ARKUPEAN

Babesgabetasunaren alde

Mikel Elorza -

2018ko maiatzak 23
Ostiraletik aurrera indarrean izango da Europako araudi berri bat, pribatutasuna eta datuen babesaren ingurukoa. Zalaparta handiegia eragin gabe gertatzen diren horietakoa da kontua, gero gure bizimoduetan eragin handia izaten duena. Tema handia dago aspaldion datuen babesaren kontuarekin, herritarron pribatutasuna gorde eta babestu beharraren grinarekin. Pribatutasuna balio goren bilakatzen ari da, eta munduaren aurrean inoiz baino ageriago azaltzea ahalbidetzen duten teknologiak eskura izanik, bada arautu beharra dago.

Beti bezala, asmoaren alde azalduko naiz hasiera batean, eta inork gure datuak nahieran erabili ahal izan ditzanaren kontra, baina berehala hasiko naiz asmoari gibelak sumatzen. Eta esan dezadan garbi: irudipena dut batzuetan pertsonon datuak gehiago babesten dituztela pertsonak eurak baino. Datu batzuk, eta pertsona batzuk, noski baino noskiago.

Alde bi ikusten dizkiot auziari. Bata lehor xamarra da, eta egoista. Jarduera ekonomiko txikia daukanari, edo enpresa koxkor bat, edo elkarte bat ez da dena ekonomia, burokrazia handiagoa eskatzen dio honek, papergintza-ri denbora gehiago eskaini beharra bere jardunari baino. Aholkularitza espezializatuak sortzen dira —lehen prebentzio eta lan-arriskuekin gertatu bezala—, ordezkariak, hileroko kuotak eta batez ere betebeharrak. Denbora eta dirua. Eta beraz jarduera ekonomiko edo sozialak galgatzen dituzte (kultura elkarte baten betebehar fiskal eta paperezkoak eta sinadura elektronikoak eta... zenbat buruhauste!). Auzia ez da noski arautze hauen guztien kontra egitea: langileen eskubideak zaintzeak (amatasun kontuak datozkit burura, adibidez) jarduera ekonomikoari kalte egiten dion enpresariaren argumentuak erabiltzen amai baitezaket. Ez. Dena ez da libre. Baina, era berean, gehiegizko erregulazioak ito egiten du jendea, zenbait proiektu abiarazi edo mantentzeko nagitu —eta proiektu sozialak ditut buruan, ez enpresarialak—. Inori izena galdetzeko ere ohartarazpen legala egin beharko diogu datu horren erabileraren inguruan!

Baina beste alderdi bat ere badu, larriagoa, datu eta pribatutasunaren babesaren gezurraren ingurukoa. Datuak eta pribatutasuna gorde eta babestu nahi dira, justu kontrakoa bizi dugunean. Enpresa handiek gure datuak nahieran ibiltzen dituzte —araua Facebook-ekoa jakin baino lehenagokoa da—, eta etengabe moldatzen dute eskaintza datu horien arabera. Nire izen-deiturak eta dni zenbakiak eta beste ez dakit zenbat datu giltzapean gorde nahi dira, baina nire bizitza ohituren ingurukoak libre dabiltza. Eta horrek ernegatzen nau. Zeren eta egia esango dizuet, nire ordenadoreez arduratzen den enpresak, etxepeko administradoreak edo ez dakit zein elkartek (Gure Esku Dago, adibidez) nire datuekin egingo duenak ez dit beldurrik ematen. Bat ere ez. Izango da akaso katolizismoaren ponteko urek bustitako komunidadean hazi garelako, baina sozializazioak ez dit ikararik eragiten. Ikara eragiten didana da komunidadeko kide izan gabe erabiliko nauenak. Ezagutzen ere ez ditudanen bonbaketa eta kontrolak izutzen naute, nire deiturak jakin edo ez.

Eta gainera, hainbat daturen publikotasunerako arauak botatzen ditut faltan, ez babesekoak. Enpresa eta konpainia handienak, nortzuk diren, non dauden, zein diren haien diru eta negozioak, nola banatzen dituzten... horiek denak jakin nahi nituzke eta eskura izan. Baina ez, datu horiek benetan gordeta daude, arauen beharrik gabe. Arauak, soilik guretzat.

Paradoxa bikaina osatuz, Mediterraneoa nola edo hala gaindituta iritsi den errefuxiatuarena: Europako lurra zapaltzen duen unetik, bere datuek eskubide gehiago izango dituzte berak baino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna