Albistea entzun

Euskaraldia. IRITZIA

Aniztasunetik ahaldunduz eta eraldatuz

Jone Goirigolzarri Garaizar - Deustuko Unibertsitateko irakaslea

2018ko azaroak 30

Euskaraldia ez da orain arte antolatzen eta parte hartzen ohituta egon garen euskararen aldeko beste ekimen bat. Euskaraldia ariketa soziala da, 11 egunez eta Euskal Herri osoan euskara jakin edo ulertzen dugunok elkarrekin euskaraz aritzeko gonbita eta erronka jartzen diguna. Euskaraldiak paradigma aldaketa bat dakar, euskararen alde egotetik euskararen alde egitea eskatzen baitigu. Hizkuntza ohiturak astindu eta eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko desafioa dugu Euskaraldia.

Azken hilabete eta asteotan Euskaraldiaren inguruan sumatu dugun giroak arrakasta usaina zekarren. Eta parte hartze datuek ere arrakastaren lehen zantzuak ekarri dituzte: 196.000 pertsonak eman dugu izena. Halaber, datuok, pozaz gainera, zenbait kezka ere sortzen hasi dira. Izena eman dutenen artean ahobizi dira 145.000 pertsona, eta belarriprest 51.000. Antolatzaileek pareko datuak aurreikusten zituzten bi rolentzat, eta desoreka horrek zalantza eta galdera ugari sortu ditu. Rolak ondo ulertu ote dira? Jendeak eutsiko ote dio aukeratutako rolaren jokamoldeari? Lortuko ote dugu zenbait aurreiritzi eta inertzia gainditu eta hizkuntza ohiturak eraldatzen hastea? Zilegi dira galdera horiek.

Euskaraldian parte hartzeko hautua jende askok eta askotarikoak egin du: Iparraldekoek eta Hegoaldekoek; gazteek, helduek eta adinekoek; emakume eta gizonek; herri euskaldunetakoek zein erdara nagusi den herrietakoek; etxean zein etxetik euskaldundutakoek; euskara aspaldi ikasi zutenek, ikasten dihardutenek eta erdi ahaztua dutenek; norberaren euskararekin ziur sentitzen direnek eta ez direnek; egunerokoan darabiltenek zein beren bizitzan hitz egiteko aukerarik izan ez edo hala sumatzen dutenek. Partaideen motibazio, itxaropen eta nahiak ere ezberdinak dira: batzuek aldaketa sakonak nahi dituzte, eta beste batzuek, aldaketa txikiak; euskaraz bizi nahi dute batzuek, eta beste batzuek, euskaraz ere bai. Bizitzako une ezberdinean heldu zaie parte hartzaileei Euskaraldia.

Aniztasuna balio gisa planteatu da hasieratik, eta aniztasun handia ikusi dugu parte-hartzailean artean. Orain, hirugarren pauso bat eman, eta eskuzabal jokatzea dagokigu. Garrantzitsuena ez da jendeak rolak egoki ulertu dituen, baizik rolok nola interpretatu dituen, bataren ala bestearen aldeko hautua zergatik egin duen, eta zelan interpelatu dituen rol horrek eguneroko praktika linguistikoan. Musikariek sarri esaten dute abestiak helburu eta esanahi batekin konposatzen dituztela, baina kantuek gero beren bidea egiten dutela. Euskaraldiarekin ere gauza berbera gertatuko delakoan nago; are gehiago, gertatu behar delakoan nago.

Euskaraldiak azken urteetan hausnarketa soziolinguistikoetan egositako hainbat ideia hezurmamitu ditu: hizkuntza berdintasuna, euskararen ulermena aktibo linguistiko bilakatzea, ahalduntzea, lehenengo hitza beti euskaraz egitea, euskarari eustea, elkarrizketa elebidunen erabilera... Ideia horiek zenbait sektoretan normalizatuta dauden arren, teorian behinik behin, berriak eta apurtzaileak izan daitezke beste batzuentzat. Izan ere, orain arte orokortuak egon diren hainbat aurreiritzirekin talka egiten dute.

Azken hilabeteotan Deustuko Unibertsitateko eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako hainbat ikasle hiztun berrirekin eta etxeko euskaldunekin mudantza prozesuen eta hizkuntza aktibazioaren inguruko ikerketa parte hartzaile bat bideratu dugu. Ikerketaren helburuetako bat izan da unibertsitateko testuinguruan hizkuntza aktibazio eta mudantzan eragiten duten faktoreak identifikatzea. Horretarako, besteak beste, ikasleek eurek aukeratu eta diseinatutako esperimentuak egin dituzte, hizkuntza-mudantza egoerak simulatuz. Deigarria egin zaigu esperimentuetan gazteek izan duten zailtasuna, hamaika aurreiritzi eta beldur tartean —ingurukoek zer pentsatuko, aurrean dutena deseroso sentiaraztea ekidin nahia...—, eta esperimentuak diseinatzean planteatu dituzten erronken neurri txikia —esaterako, euskal hiztunak diren klasekideekin lehen hitzak euskaraz partekatzea, nahiz eta gaztelaniaz jarraitu gero—. Aldi berean, harritu gaitu erronka txikien lorpenak sortu dien pozak. Egia da gazteek erronka linguistiko horiek Euskaraldiaren babesik gabe egin dituztela; baina egia da, era berean, Euskaraldian parte hartzen ari diren askok ere ez dutela inguruan ahobizi eta belarriprest franko, eta ikasleek bizi izandako bertigo sentsazioaren parekoa izango dutela.

Sinistuta nago Euskaraldiak gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan aurrerapauso kualitatibo eta kuantitatiboak emateko osagai egokiak ematen dizkigula: hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko, hausnarketa soziolinguistikoa abiatzeko, hizkuntza bizikidetzaren gaineko paradigma parekideago bat gizarteratzen hasteko, komunitate linguistikoa hazi, ikusarazi eta indarberritzeko... Halaber, badut kezka hipermilitantziatik egindako irakurketak ez duen larregizko indarra hartuko. Esaterako, ekimenaren diseinuan, ahobizi izateko, euskara ulertzen duten guztiekin eskatu dugu euskaraz mintzatzeko konpromisoa, eta hala ez izatekotan belarriprest rola hautatzeko deia egin da. Egia da ahobiziak eta belarriprestak, biak, jo ditugula funtsezkotzat, baina ez ote diogu belarriprestari ahobiziaren akuilu lana indartsuegi atxiki eta bere balizko rol aktiboa, ahobiziaren rola, bigarren planoan utzi? Ariketaren ebaluazioan ere larregizko kuantifikaziora jotzeko arriskua izan dezakegu, arreta hizkuntza ohituren aldaketaren neurrian jarriz.

Euskaraldiaren indar eraldatzailea euskararen alde egotetik euskararen alde egitera igarotzean dago, baina esango nuke igarotze horretan garrantzitsuena partaideek ekimenari aurkitu dizkioten esanahietan eta izan dituzten bizipenetan dagoela. Ariketaren gakoa euskaraz (ere) bizi nahi duen komunitatean eragin duen eraldaketa nahi eta ilusioan dago. Ulertu, mantendu eta elikatu ditzagun nahi eta ilusio horiek.

Entzutea, esaten hasteko lehen pauso

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxe bateko zerbitzaria, atzo, Donostian, bi bezeroren COVID ziurtagiriak egiaztatzen. ©JON URBE / FOKU

Ostalariek ez dute polizia (ere) izan nahi

Maddi Ane Txoperena Iribarren Ane Eslava

Atzotik, Euskal Herri osoan da indarrean COVID ziurtagiria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 lagunetik goitiko jatetxeetako langile eta bezeroek egun batetik bertzera egokitu behar izan dute neurrira
Otxarkoagako bizilagunak, protesta batean, asteartean. / ©Aritz Loiola, Foku

Betiko zerbitzua gura dute Otxarkoagan

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Kutxabankek astean egun bitara murriztu du Bilboko Otxarkoaga auzoan dagoen bulego bakarreko leihatila zerbitzua. Bizilagunek protestak hasi dituzte. Bankuek, oro har, Bizkaian, bulegoen %45 itxi dituzte azken hamabi urteetan. Kutxabankek dio erabilera gutxitu delako hartu dutela erabakia.

Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Pandemiak loa galarazi dit niri ere»

Ibai Maruri Bilbao, Bizkaiko Hitza

Miren Basarasek esan du txertoak «oso onak» izan arren, transmisioa eteteko neurriak ezinbestekoak direla. Uste du askatasunaren izenean txertoari uko egiten diotenak «berekoiak» direla.

Donostiako Antigua Auzoko Osakidetzako osasun zentroa. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ezin dugu martxa honetan segitu»

Oihane Puertas Ramirez

Lehen mailako arretako langileek salatu dute baliabideak falta zaizkiela. COVID-19a dela eta, osasun etxeetako lan karga «izugarri» handitu zaie, eta «gainezka» daudela sentitzen dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.