'Armada errebeldearen' hamaikagarren gudaldia

Cork City Irlandako Lehen Mailako futbol taldeak gorabehera asko izan ditu 1984an sortu zutenetik, baina beti lortu du aurrera egitea. Hein handi batean, zaleengatik izan da. Horren adibide da jarraitzaileak direla klubaren jabeak.

Cork City taldeko jarraitzaile batzuk. IÑIGO BASAGUREN-DUARTE.
Cork
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk izan zen, Turner Cross futbol zelaian, Irlandako Cork hirian. Giroa ez da atsegina. Etengabeko euri zaparradak blai eginda utzi ditu zaleak, eta termometroak lau graduko tenperatura adierazten du. Amaitzear da lehen zatia, eta kanpoko taldea, Finn Harps, aurretik jarri da. Denboraldiko laugarren jardunaldia da, eta etxeko taldeak, Cork Cityk, ez du irabazi orain arte. Lehen Mailako azken postuan da, eta ez du ematen zulotik erraz aterako denik. Egoerak beti okerrera egin dezakeenez, gola sartu dieten jokaldian atezainak izugarrizko kolpea hartu du, eta hamar minutu dira area txikian sortu den lokatzezko putzuan botata dagoela. Porlanezko harmailan, ehunka gaztek kantari jarraitzen dute, euriari eta haizeari aurre eginez. Lokatzez beterik dago zelaia, eta epaileak balio gabe utzi du kanpokoen gola. Orduan, etxeko taldeak atezaina aldatu du.

Zaila dirudi Corkek partida iraultzea. Baina ez da ezinezkoa, taldeak egoera gogorragoei egin behar izan baitie aurre sortu zenetik. Cork City Brian Lennoxen Fish and Chips dendan sortu zen, 1984an. Mota horretako hiriko dendarik ospetsuena zen. Hasieratik, Lennox izan zen klubaren buru. Zaleak pozik zeuden kudeaketarekin eta emaitzekin, bereziki milurteko berriko lehen urteetan lortutako garaipenekin: Liga eta Kopa irabazteaz gain, bost urtez jarraian sailkatu zen Cork City Europan lehiatzeko. «Nork behar du Abramovitxik? Hiriko patata frijituen saltzailerik onena daukagu!», zioten zaleek.

Baina, hamarkada loriatsu baten ondoren, klubak arazo larriak izan zituen. 2006an, Arkaga izeneko inbertsio taldea klubaz jabetu zen. Historia aski ezaguna da: promesa askorekin heldu, eta bat ere ez zuen bete. Gainera, klubeko zorrak gora egin zuen, eta urtebeteren buruan 1,3 milioi eurokoa zen. Klubak ezin zituen soldatak ordaindu, eta 2010ean kluba desjabetu zuten. Irlandan biztanle gehien dituzten hirietako hirugarrenaren taldea desagertzear zen.

Baina hirian ez zeuden etsitzeko prest. Izan ere, Cork konderri errebeldea izan da beti.XVI. mendean, Corkeko jauntxoek erresistentzia handia jarri zioten ingelesek egin nahi zuten kolonizazioari, eta, 1601ean, azken batailaren lekuko izan zen. Tropa ingelesek garaipen garrantzitsua lortu zuten, eta hasiera eman zioten Irlandako uhartearen dominazio osoari. Garai hartan jaso zuen Corkek errebelde ezizena, erakutsitako erresistentziagatik. Hala ere, garai ezagunena aurreko mendean iritsi zen, IRAren borrokan plaza garrantzitsua izan baitzen Cork. IRAk hiru brigada zituen konderrian, eta horietako batek Kilmichaeleko segada egin zuen 1920ko azaroan. Irlandaren independentziaren aldeko matxinadan mugarri izan zen. Mendeku moduan, britainiarrek su eman zioten hiriari. Gerra bukatuta, akordioa izan zen, eta horrek uhartea eta IRA zatitu zituen. Orduan ere, errebeldeen brigadarik jendetsuenak eta aktiboenak Corkekoak izan ziren.

Cork hiriko Lehen Brigada

Ukaezina da, beraz, Corkeko biztanleek odolean daramatela errebeldiaren sena. Hala, beren identitatearen sinbolo zen futbol taldea diru goseak irentsita desagertu egin behar zela ikustean, protestak hedatu ziren hirian zehar, eta zaleak irtenbide baten bila hasi ziren. Ezin zuten beren bihotzeko kluba desagertzen utzi. FORAS (Friends Of the Rebel Army), elkartea sortu zuten, zaleen partaidetzarekin, eta 2010ean, kluba desjabetu zutenean, Auzitegi Goreneko epaile batek elkarte hori egin zuen klubaren jabe, «klubak hiriko komunitatearentzat zuen garrantzi sozialagatik». Cork City ez zen desagertu, eta jokatzen segitu zuen, Bigarren Mailatik hasi behar izan bazuen ere.

Lorpen horrekin ez zioten, hala ere, amaiera eman ibilbideari. Epaia iragarri eta hamar egunera, denboraldi berria hasi zen. Klubaren jabe ziren zaleek taldea osatu behar zuten: baita lortu ere. Hamar egunen buruan, Derryra bidean ziren, hamahiru jokalari gazterekin. Partida hura berdindu ondoren, kluba berregiteari ekin zioten hainbat zaleren boluntario lanari esker. Ordutik hona, liga bat eta bi kopa irabazi dituzte, baita klubaren sustraiak hirian sendo errotu ere.

Partida bukatu da Turner Crossen. Cork Cityk lehen garaipena lortu du, 55. minutuan sartutako gol bati esker. Zoramena nagusitu da harmailan. Zaleak ez dira isildu, ezta neurketa bukatu ondoren ere. Atertu egin du, eta First Cork City Brigade zale taldeko kideak harmailako kanten gidari daude, beren bi ikur nagusien aurrean zutunik: LGTB kolektiboaren ortzadarraren koloreekin atondutakoa eta kaskezur bat daraman ikurrin bat. Lehenengoak FCCB ultras eta Love is free leloak ditu serigrafiatuta; besteak, 1st Cork City Brigade. Jokalariak aldageletan dauden bitartean, klubeko zeregin desberdinetan ari dira zale asko: zelaia atondu, partida osteko elkarrizketak egin eta materiala batu, besteak beste. FCCB Taldea orain hiru urte sortu zuten, eta guztiz inplikatuta dago bai harmailan, bai Cork hiriko kaleetan. Mezu antifaxista argi batekin, komunitatearen aldeko lana egiten dute futbolarekiko pasioa aitzakiatzat hartuta. Armada barruko brigada bat osatzen dute; ez garrantzitsuena, baina bai ezinbestekoa, gainerako guztiak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.