Migel Zeberio.
ANALISIA

Ekarpen oparoa

2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Tolosako 48. Abesbatza Lehiaketak eman du eman beharrekoa. Bost egun mamitsutan asebete ditu bertaratutako herritar eta atzerritar zaleak eta musikaren profesional andana. Entzun ditugu taldeak musika kultu eta europar kutsuko garai desberdinetakoak lantzen, eta baita pop estiloari hurbilagoak zaizkionetan ere; halere, aniztasun zabalena kultura desberdinetako doinuak erakutsi dizkigutenean eta gure euskal musika beren galbahetik pasatu dutenean eskaini digute. Gaitasun eta kanturako trebetasunari dagokionez, azpimarratzekoa da maila bikainekoa izan dela entzungai izan dugun koru sorta. Norbaitek, TEEkoek alegia, lan eskerga egin dute oraingoan ere.

Saridunen zerrendan ez da ezusteko handirik izan. Lehiatzeko parametroak nahiko orokortuak daude, eta jakinak dira gehienentzat sailkatzeko aintzakotzat hartuko diren irizpideak. Abesbatza lehiaketen mundua nahiko partikularra da, salbuespena Olga Vocal Ensembleko herbeheretarrak: hurbiltasunezko aldartean, eta nagusiki Europako ipar lurretako tradizioen harira eskainitako errepertorio original eta bikainarekin, ez dute formatu hori bete, baina lasai zioten hurrengo baterako ikasia dutela lezioa. Ahots taldeetan, emaitza hobeak lortu dituzte elizan eskainitako musika sakroan. Santa Klara komentuko baldintza akustikoek eragin nabarmena dute talde txikien mesedetan. Denen artean nabarmen eta garaile Svanholeko gizonezko suediarrak, kontraste sarkorrak lortzeko gai izan baitira. Beste talde batzuetan ez bezala, askatasuna eman die Sofia Soderberg zuzendari prestuak, behar denean ahotsa energikoki botatzeko, eta sonoritate zorrotz edo xamurragoak, beti energikoki eta pasio handiz zuzenduak, igortzeko.

Erresuma Batuko Apollos taldea gorabeheratsua iruditu zait; hau da: britainiar talde profesionalen jakintza eta tradizioaren erakusgarri izanagatik, emakume ahotsen arteko oreka galtzen zuten zenbaitetan, eta kanten artean ere aldea nabarmena zen kalitateari dagokionez.

Basilio Astulezen Vocaliako neskek, goxotasunezko jarioan lau emanaldi zein baino zein xamurragoak eta goi mailakoak eskaini dizkigute. Lan erritmikoetan zehaztasun handiz eta bikain; melodikoagoetan, aldiz, askatasun edo malgutasun dinamiko gehixeagok emanen lioke ñabardura gehiago, lehendabiziko ahotsak goiko erregistroetan egin behar dutenerako borobiltze aldera, adibidez. Zorionak!

Ensemble Nobiles Alemaniar gazteek, batetik, sonoritate heldu bezain garbia daukate; baina, bestetik, zurrun xamar azaltzen dira zenbaitzuetan.

Lau taldeek tarte esanguratsuenetarikoa kantu xinpleenean lortu dutela nabarmentzen da: lehenak zuzendariaren Noel politean, britainiarrek Lloyden View the Lord koralean, euskaldunak Ikusten duzu borobilean eta azkenak, Helleren Bleib Bei Mir Herr himno solemnean.

Indonesiako Batavia izan da talderik arrakastatsuena: harridura sortzen du ikusteak nola lantzen duten Asiako urruntasun hartan europar eta AEBetako kultura. Konpaktu eta indartsu noski beraien folklore antzeztu eta konplexuan, bai eta amodiozko amerikar kanta ezagunetan edo europar tradiziozko errepertorioan. Urteetan tentuz egindako lanaren erakusleiho.

St. Nicolas Choir Esloveniakoak, aurrekoen antzera, talde bakarrean koruak beharrezko lituzkeen tinbre eta erregistro aukera aberatsenak garatzeko erako soinu tresna lortu dute. Talde humano aberatsak, kanturako heldutasunez landuak eta parean gidari zuzendari jakintsu eta eraginkorrez hornituak. Bustoren Ametsetan hunkigarritik, Azurtzaren kirikoketa erritmikora eta Esloveniar tradiziozko polifonia ankerretara erraz moldatzekoak. Goi mailakoak.

Horietariko askorekin —eta aipamenik egiteko tokirik gabe izendatu ez ditudan besteekin—, emanaldietatik kanpo izan dut solaserako aukerarik, eta harrigarria beren ilusioa, hemen izateagatik azaldutako atsegina eta komunikatzeko gogoa. Ekarpen oparoa egun hauetan gure artean jaso duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.