Jone Amonarriz. Gure Esku Dago-ko Komunikazio arduraduna

«Erabakiaren esparrua zabaldu da, eta ikusi da alor askotara iritsi dela»

GED Gure Esku Dago plataforman pozik daude joan den igandeko giza kateak lortutako arrakastarekin; oso parte hartze handitik harago, Amonarrizek ekarpen kualitatiboa ere nabarmendu du.

gotzon hermosilla
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aste honetan bilera egingo dute GED Gure Esku Dago-ko arduradunek, giza katearen inguruko balorazioa egin eta Herritarron Ituna Eusko Legebiltzarrean aurkezteko izapideei ekiteko, baina nabari zaie pozik daudela lortutakoarekin, Jone Amonarriz komunikazio arduradunaren hitzetatik ondorioztatzen denez.

Zer iritzi daukazue joan den igandeko giza kateaz?

Esanahi handiko eguna izan zen, zentzu askotan. 175.000 herritarrek parte hartu zuten, baina, kopuru horretatik harago, alde kualitatibotik ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, elkarbizitzari dagokionez, herritarren itun honek ekarri duen ahalduntzean eta, oro har, herritarren aktibazioan. Igandekoa irudikapen bat izan zen, nola herri honetan urtetik urtera joan diren pilatzen eta gero eta gehiago garen herri burujabe bat nahi dugun herritarrak.

Uler liteke herritarrek onetsi egin dutela GED-k egindako lana?

Bost urte hauetan, Gure Esku Dago-k —eta GEDez ari garenean herritarrez ari gara— sekulako inurri lana egin du arlo kualitatibo horretan. Elkarlana ere landu du alde askotatik: herriz herriko dinamiketan, eragile politiko, sozial eta sindikalen artean, Kataluniarekin, eta abar. Zabaldu da erabakiaren esparrua, eta ikusi da alor askotara iristen dela eta alor askori eragiten diola.

Aurtengo xedeetako bat zen giza katea hiriburuetan ikusgarri egitea. Hori lortu duzue?

Mobilizazioaren diseinuan hasi ginenetik, argi genuen eragina izan nahi genuela jende gehien bizi den esparru horietan, oraindik seguru asko irabazteko dauzkagun horietan. Eta helburua bete da. Hiriburuetara ere iritsi da dinamika hau, eta garai batean GED ezagutu ere egiten ez zuen jendeak parte hartu du gune horietan. Ulertzen dugu pausoz pauso egin beharreko bidea dela, eta igandean eta igandearen aurretik egindako kanpaina osoan ari garela hiriburuetako atea zabaltzen.

Giza katearekin bat egin ez duten zenbait eragilek esan dute erabakitzeko eskubidea ez dagoela herritarren lehentasunen artean.

Igandean argi gelditu zen 175.000 herritar baino gehiagoren lehentasunen artean behintzat, badagoela, eta ziur gaude askoz gehiago direla mobilizazioan parte hartu ez, baina erabakimenaren aldarriarekin bat egiten dutenak. Guk ikusten dugu urterik urte gero eta jende gehiagoren lehentasuna dela, ziklo berri honetan are gehiago indartuko dela, eta jendeak aldarri hori modu baketsu eta demokratikoan eta elkarrekin bideratu nahi duela.

Erabakitzeko eskubideak gizartea zatikatzen du?

Alderantziz. GEDek erakutsi du erabaki eskubidea topalekua dela. Lortu da lehen zatiketa sortzen zuen gai baten bueltan jendea batzea eta iraganeko korapilo eta gatazkei elkarrekin aurre egitea. Hau ez da diskurtso bat, praktikan erakusten ari garen zerbait baizik, behetik gora, herrietatik sortutako dinamika baten bidez.

Herritarron Ituna ere aurkeztu zenuten igandean. Nolako garrantzia izango du horrek datozen hilabeteetan?

Ariketa berri bat izan da, orain arte Euskal Herrian egin gabekoa, eta oso ariketa interesgarria. Alde batetik, ahalduntze prozesu bat da, gogoeta egitea eta gogoeta horiek partekatzea eskatzen baitu, eta, beste aldetik, aurrera begira nora joan nahi dugun zehazteko balio du. Egia da GEDek herri itun bat sustatu nahi duela, elkarlanerako gune iraunkor gisa, baina iruditzen zaigu eragile bakoitzak ekarpena egin behar diola itun horri; GEDek bere esku zegoen guztia egin nahi izan du horretarako baldintzak sortzeko, eta bide bat izan da herritarren arteko gogoeta hori sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.