Legebiltzarrak uko egin dio memoria historikoaren lege bat eztabaidatzeari

EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute, eta atzera bota dute EH Bilduren lege proposamena. Sozialistek azaldu dute legea behar dela, baina gaineratu dute «adostasun zabalagoa» behar duela

Jon Rejado -

2018ko otsailak 9
Memoria historikoari buruzko politikak bateratuko dituen EAEko lege bat behar da. Hala adierazi zuen Eusko Legebiltzarreko taldeen gehiengoak, atzoko osoko bilkuran. Areago, lege hori onartuko dela gaineratu zuten gehienek. Ordea, hori esanda, uko egin zioten araudia eztabaidatzen hasteari. EH Bilduk EAEko memoria historikoaren lege proiektua aurkeztu zuen, baina osoko bilkurako gehiengoak erabaki zuen aintzat ez hartzea. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu zuten; EAJk, PSE-EEk eta PPk, aldiz, aurka.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak «lege integral» baten beharra defendatu zuen. Batetik, 1936. urtetik 1978ra arteko diktaduraren biktimei «erantzun bateratua emateko». Orain arte biktimei aitortza eta erreparazio «partziala» ematen dietela baloratu du. «Garai jakinetan, egoera jakinetan gertatu behar zuten giza eskubideen urraketek, aintzat hartuak izateko».

Halaber, Arzuagak argitu zuen lege proposamenaren asmoa zela «eztabaida legegilea abiaraztea». Hau da, EH Bilduren proposamena aintzat izan balute, jatorrizko testuan aldaketak eztabaidatzeko epea irekiko litzateke. Hain zuzen ere, hori nabarmendu zuen Jon Hernandezek, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. «Eztabaida ez da lege hori onartuko dugun, baizik eta horren gainean eztabaidatzen hasiko garen edo ez». Beraz, horren aurka bozkatzeak prozesu guztia atzeratzea dakarrela esan zuen. «Helduko den lege bat atzeratu dugu; zenbat eta lehenago hasi, hobe; berdin dio nork hartzen duen ekimena».

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearentzat, ordea, EH Bilduren proposamena ez zen nahikoa eztabaida bat abiarazteko. «Ez dugu bozkatuko lege proposamenaren alde, ez dituelako betetzen foro legegile honetan eskatzekoak diren gutxieneko baldintzak». Hori esanda, ekinbidea hamaika moduan arbuiatu zuen: «inkoherentea», «diskriminatzailea», «juridikoki bideraezina», «heldutasunik gabekoa»...

Gogora institutua, oinarri

Iturratek zehaztu zuen Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa berreskuratzearen ildoan egindako lana, eta EH Bilduri leporatu hori guztia aintzat hartu ez izana. Areago, gaineratu zuen memoria historikorako EAEko legetzat jo daitekeen araudia egon badagoela: Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutua sortu zuen legea. «Horren barruan biltzen, koordinatzen, eta bultzatzen dira gaiari buruz egiten diren euskal politika publikoak». Iturratek argudiatu zuen EH Bilduren proposamena ez zela «beharrezkoa», besteak beste, gaur egun martxan diren hamasei jarduera arautzen zituelako.

Arzuagak arrazoia eman zion Iturrateri: legeak egungo hainbat ekintza jasotzen ditu. Halaber, kontraesanetan aritzea leporatu zion: «Zein da arazoa? Ez dugula aintzat hartzen egin den lana? Edo jasotzen dugula testuan?». Zehaztu du Eusko Jaurlaritzak martxan dituen jarduerak lege proposamenean sartzearen arrazoia horiei «lege bermea» ematea izan dela. «Ekintza horiek guztiak zenbait planetan daude, eta, horrenbestez, unean uneko gobernuaren borondatearen araberakoak dira».

Bestalde, Gogora institutuari dagokionez, Arzuagak argitu zuen lege proposamenak «sakontasuna» eskaintzen ziola: dituen eskumenak garatzeko aukera. Edonola ere, EAJren aurkako botoa, artikuluetan bainoago, ikuspuntu zabalagoan kokatu zuen. «EAJk ez du legearen eztabaida hasi nahi asmo handiko testu baten gainean; legea beste oinarri batetik egin nahi duzue».

Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkideak kritika gutxiago egin zizkion lege proposamenari. Areago, aitortu zuen zaila egiten zitzaiola aurka bozkatzea. Ordea, berretsi zuen aurka bozkatuko zuela etorkizunean«legea egon dadin». Hain zuzen ere, adierazi zuen memoria historikoaren legea «adostasun zabalenarekin» onartu behar dela, baina EH Bilduren proposamenak ez zuela betetzen baldintza hori. Hala ere, adostasunaren bidean aurrera egiteko nahia agertu zuen. «Osoko bilkura honetan dugun jarrera dugula, PSEren konpromisoa berresten dut EAEko memoria historikoaren lege baten alde».

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkidearen ustez, EH Bilduren proposamenak ez zuen lekurik «Espainiako Konstituzioaren legedian». «Proposamenari betiko tik eroak ikusi dizkiogu: larriena, haustura soziala eragiteko nahia, legezkotasun itxurarekin».

Bi hilabetean, frankismoaren biktimen inguruko bi ekinbide legegile bota ditu atzera Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak. Atzokoaz gain, azaroan atzera bota zuten Elkarrekin Podemosen proposamena. PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJk eta PPk aurka bozkatu zuten.

EAJ eta PSE-EEren bidea

Legea eztabaidatzen hasi aurretik, EAJk eta PSE-EEk azaldu dute egoeraren diagnosia egin behar dela. Horretarako, legez besteko proposamen bat eztabaidatuko dute datorren ostegunean, Gogora institutuari zuzenduta. Egungo araudia eta dauden beharrak azter ditzala eskatu nahi diote, baita balizko lege baten egokitasuna ere. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa aurkeztu diote, eta memoria historikoaren legea abiarazteko eskatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna