Kataluniako erreferenduma

Aske utzi dituzte atxilotu guztiak, desobedientzia delitua egotzita

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak, eta asteazkenetik Guardia Zibilaren aitzinean protesta egin dutenak paratu ditu jomugan, sedizio delitua salatuta

Josep Maria Jove Presidenteordetzako idazkari nagusia eta Lluis Salvado Ogasuneko idazkaria, atzo, aske gelditu ondoren. ANDREU DALMAU / EFE.
mikel rodriguez
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Herenegungo polizia operazioan atxilotutako hamabortz lagunetatik azken seiak aske utzi zituen atzo epaileak. Horien artean, kargurik inportanteenak zituztenak: Josep Maria Jove Presidenteordetzako idazkari nagusia eta Lluis Salvado Ogasuneko idazkaria. Desobedientzia, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi die, eta astean behin epailearen aitzinetik igaro beharko dute. Fiskaltzak orain arte hiru delitu horiek leporatu dizkie independentziari buruzko erreferendumaren harira auzipetu nahi dituenei. Atzo, ordea, Espainiako Estatuak koska bat gehiago igo zuen mehatxuaren maila, sedizio delituaren akusazioarekin; asteazkenean Ekonomia Kontseilaritzaren aitzinean protesta egin zutenak ikertuko ditu AuzitegiNazionaleko Fiskaltzak, eta akusazio zuzenik egin ez badie ere, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa aipatu ditu salaketan. Espainiako Gobernuak jakinarazi du polizia gehiago bidaliko dituela Kataluniara, «manifestazio iskanbilatsuak» kontrolatzeko.

Milaka herritar elkartu ziren atzo azken atxilotuei harrera egiteko Justiziaren Hirian, Bartzelonan. Joverekin eta Salvadorekin batera utzi zituzten aske Joan Manuel Gomez .Ekonomia eta Ogasun Kontseilaritzako karguduna, Josue Sallent CTT Transferentzia Teknologikoko Zentroko estrategia eta berrikuntza zuzendaria, Rosa Maria Rodriguez T-Systems enpresako zerbitzuen zuzendaria eta Josep Masoliver PuntCat Fundazioko informazio eta sistemen saileko arduraduna. Epailearen aitzinetik eskuburdinak paratuta zituztela pasarazi zituzten, eta uko egin zioten deklaratzeari. Epaileak ohartarazi die ezin dutela parte hartu erreferendumarekin zerikusia duten ekintzatan. Goizean, Generalitateak kargutik kendu zuen Jove, Auzitegi Konstituzionalak ezarritako isuna ordaindu behar ez dezan. Herenegun ezarri zion egunero 12.000 euro ordaintzeko betebeharra, konstituzionalak ezarritako behin-behineko neurriak —erreferendumarekin zerikusia duten ekintza oro geldiaraztea— bete ez zituelakoan. Horrez gain, Generalitateak kargutik kendu ditu erreferendumerako sortutako Hauteskunde Batzordeko bortz kideak ere, Joveren arrazoi berberagatik —isun berberari egin behar zioten aurre—. Kataluniako Gobernuak nazioarteko begiraleen edo erakundeen esku utzi nahi du batzordearen lana.

Asteazkeneko irudiak

Kanpoan bildutako jendetzaren artean zeuden Oriol Junqueras presidenteordea, Carme Forcadell parlamentuko presidentea, Raul Romeva Generalitatearen Atzerri Gaietarako kontseilaria eta Joan Tarda ERCren Espainiako Kongresuko taldeko burua. ANCk eta Omniumek deitua zuten elkarretaratzera, eta, behin atxilotu guztiak libre geldituta, arratsaldean bukatutzat eman zuten. Ordurako, jakina zen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bi erakunde horien presidenteak jomugan paratua zituela, sedizio delituaren salaketan. «Begira, fiskal jauna, arrazoi duzu. Mobilizazioa. Kataluniarrak, Katalunia defendatzera!», erran zuen Omniumeko presidente Cuixartek, hizki handi batzuekin Demokrazia solasa idatzia zuen oholtzatik.

Asteazkenean Bartzelonako Rambletan, Ekonomia Kontseilaritzaren parean, ikusitako irudiak garesti ordainarazi nahi ditu Espainiako Estatuak. Patrolak karrikan utzita sartu ziren guardia zibilak kontseilaritzan, eta milaka lagunek inguratu zituzten ibilgailuak. Gainera dantzara eta protestara igo ziren hainbat, eta banderez, itsasgarriz eta afixez josita utzi zituzten. Irudiak erruz zabaldu ziren Interneten. Miguel Angel Carballo fiskalak guardia zibilari agindu dio «egileak» nortzuk izan ziren ikertzeko, eta idazkian aipatzen du Sanchez bera igo zela ibilgailuetako batera.

Espainiako hedabide handiek, eta epaileen, fiskalen, guardia zibilen eta polizien elkarteek adierazpen anitz egin dituzte azken egunotan protesta horien kontra. Bada, Carballok sedizio delitua paratu du mahai gainean. Larritasunean, matxinada delituaren azpitik dago sedizioa. Lau eta hamabortz urte arteko espetxe zigorrak ezar daitezke, akusatuaren erantzukizunaren arabera. Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzo egindako agerraldia kontuan hartuz gero, litekeena da Espainiako Estatuaren ekinaldia bide horretatik joatea hurrengo egunetan. Izan ere, Mendez de Vigok hainbat aldiz aipatu zuen «iskanbilatsu» terminoa azken egunotako manifestazioei eta protestei buruz ari zenean, baita aurrerantzean egin litezkeenei buruz ere. Termino horixe da sedizio delituan idatzita dagoena, Espainiako Zigor Kodean. Mendez de Vigok erran zuen polizia eta guardia zibil gehiago bidaliko dituztela Kataluniara —3.000 eta 5.000 artean, Espainiako hedabideen arabera—, Mossos d'Esquadrari «laguntzeko». Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilariaren ustez, mossoen gaineko aginte zuzena hartzeko prestatzen ari da Espainiako Gobernua.

Institutuei ohartarazpena

Erreferenduma eragozteko neurri gehiago ere hartu ditu Espainiako Estatuak. Errate baterako, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak agindu du urriaren 1eko erreferendumerako herritarrei bozkatzeko guneak azaltzen dizkien webgunea ixteko —herenegun aurkeztu zuen Carles Puigdemont presidenteak—. Horrez gain, Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak institutuetako zuzendariei ohartarazi die haien eraikinetan baimena ematen badute «urriaren 1ean Generalitateak deitutako legez kanpoko ekintzak» egiteko, «erantzukizun penalak» jasan ditzaketela. ANCk ere presioak salatu ditu; Bartzelonan duen egoitza nagusiaren inguruan egun osoan Poliziaren presentzia handia izan zuela jakinarazi zuen atzo, eta arratsaldean eskuin muturreko jarraitzaileak elkartu ziren han. Espainiaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuak egin zituzten, eta Puigdemont espetxeratzeko eskatu zuten. Presidenteak, ordea, bertze behin hitzeman du ez dutela etsiko. «Sentitzen dut, Espainia. Kataluniak bere independentziari buruz bozkatuko du, gustatu ala ez», idatzi zuen The Washington Post-ek atzo argitaratutako artikulu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.