Itziar Gomez. Aktore eta aktore zuzendaria

«Aktore harrobi bat sortu da, eta, orain, eskasia dago hainbeste aktorerentzat»

U.Urkizu
Donostia
2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Goenkale-n 1998an hasi zen, figurazio bat egiten, eta berehala pertsonaia finko bat jokatu zuen Itziar Gomezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1964). Lau denboraldiz aktore, eta gero, aktore zuzendari lanean aritu zen laupabost urtez. Gidoilari koordinatzailea ere izan zen beste bost urtez.

Nolako aktore eskola izan da Goenkale?

Eskola aparta izan da denontzat, arlo guztietan, eta aktoreentzat bereziki. Ordura arte proiektu solteak egiten ziren, baina ikasturte osoa iraungo zuen telesail batek behar zuen metodologia bat eta martxa bat. Aktoreak trebatu dira, euskaran eta lan egiteko abiaduran.

Zer berezitasun izan du Goenkale-k antzerkiarekin edo beste telesail batzuekin alderatuz?

Unean-unean, egunerokotasunarekin lotura zuzena izan du. Eraldatzeko eta egokitzeko gaitasuna izan du, eta ikusleek eskatzen zutenari erantzun dio. Zer nahi, hura eman.

700 aktore pasatu dira telesailetik. Marka ez da nolanahikoa.

Marka ikaragarria da. Aktore askok zuten helburutzat Goenkale-n lan egitea. Denek bazekiten telesaila zela aukera bat norbere burua ezagutarazteko, baina baita ikasteko ere. Aktore harrobi bat sortu da, eta, orain, eskasia dagohainbeste aktorerentzat.

Otsailean grabatu zen azkeneko atala. Zutenlan finkoa desagertzea ekarri die horrek aktore batzuei. ETBk aintzat hartu al du?

Egia da urteekin aktore batzuk bidean gelditzen zirela. Baina ezusteko handia izan zen aktoreentzat ikustea eguneroko ogia amaitu zela. Kosta zitzaigun berria irenstea. Nahiko nuke ETBk kontuan izatea zer aktore prestatuak ditugun, eta horri soka ematea. Fikzioa oso garrantzitsua da telebista batentzat eta hizkuntza baten normalizaziorako.

Euskal aktoreen ikuspegitik, zer oroimen izango du Goenkale-k utzitako arrastoak?

Historikoa izango da. Goenkale-tik pasatu diren aktore guztiek gogoan izango dute etapa luze hau. Zenbaitek aktore izatea erabaki dute, Goenkale bazegoelako. Oroimenean gogo handiz geldituko da.

Goenkale-n aritutako aktore batzuek arrakasta lortu dute Euskal Herritik kanpo. Zeren seinale da hori?

Erakusten du hemen lana ondo egin dela, aktoreak ondo tratatu ditugula. Madrilen ere ikusi dute Goenkale-k nola trebatu dituen aktoreak. Madrilera joan diren aktoreak primeran egokitu dira, eta euren balioa erakutsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.