Albistea entzun

Aritzakun eta Urritzate: Baztango ibar galduak

Baztan aldean ezkutatuta daude Aritzakun eta Urritzate; bi ibar ezezagun horiek altxor ugari gordetzen dituzte.

IKER FRIAS -

2007ko urtarrilak 20

Aritzakun eta Urritzate haranak Baztango Udalerrian daude (Nafarroa), baina mendiengatik Baztandik kanpo daudela dirudi. Baztan aldeko ipar-ekialdean daude, eta muga egiten dute Itsasu (Lapurdi) eta Bidarrai (Nafarroa Beherea) herriekin.

Bi ibar horiek ibarrei izena ematen dieten bi errekak zeharkatzen dituzte: Aritzakun eta Urritzate errekek. Bi ibarren artean, Gorramendi mendigunea dago, eta mendigunearen bi aldeetan sortzen diren baserreka txikiek bat eginda sortzen dira aipatutako bi errekak. Hasieran, baserrekek leku malkarretatik egiten dute beren bidea ibarren ondoraino iritsi arte.

Bide horretan zehar hainbat baserreka batuta sortzen dira, beraz, Aritzakun eta Urritzate errekak. Gero, ibarren amaieran, Sumusuko Borda inguruan, bi errekak elkartzen dira, eta Bastan erreka sortzen da orduan (eta ez Baztan). Ondoren, Errobi ibaira isurtzen ditu euren urak Bastanek.

Aritzakun eta Urritzate mendiz inguratuta daude, eta, lehenago erran bezala, Gorramendi mendiguneak banatzen ditu bi haranak. Mendiek alde guztietatik inguratzen dute Aritzakun: Lizarzu (793 m) eta Antsestegiko (800 m) mendiguneak mendebaldean, Hartzamendik (926 m) iparraldean eta Gorramendiko mendiguneak hego eta ekialdean. Urritzate tamainaz txikiagoa da, eta bi mendigunek inguratzen dute soilik: Gorramendikoak hego eta mendebaldetik eta Iparlakoak (1.044) ipar eta ekialdetik.

Baso ugari dago bi ibarretan. Mendi garaienetan pagoak dira nagusi, eta ibarren ondoan, berriz, haritzak eta gaztanoindoak daude, batez ere. Bi ibarrak alderatuta, Urritzatek du baso gehien, ia ibar guztia basoz estalia baitago. Aritzakunen, berriz, gizakiaren presentzia handiagoa izan denez, basoen artean zelaigune batzuk tartekatzen dira.

Ingurua basoz estalia dagoenez, basapiztia mota asko daude bertan, baina egun-argiz oso zaila da baten bat ikustea. Ugaztun handiei dagokienez, oreinak, basurdeak eta orkatzak bizi dira Aritzakun eta Urritzateko basoetan. Ugaztun txikiei dagokienez, berriz, azeria, lepatxuria, urtxintxa, muxar grisa, azkonarra eta basakatua bizi dira inguru honetan, besteak beste.

AZKENEKO BASERRIAK. Garai batean Aritzakunen eta Urritzaten baziren baserri ugari, eta denetan bizi zen jendea. Baserrietako haurrak eskolara joateko, Aritzakungo erdialdean eskola eta pilotaleku bat eraiki zituzten, oso zaila egiten baitzen egunero Arizkun edo Erratzu herri hurbilenetako eskoletara joatea.

Gaur egun, ordea, ia baserri gehienak utziak daude, eta lautan bakarrik bizi da jendea: Burkaitzean, Itsusiko Bordan eta Lezetan Aritzakunen eta Bidegorrietan Urritzaten. Ibar horretan, adibidez, 25 familia bizi izan ziren joan den mendean; egun, berriz, Bidegorrieta baserrian bakarrik bizi da norbait.

Baztan eta Aritzakun lotzeko errepidea AEBetako armadak eraiki zuen, 1950eko hamarkadan. Gorramendiko gainean iparramerikarrek base militar bat eraiki behar zutenez, basea errepide nagusiarekin lotzeko, 10 kilometroko mendi errepide bat egin zuten Otsondoko mendatetik (580 m) Gorramendiraino (1.074 m). Horrela, Aritzakunera eta Urritzatera autoan joateko aukera zabaldu zen orduan.

ALKAXURI EDO IRUBELAKASKOA (967 M). Mendi asko daude igotzeko Aritzakunen eta Urritzaten, baina inguruan dauden mendien artean Alkaxuri edo Irubelakaskoa mendia da gailur garrantzitsuenetakoa eta ikusgarrienetakoa. Nafarroako Gobernuak, haren aberastasun ekologikoa babesteko, erreserba natural izendatua dauka. Mendiak bi izen izateko arrazoia da baztandarrek eta Iparraldekoek izen bana erabiltzen dutela. Baztandarrek, Alkaxuri, eta Iparraldekoek, Irubelakaskoa. Iparraldekoena hedatu da, batez ere, azken urteetan.

Alkaxurira bi bidetatik igotzen da, oro har. Ibilbide errazena Gorramakiletik (1.080 m) abiatzen da. Han autoa utzita, Gorramendiko mendigunea hegoaldetik iparraldera zeharkatu behar da, gain guztiak iraganez. Bigarren bidea, berriz, Aritzakundik doa, eta bide hori gogorragoa da, Aritzakundik aldapa malkartsua igo behar delako. Bide bat edo bertzea aukeratuta, bukaeran toki berean amaitzen da ibilbidea: Alkaxuriko gain harritsuan.

Handik, Aritzakun eta Urritzate ibarrak oso-osorik ikusten dira, eta Gorramendiko mendigunearen azkeneko mendia izanik, bi errekak eta ibarrak elkartzen diren tokia ere ikusten da. Mendia oso harritsua denez eta mendiaren alboetan amildegi handiak daudenez, kontu handiarekin ibiltzeko gomendatzen dute mendigoizaleek.

 

Megalitoak eta urrezko meak

Gaur egun Aritzakunen eta Urritzaten ia inor ez da bizi, baina historiako hainbat garaitan utzitako arrastoek adierazten dute kontrakoa izan dela lehenago. Historiaurreko megalito anitz badira inguruko mendi kasko eta lepoetan. Horien artean, garrantzi handia dute Amabirjinei Arpea deituriko lepoan daudenak, Gorramakil eta Alkaxuri artean. Lepo horretan, Eneolitiko eta Brontze Aroko zazpi trikuharri daude.

Bertzalde, Aritzakunen, Itzulegi eta Aritzakungo Eskola artean, meatze batzuen arrastoak ikusten dira mendi errepidearen bazter batean. Eremua nahiko utzia dago, landarediak ia guztia hartu du, baina oraindik meatze lanen arrastoak ikus daitezke. Kondairaren arabera, meatzaritza arrasto horiek erromatarrek egin zituzten, eta handik urrea ateratzen omen zuten. Ez dago deus frogatuta, baina erromatarrak hemen ibili izana posible litzateke, Urritzaten Bidarrai (Nafarroa Beherea) eta Erratzu (Baztan) lotzen zituen galtzada erromatar baten arrastoak baitaude.

 

Itsusiko harriak, sai arreen bizitoki

Itsusiko harriak (720 m) Nafarroa Behereko mugan daude, eta sai arreen (gyps fulvus) kolonia handi bat bizi da han. Harriak oso malkartsuak direnez, Itsusiko harrien artean bizileku egokia aurkitu dute sai arreek. Toki hori habiak egiteko erabiltzen dutenez, sai arreen txitek ez dute harraparien beldurrik.

Sai arre asko bizi dira Itsusiko harrietan, eta goizero, ikuskizun paregabea eskaintzen dute bizitokiak utzi eta janari bila joateko aireratzen direnean. Une horietan, saiek behetik hegan egiten dute, eta sai arreen edertasuna eta handitasuna hurbiletik ikusten ahal da. Sai helduek sei kilotik gora pisatzen dute, eta hegan dabiltzanean, haien hegalak erabat luzatuta 260 zentimetroko luzera hartzen dute.

Horretaz gain, inguru horretan, hegazti handi mota gehiago ikusten ahal dira. Bertzeak bertze, miru gorria, miru beltza, belatza, sai zuria eta ugatza. Azken biak ez dira bertze tokietan erraz ikustekoak, baina Aritzakunen eta Urritzaten ikus daitezke.

 

aritzakun-uritzate GIDa

Nola iritsi. Bi bide nagusi daude Aritzakun eta Uritzatera iristeko. Elizondotik N-121.B errepidea hartu behar da Dantxarineako norazkoan, eta Otsondoko mendatean, eskuinetara hartuta, Gorramendiko mendi errepidea hartu behar da. Zortzi km ondoren Itzuliko lepora iristen da errepidea, eta handik, ezkerreko bidea hartuta, Aritzakun eta Urritzaten barrena segitzen du mendi bideak. Bidarraitik Aritzakunera doan bidea jarraitzea da bertze aukera.

Non jan. Aritzakunen bi jatetxe eta taberna daude: Burkaitzeako eta Lezetako bentak.

Argibideak eskatzeko. Elizondoko turismo bulegoan. Telf: 948 581 279.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.