Koronabirusa

Espainiak urtarrilean abiatuko du txertaketa kanpaina, hiru fasekoa

Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
2021eko urtarrilean ekingo dio txertaketa kanpainari Espainiako Gobernuak, atzo Salvador Illa Osasun ministroak azaldutakoaren arabera. Txertaketa hiru fasetan egingo da. Urtarril eta martxo artean txertatuko dituzte zaharren egoitzetako egoiliarrak, bertako eta osasungintzako langileak, eta egoitzetan ez dauden baina menpekotasunen bat duten pertsonak. Martxo eta ekain artean izango da bigarren fasea, eta dosiak «progresiboki» haziko direla azaldu zuen ministroak. Hirugarren faserako datarik ez du eman, baina biztanleriaren gehiengora heltzeko asmoa dute.

Maiatzerako 10 milioi lagun txertatzea espero du Illak, eta luzera begira, Espainiako Estatuko biztanleria osoaren %75 —35 milioi lagun, alegia—, Fernando Simon Osasun Ministerioko bozeramailearen arabera .

Gainerako txerto guztien kasuan bezala, COVID-19arena ere ez du derrigorrean ezarriko Espainiako Gobernuak. Hori horrela izanda ere, txertaketa datu altuak jasotzen direla adierazi zuen ministerioak. Batez ere, haurren artean jasotzen dira datu horiek, baina aurten nagusien artean ere kopuruak gora egin dutela ondorioztatu zuen; hain zuzen ere, gripearen txertaketa kanpainan 14 milioi herritar txertatu dira.

Espainiako Gobernuak txertoa jartzearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, uste du txertoaren «onarpen masibo» batek irekiko duela birusa behin betiko gainditzeko atea. Ez du baztertzen jendea txertatzera derrigortzea esperotako emaitzak ez badira jasotzen.

Frantziako Gobernuak ere txertaketa kanpaina abiatu nahi du. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak atzo iragarri zuen abenduaren 20tik aurrera hasteko asmoa daukatela.

«Estrategia txerto ezberdinekin aritzea izanen» dela segurtatu zuen. Hala, abenduaren erdialderako iritsiko den txertoarekin adineko jendea txertatuko dute, lehentasunez. Ondoren, «datorren udaberrirako bestelako txertoak» iritsiko direla segurtatu zuen. Dena dela, autoritate sanitarioen onespena «itxoingo» dutela esan zuen.

Bestalde, segurtatu zuen txertoa egitea ez dela «derrigorrezkoa» izanen. Kontseilu Zientifiko bat osatuko du Macronek txertoaren segipena egiteko, eta herritar talde bat ere batu nahi du, txertoa «ahal bezain bat jendek»egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.