Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Biharamuna

Pastorrek dio PSE-EErentzat orain lehentasuna ez dela EAEko gobernabidea

EAJrekin akordioa egitea baztertzen ez duen arren, aitortu du EAJk orain «esparrua libre» duela. Emaitzek PSOEren krisia areagotu dute
PSE-EEko Miguel Angel Morales, Idoia Mendia eta Jose Antonio Pastor, herenegun, Bilbon.
PSE-EEko Miguel Angel Morales, Idoia Mendia eta Jose Antonio Pastor, herenegun, Bilbon. JAVIER ZORRILA/ EFE

Gotzon Hermosilla -

2016ko irailak 27
PSE-EEk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitza txarrak hasi dira ondorioak ekartzen, PSE-EErentzat ez ezik, PSOErentzat ere. PSE-EEren batzorde eragileak bilera egingo du gaur emaitzak aztertzeko, eta azterketa horretatik abiatuko dira hurrengo urratsak definitzeko, baina, oraingoz, badirudi lehenengo ondorio bat atera daitekeela: EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu ituna, hautes- kundeen aurretik analista askok ziurtzat jotzen zutena, zalantzan egon daiteke orain.

Hori ondoriozta daiteke PSE-EEren bozeramaile Jose Antonio Pastorrek hainbat hedabideri egindako adierazpenetatik. Radio Euskadin egindako elkarrizketan zuhurrago agertu da, eta esan du PSE-EEk ez duela ezer baztertzen, baina Efe agentziari egindako adierazpenetan gogoratu du emaitza hauekin EAJk «esparrua libre» duela edozein akordio egiteko, eta ez nahitaez PSE-EErekin: «Orain, gobernabidea ez da lehentasuna sozialistontzat; EAJren txanda da», erantsi du.

Gainera, Pastorrek argitu du PSE-EEk ez duela bere burua «EAJren lehentasunezko bazkidetzat» jotzen. «Pentsatuko dugu zer egin, betiere PSE-EErentzat eta boto-emaileentzat onena zer den aztertuta», esan du.

Porrotaren zergatiak

Pastorrek ez du ahoan legarrik izan emaitzak «txarrak» izan direla aitortzeko, eta pentsatzen du alderdiak gogoeta egin behar duela horien inguruan, «soseguz, baina itzulingururik gabe». Dena dela, porrotaren zergatiak azaltzeko gako batzuk eman ditu.

Hasteko, Pastorrek uste du EAJk jakin duela «egonkortasun eta lasaitasun irudia» ematen, eta horrek herritar askoren «boto baliagarria» ekarri diola, «baita PSE-EEren boto emaileena ere». Beste aldetik, PSOEn dagoen «zarata» ere kaltegarri izan zaiela pentsatzen du. Azkenik, «eragile politiko berriak» agertu izana PSE-EErentzat traba izan dela adierazi du.

Edozein modutan, Pastorrek ez du uste emaitza txar horiek ezinbestez dimisiorik ekarri behar dutenik, ez PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiarena, ez PSOEn ardura hori duen Pedro Sanchezena. «Garai berri baterako etorkizuneko estrategiak zehaztea dagokigu orain», azaldu du.

Pastorrek aipatzen zuen PSOEren barneko «zarata» hori areagotu baino ez dute egin Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta Galiziakoetan izandako emaitza txarrek. Alderdiko buruzagi eta kide esanguratsu askok —horien artean, Jose Blanco PSOEko antolakuntza idazkari izandakoak, Carme Chacon Nazioarteko Harremanen arduradunak eta Eduardo Madina diputatuak— «erantzukizunak» eta «alderdiaren norabide aldaketa» eskatu dituzte emaitzak jakindakoan.

Kritika horiek entzunda, bere lidergoari eusteko jokaldia egin du PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezek: urriaren 23an primarioak egitea eta abenduaren hasieran PSOEren Biltzar Federala antolatzea proposatu du, «sakoneko eztabaidari behingoz ekiteko». Egoera nahasi horren eragina bueltan etor dakioke PSE-EEri, zaila baitirudi, biltzarra egiten bada, egoera argitu aurretik PSE-EEk inolako mugimendurik egiteak EAJrekin gobernu akordio bat adosteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna