Kataluniako erreferenduma

Igandean bozkaleku publikoak ixtea agindu du Justizia Auzitegi Nagusiak

Mercedes Armas epaileak hartu du erreferendumaren aurkako instrukzioa, fiskala baztertuta

Alkate gehiago igaro ziren atzo Kataluniako Fiskaltzatik. Q. GARCIA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak agindua eman du: datorren igandera arte Mossos d'Esquadrak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak eraikin eta lokal publikoak kontrolatu beharko dituzte erreferendumarekin zerikusia duten ekintzak eragozteko, eta, igandean bertan, eraikin publikoetan bozkalekurik ez irekitzea bermatu beharko dute; irekiko balira, itxi egin beharko dituzte. Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako fiskal nagusiak eskolak zigilatzeko agindu zien herenegun hiru Polizien buruzagiei, baina Josep Lluis Traperok «agindu judizial bat» eskatu zion atzo. Bada, Mercedes Armas epaileak hagitz denbora gutxira jakinarazi zuen erabakia, eta, horrez gain, fiskaltzari agindu zion ez hartzeko neurri gehiago urriaren 1eko erreferendumari dagokionean, ikerketa osoa Armasek hartuko baitu bere gain.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak herenegun eskutitz bidez eskatu zion Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari fiskala «berehala» kentzeko erreferendumarekin zerikusia zuten auzien arduratik. Independentistek eta errepresioarekin kezkatuta dauden bertze sektoreek azken egunotan salatu dute dagozkion botereak gainditu dituela fiskaltzak, hartu dituen debeku neurriekin. Hala ere, epaileak erreferenduma eragozteko zuzenean esku hartzea agindu die mossoei, Espainiako poliziei eta guardia zibilei; hortaz, datozen egunotarako jokalekua marraztuta utzi du.

Armas epailearen agindua jakin aitzinetik argitaratu zuten mossoek Traperok Romero de Tejada fiskalari emandako eskutitza. Bertzeak bertze, Traperok ohartarazi zion bozkalekuak ixteak «desiragarriak ez diren ondorioak» ekar ditzakeela. Ondorio horien artean legoke «ordena publikoa urratzeko arrisku jakina». Horregatik, Traperok nabarmendu zion poliziek «egokitasunaren proportzionalitatearen eta kongruentziaren» arabera jokatu beharko luketela erreferendumaren auzian.

Orain arte, fiskalak agindu ditu erreferenduma eragozteko debeku eta errepresio neurri gehien-gehienak, Auzitegi Konstituzionalak galdeketari ezarritako behin-behineko debekua oinarri hartuta. Bere aginduetara paratu zituen mossoak, eta Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin koordinaziorako batzar bat sortu zuen. Astelehenetik, koordinazio horren ardura Barne Ministerioari emana dio —Diego Perez de los Cobos Guardia Zibileko koronelari, zehazki—. Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak badute lehendik ere Polizien koordinaziorako organo bat ezarria; Puigdemontek bilerara deitu du hori, gaurko.

Sedizio salaketa, tramiterako

Espainiako Auzitegi Nazionalak ere bertze fronte judizial bat ireki du erreferendumaren auzian, tramiterako onartu baitu auzitegiko fiskalak joan den asteko manifestazioengatik aurkeztutako sedizio salaketa. Fiskalak zuzenean akusatu ez bazituen ere, salaketan Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa aipatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.