Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Biharamuna

Bakarrik, baina babesarekin

Ortuzarrek bereizi egin ditu «gobernabidea», eta ekonomiako, estatus berriko eta bakegintzako «herri akordioak». Lankidetza parlamentario edo legealdiko itun bidez goberna dezake EAJk
EAJren EBBko kideak, atzo arratsaldean, Bilbon, Sabin Etxean, EAEko hauteskunde biharamuneko bileran.
EAJren EBBko kideak, atzo arratsaldean, Bilbon, Sabin Etxean, EAEko hauteskunde biharamuneko bileran. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2016ko irailak 27
Presarik gabe, baina «ahal den azkarren» eratu nahi du EAJk Eusko Jaurlaritza berria, «azaroaren amaierarako», Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Bilbon prentsaurreko batean esan duenez. EBB batzartu ondoren azaldu da Ortuzar, mezu jakin bat emateko. Batetik, Eusko Legebiltzarraren eta Jaurlaritzaren «gobernabideari» eutsi nahi diote, «eguneroko kontuak aurrera eramateko» —PSE-EErekin badute halako itun bat, 2013tik—. Bestetik, ekonomian, EAEko «estatus» politiko berrian, eta bakean eta bizikidetzan «akordio zabalak» lortu nahi ditu EAJk, «herri akordioak», eta hor «ahal den alderdi gehien» bildu nahi du.

Hortaz, badirudi EAJ Jaurlaritzan bakarrik egongo dela, Eusko Legebiltzarrean 75 ordezkarietatik 29 dituela —aulkien %38,6—, baina betiere era bateko edo besteko akordioak lotuta. Ondorioz, eta oraingoz behintzat, ematen du baztertu egiten duela gobernu koalizioa osatzea PSErekin. Horren (9 aulki) eta, oro har, PSOEren krisiek ez dute laguntzen sozialisten eta jeltzaleen arteko gobernu itun baterako baldintzak egon daitezen. Ikusiko da Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiaren inbestidurarako zerbait lotzen duten, EAJk PSEren beharrik ere ez duen arren.

EBBk gaur bertan deituko die legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten indarrei, bilera sailari ekiteko, Ortuzarrek jakinarazi duenez. Handienetik txikienera egingo dituzte batzarrak; EH Bildu hartuko dute lehenik, beraz. «Datorren astearen erdialdera askoz gehiago jakingo dugu», esan du EBBko buruak, Sabin Etxean. EAJtik Urkullu eta biak izango dira lehen bilera sortan.

«Gobernu indartsua eta egonkorra nahi dugu, gobernabidea», adierazi du Ortuzarrek. Itunak erdiesteko «aukera desberdinak» ikusten ditu. «Ez dugu ezer baztertzen. Aukera denak zabal-zabalik daude. Ikusiko dugu zein den aukerarik onena, edo posibleena. EAJn badugu kultura politikoa akordioetarako». Berriro bereizi ditu gobernabidea eta herri akordioak. «Paraleloan joango dira». Hitzarmen desberdinak egon daitezkeela iradoki du.

Estatus berrirako erabakitzeko eskubidearen aitortza garrantzitsutzat jo du, «baina akordio zabalaren pieza bat izango da. Ez da helburu bat, lanabes bat baizik».

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak ere «erabat irekia» ikusten du egoera, Europa Press agentzian aitortu duenez, eta adierazi du jeltzaleen helburua «aurreko legealdian baino egonkortasun handiagoa» lortzea dela. «Hori da gizartearekin dugun konpromisoa eta gizarteak eskatzen diguna». Datozen lau urteetan ere egonkortasuna egon dadin «aukera asko» daudela uste du, «baina lehendabizi guztiekin hitz egin behar da, ikusiz zer prestasun duten, eta jakin dezaten irekita gaudela».

Elkarlana ala legealdi ituna

Joseba Egibar GBBko presidenteak ez du hitz egin gobernu itun batez, «lankidetza parlamentarioaz edo legealdiko itun batez» baizik. Bakarrik gobernatzeko moduan da EAJ, arrisku handirik gabe. Esate baterako, EH Bilduren (17) eta Elkarrekin Podemosen (11) baturak baino legebiltzarkide bat gehiago du. Eta gauzak konplikatzen hasiko balitzaizkio, hor luke gehiengo osoa PSErekin. Hiru haiekin akordioak egiteko egoera onean daude jeltzaleak. Zenbakiek «konbinazio desberdinak» egiteko aukera ematen dute, Egibarrek EITBko irratietan aipatu duenez. EAJ gobernatzen ikusten du, bakarrik ere bai, baina betiere akordioak lotuta, babesarekin. «Ikusgai dago ekonomian, estatus berrian eta babes sozialean nolako identifikazioa eta gerturatzea dagoen».

Uste du EH Bilduk oposizioko buru izan nahiko duela. «Ez dut ardurekin ikusten. Baina, agian, oker nago». Ortuzarren iritzian, EH Bilduk azken urteetan «posibilismorako» pausoa eman du, eta «erlatiboki osatu» da. Arnaldo Otegi EH Bilduko eledunak atzo, Donostiako prentsaurreko batean, berriro akordio handiak eskatu zituen, eta adierazi zuen EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen arteko itun bat «egonkorra» izango litzatekeela.

Egibarrek PSEri ohartarazi dio eskakizunak «muturreraino» eramaten baditu «gobernabideko akordio batzuk airean» egon daitezkeela. Erantsi du ez duela uste horretara helduko direnik, baina nabarmendu du EAJk duela gaien gidoia mahai gainean jartzeko «eskubide politikoa», hauteskundeetan gailen izateagatik.

Urkulluk hiru ideia azpimarratu ditu bozen biharamunean: egonkortasuna, industria eta enplegua. Trapagaranen (Bizkaia) izan da Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria, Bombardier multinazionalaren lantokian, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarekin batera, eta igande gauean Sabin Etxe atarian ukalondoekin egindako keinu bera egin du lantokira sartu aurretik: pasatu direla hauteskundeak, eta lanean jarri behar dela. Jakinarazi du bozen ondotik «dei eta mezu garrantzitsuak» jaso dituela, baina ez du esan norenak izan diren.

EAJren diskurtso berari heldu dio: «Egonkortasuna bermatzen duen eredu honekin konprometituta gaude».

Maura: «Gu, oposizioan»

Eduardo Maura EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzakideak azaldu du Elkarrekin Podemos oposizioan ikusten duela, «modu eraikitzailean» lan egiteko.

Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusia prest agertu da EAJrekin akordioak erdiesteko, baina «abentura subiranistarik» ez balego. Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak Espainiako Kongresua utzi du, Eusko Legebiltzarrean aritzeko. Javier Marotok hartu dio lekukoa Madrilen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna