Albistea entzun

Atxabal, tontor xumeen matxinada

Zuiako eskualdean Oroko multzoa goititzen da, erromesen, mendizaleen eta eskalatzaileen bilgunea
Tamaina handiagoan ikusi

JOXEAN GIL-GARCIA -

2007ko otsailak 23

Barandiaranek aurkitu zituen beste zibilizazio batzuen arrastoak Oroko mendigunean, 1918an. Argi asko utzi zuen horrek zerikusia eta zer aztertua bazegoela Zuiako diapiroan. Akaso, gerora etorriko zenaren aurrerapen gisa ulertu beharko genuke Barandiaranen hausnarketa; urte batzuk geroago ezusteko polita eman baitzuen bazter horrek eskaladari dagokionean. Izan ere, lehen sokak eta mosketoiak zintzilikatzen hasi ziren Sobraos mendiko hegoaldeko horma eta labainetan. Oroko eskola berri hura zela-eta, 80ko hamarkadan, Arabako Mendizale Federazioko Goimendi eskolako zuzendari Vicente Peralesek Nanoen matxinada izenburupean argitara eman zuen artikulu ederra Pyrenaica aldizkariko 1988ko alean. Eskolaren hurbiltasunaz, gainera, 15 metroko bide sare ederraz ere gozatzeko aukera eman zuen Oroko inguruak.

BEHE-IBARREAN GAINDI. Atxabal edo Oro haitzerako ibilbidea Murgiko plazan hasi badaiteke ere, mendiko paisaiaz gozatze eta asfaltoa ekidite aldera, Bitorianoko eliza parean hasiko gara. Bitoriano eta Oroko santutegirako desbideratzea Ametzaga herrira heldu aurretik ikusiko dugu, Bilborako noranzkoari eutsita. Eliz atarian gaudela, Oroko mendiguneari begira jarriko gara eta, goraino doan errepide estua bazter eginda, haren paraleloan doan nekazari bide batetik abiatuko gara. Abiadura murrizten duen trafiko seinale baten eretzetik hasiko gara, hegoaldera joz.

Xaroles arrazako behi talde bati babesa ematen dion etxola batera iritsitakoan, ondotik igaro eta basorantz egingo ditugu urratsak. Goraxeago, alanbre bat igaro eta basabide itxura duen bideari men eginez, Oro errekak irekitako sako ederrarekin bat egingo dugu. Errekastoa lagun, ertzaz aldatu gabe, erkametzien, hariztien eta pagadien barrena ibiliko gara, eta baso mistoak sortutako paisaiaz gozatuko dugu. Urtegi bat ikusiko dugu aurrerago. Haraino iritsi gabe, ordea, zuzen egingo dugu behe-ibarrean gaindi, eta, landaretzak libraturiko igarobide berdeari segika, Zuiako patroia gordetzen duen santutegira igoko gara.

ESCOTILLATIK ATXABALERA. XVII. mendeko gurutze polit bat ikus daiteke tenplu aurreko larrean. Eta gurutzetik iparrera metro batzuk eginda, atanda harri bat eta orientazio mahai bat. Escotilla mendiko gandor gainean dago hura, eta ezinbesteko talaia da Zuia eskualdeko hainbat herri eta muinoak aurkitzeko. Hain dira ederrak Gorbeialdeko parajeok! Atxabal gailurra altuena da Oroko diapiroan. Mendiko oskiek hartaraino bultzatuko bagaituzten arren, Sobraos malkarraren hegoaldean dagoen eskalada eskolari begiak pitin bat finkatzea ez legoke sobera. Tenpluaren atzealdeko eskaileratatik gora egin aurretik, harresi naturala eskuinetik inguratuz gero, harri goseak jotako eskalatzaile ugari ikusiko ditugu hormatzarren kontura jostatuz.

Atxabal tontorreko gurutzera iristeko gandorretik egitea ederra da. Hala, hegiz hegi, Sobraos muinoa igo eta, jaitsiera baten ondotik, goranzko bidearekin bat egingo dugu. Zuiako eskualdean XX. mende hasieran sorturiko Zuia Sport elkarteak zutitu zuen burdinazkoa, 1954ko ekainaren 27an. Urte santua zen, baita 1900. urtetik denborari ederki eutsi zion egurrezkoa ordezkatzeko abagunea ere. Erreferentzia ikur handia da Zuiarrentzat, beraz, erromesen, ibiltarien eta mendizaleen bilgune aparta baita Oroko mendigunea.

Itzulera tontor gainetik iparralderantz egingo dugu; hau da, Murgiarantz zuzen-zuzen jaisten hasiko bagina bezala, maldako latsunarrian gaindi. Aldatsean behera, beraz, santutegira doan errepideraino. Errepide estuak ikuspegi aparta eskainiko digulakoan, hari segika jaitsi eta Bitorianoko elizaraino egingo dugu suabe-suabe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.