsasontzi bat abiatzen dela Santurtzitik Saudi Arabiara, eta arma horiek Yemengo gerran erabiltzen direla gero. «Eusko Jaurlaritzaren eta Portu Agintaritzaren bermearekin», nabarmendu dute protestaren antolatzaileek.

Feminismoak historian gerraren aurka egin ohi duela ere ekarri dute gogora, eta bakea lortzeko ezinbestekoa dela emakumeen parte hartzea: «Gerran, emakumeon gorputzak bataila eremu eta harrapakin bihurtzen dira». Martxak iraun duen artean, erresistentzia zibileko bestelako adibideak izan dituzte gogoan, eta haiek ere irudikatu dute gerraren kontra daudela: emakume batzuk errepidean etzan dira, «zerraldo antzean, emakumeek gerretan duten ikusezintasuna eta biktima rola» nabarmentzeko; eta beste batzuek portuko hesi berrira kateatu dute euren burua. Gainera, gezurrezko misil bat ipini dute lurrean, Yemengo norabidean, hara doazen armak irudikatzeko.

Hain zuzen ere, Santurtziko portuaren garrantzi sinbolikoa ekarri dute gogora: «Hemendik, milaka umek egin behar izan zuten ihes urrunera 1936ko gerran, babes bila». Salatu dute Europako Batasuneko mugak areagotzen dituela harresiak: «Trantsitoan dagoen pertsona oro zapaltzen dute, eta, etorkin eta errefuxiatuen oinarrizko eskubideak ukatzeaz gain, kriminalizatu egiten dituzte». Bilboko portutik ateratzen diren gaiak babesteko erabiltzen den dirua gizarte zerbitzuetan inbertitzeko ere eskatu dute: «Proposamen ororen erdigunean giza eskubideak jartzen dituen herri bat nahi dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna