Euskal presoak. Abenduaren 9a, Paris

Parisko giltzaren bila

Mollek eta Urteagak diote badaudela oinarriak Frantzian dauden euskal presoen egoera konpontzeko; Bidegainentzat, «uste baino konplexuagoa» izango da
Euskal presoen eskubideen alde Baionan eginiko manifestazio bat.
Euskal presoen eskubideen alde Baionan eginiko manifestazio bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu

2017ko abenduak 7
Aste honetatik aurrera Frantzian dauden euskal presoen egoera aldatzen hasiko den «susmoa» daukate Eguzki Urteaga EHUko soziologia irakasleak eta Beatrice Molle kazetariak —ETAren armagabetze prozesuan Luhuson atxilotu zuten; bera zen etxearen jabea—. Diotenez, azken hilabeteetan nabaritu dute Parisek aldaketa batzuk egin dituela espetxe politikan. «Ez hain baikor» mintzo da Eneko Bidegain kazetari eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Gai honetan Espainiara oso lotuta ikusten du Frantzia. Aieteko Adierazpenaz geroztik Ipar Euskal Herrian presoen auzian eginikoak aztertzeko, Urteaga, Molle eta Bidegainekin izan da BERRIA.

Optimistak dira aurreneko biak. Urteagaren irudiko, hurrengo aste eta hilabeteetan Frantziak «jarraituko» du espetxe politika «malgutzen», eta Mollek uste du «denbora kontua» izango dela aurrerapausoak ikustea. «Badirudi disensiorako borondatea dagoela, baina goizegi da balizko aldaketak baloratzeko. Lehen fasean gaude. Agendaren lehen lerroan daude urgentzia handiena duten gaiak: presoak hurbiltzea, gaixo daudenak eta baldintzapean libre gera daitezkeenak askatzea, eta DPS erregimena amaitzea».

Orain artekoez, hauek azpimarratu dituzte Urteagak eta Mollek: gaixo dauden bi preso —Lorentxa Gimon eta Oier Gomezi— baldintzapean askatu izana, Luhusoko operazioan atxilotutakoak libre utzi izana, eta, bereziki, aurtengo azaroan batzorde bat sortu izana Frantziako Gobernuaren eta Ipar Euskal Herriko eragileen artean eta zazpi euskal presori kendu izana arrisku handiko presoei jartzen dieten DPS estatusa —besteak beste, gradu aldaketak zailtzen ditu—.

Aurrera begirako bidea «luzea» izango dela ohartarazi du Mollek, eta pauso azkarrak bainoago «urrats sendoak» beharko direla. «Ezinbestekoa da aintzat hartzea errealitate printzipioa: Frantziako errealitate soziologikoa eta politikoa. Konbentzimendu lan handia egin behar da han». Gobernu aldaketa ere aipatu du, eta datozen bi urteak gako izango direla. «Denbora horretan, sartu behar da euskal gatazka Macronen agendan».

Bidegainek, berriz, ez du ikusten baikor egoteko arrazoi askorik; azpimarratu du estatuek ez dutela «urrats adierazgarririk» egin. «Duela sei urte, Aieteren ondoren galdetu izan bagenu nola egongo ginen orain, aurreikuspen txarrenetan ere ez genuke asmatuko». Aurrera begira, haren susmoa da «uste den baino konplexuagoa» izango dela presoen auzia bideratzea, «ez badago azpitik zerbait garrantzitsua». «Zantzurik ez dut ikusi. Frantziak erraza zuen keinuren bat egitea: 30 urte baino gehiago preso egin dutenekin, adibidez. Oso aspaldikoa da eskaera hori».

Beste kultura politiko bat

Gertaera zehatzetatik haratago, Urteagarentzat «prozesua» da esanguratsuena. Azpimarratu du 1990eko hamarkadatik Ipar Euskal Herrian «gobernantza eredu berri bat» praktikatu dela eta horrek konplizitateak sortu dituela alderdi guztien artean eta erakunde publiko eta gizarte zibileko ordezkarien artean, «bai erakundetzean, bai bakegintzan». Adibide gisa jarri ditu 2014ko urriko Baionako Adierazpena eta Luhusoko polizia operazioa salatzeko eginiko mobilizazio bateratuak. Luhusokoa «mugarri» izan zen, haren ustez. «Hortik landa, Frantziako Estatuak ulertu zuen komeni zitzaiola estrategia propioa garatzea, eta ez Espainiari jarraitzea».

Mollerentzat ere «armagabetzeko bideak» azaltzen du egungo egoera. «Aieteren ondoren, Frantziak kezkak agertu zituen —oso lotua baitago Espainiari—. Baina ETAren armagabetzea gauzatu zen moduak fase berri bat ireki du. Orain, politikariei dagokie presoen auziari heltzea».

Gertaeren atzean pertsonak daudela nabarmendu du Mollek. Eta bakegileen artean bi nabarmendu ditu: Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberri. «Aurretik ere ezagunak ziren beren kultura bakezalearengatik eta militanteagatik. Harreman oso onak dituzte Euskal Herriko eragileen artean eta Frantzian». Azpimarratu ditu haien «konbentzimendua, antolatzeko gaitasuna eta besteak erakartzeko abilezia». «Alderdiak pragmatikoagoak dira. Haiek mugitu dituzte politikariak, izan dira hauspoa».

Politikarien artean, berriz, hiru izen aipatu ditu Mollek. Batetik, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez zentrista eta Frederique Espagnac senatari sozialista. Azaldu du Etxegarai hasieratik egon dela konprometituta eta «haren gisako pertsona batek» zilegitasun handia ematen diola prozesuari. Espagnacen lana, berriz, «oso garrantzitsua» izan dela dio; «bereziki, Hollanderen gobernuarekiko harremanetan; Aietera begira, eta ondoren». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren rola ere azpimarratu du Mollek. «Rajoyrekin izandako harremanengatik. Armagabetzean, egiten uztea lortu omen zuen harengandik; eta Espainiak nola jokatzen duen ikusita, ez da gutxi».

Urteagak lerro batzuk lehenago aipatu bezala, Bidegainek gogoratu du eragileen arteko elkarlana ez dela berria, baina sendoago ikusten du orain. «Aieten baino dezente aurretik lan bat egin zen presoen alorrean, abertzaleen aldetik bereziki, eta PS eta UMPkoekin». Eta «Aietera bidean» gertaera bat nabarmendu du: Aurore Martinen euroaginduaren auzia (2010-2012). Dena den, Bidegainen ustez, batasun hori gehiago da barne kohesiorako tresna Frantziaren erabakietan eragiteko baino. «Parisek historikoki ez dio kasu egiten Ipar Euskal Herriko gehiengoari; azkenean, beti ezartzen du bere ikuspegia». Eta azpimarratu du presoen gaian are nabarmenagoa dela hori. «Frantzia beti egon da oso lotuta Espainiara. Eta ez bakarrik euskal auzian: badaude beste interes batzuk bi estatuen artean».

Beste bi solaskideak baino zuhurrago mintzo da, beraz, Bidegain. Haren ustez, «errazagoa» zen Frantziaren inplikazioa armagabetzean. «Bere menpeko lurraldeetan zeuden armak; ez zuen Madrilen baimenik behar. Bere afera zen». Ez, ordea, presoena. «Espainian egin edo leporatutakoengatik daude preso Frantzian. Nolabait, Madrilgo gobernuak dauka haien gaineko agintea».

Gainera, Bidegainek azpimarratu du «halakoetan» Europako estatuek beti babesten dutela elkar. «Parisentzat beti izango da Espainiaren barne arazo bat. Iraganean, agian, aukera gehiago izan zituen baldintza batzuk jartzeko; adibidez, Espainiak Europako Batasunean sartu nahi zuenean [1985ean lortu zuen hori]; baina, egun, berdinen arteko harreman bat dute, eta ez dute euren arteko gatazkarik nahi».

Neurri batean bat dator horrekin Urteaga. Berak ere atzera egin du. Gogoratu du 1984az geroztik Frantziak bere jarrera lerratu zuela Espainiakoarekin. Baina adierazi du Hollanderen lehendakaritzapean agertu zirela «lehen inflexioak»; bereziki, Christiane Taubira Justizia ministro zelarik, «nahiz eta diskurtsora mugatu».

Urteagaren ustez, 2016ko abenduan hasi zen egoera «benetan aldatzen», Luhusoko operazioaren ostean, zehazki. «Hortik aurrera, Frantziako Estatuak horrelako gertakari bat ez errepikatzea nahi zuen eta, horretarako, interlokuzio bat hasi zuen, bai eragile sozialekin, bai ordezkari politikoekin». «Horrek bultzatu du Frantziako Estatua bere jarrera aldatzera, baita presoen auzian ere».

Orain, nahiz eta gobernu aldaketa egon, «politika berari» eutsiko diotelakoan dago; «besteak beste, solaskide serioak aurkitu dituztelako eta, batez ere, komeni zaielako gatazkaren ondorioei aterabide azkar bezain onargarri bat aurkitzea». Mollek ere uste du Frantziak «distantzia hartuko» duela Espainiarekin. «Ohartu da azken horren jarrera intransigenteak arazoak konpondu ez baizik areagotu egiten dituela. Argi geratu da Kataluniako auzian, eta, Euskal Herrian, bakegintzan». Bidegainentzat, Kataluniakoak, hain justu, erakusten du nola babesten dituen Frantziak Espainiaren interesak.

Oztopoak eta erritmoak

Urteagaren arabera, datozen hilabeteetan ondo neurtu beharko dituzte denborak eta erritmoak prozesuan inplikatutako eragileek. Uste du Frantziako Gobernuak «pixkanaka» hartuko dituela neurriak, eta ez duela nahiko oihartzun mediatiko handirik, «Espainia egoera deserosoan ez jartzeko». «Baina geroz eta zailago izango zaio Madrili espetxe politika berarekin jarraitzea, eta haren intransigentzia geroz eta agerikoagoa izango da. Arazoa da Espainiako Estatuak urteak eman ditzakeela espetxe politikan aldaketak egin gabe».

Nolanahi den, hirurek uste dute armagabetzeaz geroztik handitu egin dela euskal gatazkaren oihartzun mediatikoa Frantzian. «Baina asko erlatibizatu behar da hori», ohartarazi du Bidegainek. «Lehen ere egon dira interes handiko garaiak: bereziki, GALen garaian, IKren garaian... Baina euskal auzia gutxitan heltzen da Frantziako komunikabide handien agendetara; txikia da eragina, korsikarrekin konparatuta, adibidez». «Egun bateko kontuak izaten dira. Are gehiago egun albisteek ibiltzen duten abiadura ikusita», gaineratu du kazetari lapurtarrak.

Mollek Espainiako komunikabideetan jarri du arreta. Azpimarratu du Espainiako agintariek eta komunikabide nagusiek ez diotela kasurik egiten Frantzian gertatzen ari denari. «Baina neurtutako axolagabetasun bat da hori», dio. «Hobe da jarrera hori lehen zutena baino; duela ez asko, esango zuten izugarrikeria bat dela hautetsien jarrera, DPS estatusa kentzea zenbait presori...».

Mollek uste du Frantziako Gobernuak urratsak egingo balitu Espainiakoak bere burua «behartuta» ikusiko lukeela aldatzera. «Gatazka bera dute, eta batek besteak egiten dituen urratsak begiratzen ditu; jakinaren gainean daude. Baina Rajoyrekin ez da motiborik baikorrak izateko; ea zer gertatzen den Espainian datozen urteetan».

Bi herrialdeen artean ezberdintasun nabari bat baldin badago, hori biktimen alorra da, Molleren arabera, eta horrek justizian duen eraginaz mintzatu da. «Nazioarteko beste konponbide prozesuek erakusten dute indarrean den zuzenbidea gainditu behar dela; bide berriak urratu behar direla. Neurri horiek ez doaz biktimen errespetuaren aurka».

Molleren irudiko, horrek kontzientzia aldaketa bat eskatzen du hainbat esparrutan; bereziki, justizian. «Gorrotozko jokabideak amaitu behar dira. Zilegi da biktimen herra, baina hori ezin da ardatza izan». Uste du Frantziako Estatuan errazagoa gerta daitekeela aldaketa, «gatazkak ez duelako hain gogor jo». «Jarrera neutralago bat izan dezake; horregatik da posible urratsak egitea».

Baina bidea «eginez» erakutsi behar dela azpimarratu du Mollek. «Erakutsi behar da ez dela abertzaleen kontu bat bakarrik; ez dela preso batzuen arazoa». «Gatazka politiko bat dago, eta hori konpontzea elkar ezagutzea da; bizikidetza ona da herritar guztientzat, baita frantziar ikuspegi batetik ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria