Koronabirusa. IRITZIA

Koronabirusa anbulantzietan

Mikel Rubio Somoano
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan eragin duen krisialdiaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpikontratutako Gipuzkoako Ambuiberica anbulantzietako teknikariok prekaritate egoeran gaudela salatu nahi dugu. Material gabezia dela eta, geure burua zein gaixoak babesteko premia larrian gaude; izan ere, gu kutsaturik egon gaitezke inongo sintomarik antzeman gabe eta gure inguruan dauden gaixo eta lagunak kutsa ditzakegu.

Honez gain, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakietan argi eta garbi ikus daiteke bigarren mailako langiletzat hartzen gaituztela; protokolo guztiak ez baitira berdin aplikatu ospitale eta anbulantzietako langileentzat. Honen lekuko, Hernaniko Anbulatorioan gertatutakoa, non handik pasatako gaixoari ospitalean egindako proben emaitzak jakin arte, bertako egoitza itxita egon zen eta anbulantziako langileak, ordea, bere lanaldia bukatzerakoan etxera bidali zituzten emaitzak ezagutu gabe.

Egoerak txarrera egin duenetik 15 lagun berrogeialdi egoeran ditugu, beste bi kutsatu dira eta isolamendu egoeran daude eta beste bat proben zain dago. Kutsatzeko unean edo esposizio momentuan, ustez, koronabirusa ez zuten gaixoekin ari ziren lanean askotan.

Maskararik gabe ari gara lanean eta maskara dutenek 12 orduz etengabe erabili behar dute hau, ez baitute besterik edota gaixoei zuzenean eman behar dizkietelako. Soilik bi jantzi ditugu anbulantzia bakoitzeko, neurri bakarrekoak eta guztiz osatu gabekoak. Honekin batera, EAEn 4 anbulantzia daude guztira honako larrialdiak artatzeko, ondorioz guk ere gainezka egin dugu ez dagozkigun irteerak eginez. Gainera larrialdi arruntetan ez dakigu pertsona kutsatua dagoen ala ez, horregatik dira hain garrantzitsuak gure babes neurriak.

Enpresak ez du bere gain hartu nahi erantzukizuna eta ardura, hornitzaileek bere eskaerak betetzen ez dituela argudiatzen du soilik, baina krisi honek eztanda egin baino lehen materialen falta genuen, ez da gauza berria. Lankide askok ez zuten ezta babes indibidualerako ekipamendu arruntak.

Arazo larri baten aurrean gaude, izan ere, gu ez bagara babesten jendea ez dugu babesten eta kutsa dezakegu hurrengo pazientea. Edozein larrialdietara joaten garenean, ez bakarrik koronabiruseko kasuetara, ez dakigu paziente horrek koronabirusa duen ala ez, eta gu ez bagaude guztiz babestuak kutsatu dezakegu pertsona hori edo beste abisuetan artatzen ditugunak. Kasu hauetan etxean geratzeak ez du ezertarako balio, gu bihurtzen baikara kutsatzaile eta katea ez da eteten. Gainera, anbulantzietako teknikariak kutsatzen diren neurrian, gero eta langile gutxiago egongo gara prest eguneroko lanean tinko ibiltzeko.

Bestalde, protokoloak eta araudiak ateratzen diren heinean berrogeialdira pasatzeko baldintzak aldatzen joan dira. Atzo, positibo batekin harremanetan egotean eta kutsatzeko arriskuan egonez gero, berrogeialdi egoerara pasatzen ginen. Orain, ordea, sintomak agertu arte lanean jarraitzen dugu. Horretaz aparte, informazio falta dugu. Langileok geure burua arriskuan dagoela sentitzen dugu eta arazoaren irtenbidea izan nahi dugu, ez arazoa.

Anbulantzietako langileok deia egin nahi diogu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, egoera honetan parte hartzeko eta irtenbidea ahalbidetzeko. Hau da, azpikontratatutako anbulantzia enpresetako langileoi ganorazko eta segurtasunezko lana burutzeko ezinbesteko baliabideak eta lanabesak bidaltzeko lehenbailehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.