Girona 1-4 Eibar

Asko sortu gabe, sartu

Eibarrek garaipen handia lortu du Gironan; Kikek bi gol sartu ditu, eta Jordanek eta Inuik, bana. Eraginkortasunean oinarritu da

Kike Garcia Eibarreko aurrelaria, atzoko lehen gola ospatzen. Aurrean, Yassine Bounou Gironako atezaina. R.T. /EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Kikek (9. min). 0-2: Kikek (38. min).1-2: Adayk (55. min.). 1-3: Jordanek (80. min.);1-4: Inuik (89. min.). Epailea. Trujillo Suarez. Txartel horiak: Gironako Timorri; eta Eibarreko Diop, Dani Garcia, Kike eta Orellanari. Bestelakoak. 9.706 ikusle Montilivin.

Ondo bukatu nahi du Eibarrek denboraldi hau, eta gustura ibiltzea partidak irabaztearen sinonimo izaten da. Bide onean da, atzo, azken-hirugarren jardunaldian, astindua eman baitzion Gironari bere zelaian. Beste emaitzen esperoan, lehen hamar postuetan dago taldea, eta erditik gora bukatzea jarri du helburutzat Mendilibarrek.

Halako emaitza handia lortzen denean, astakeria da esatea merezi gabekoa izan zela. Ez da gutxi eginda irabazten etxetik kanpo eta Lehen Mailan. Gauza batzuk egin zituen ondo Eibarrek, eta bat bikain, beste guztien gainetik: golak sartzen egundoko eraginkortasunez ibili zen. Bono atezainaren atera lauzpabost jaurtiketa egin eta lau gol sartzea sekulako marka da. Horrek eman zizkion atzoko hiru puntuak.

Jokoaren beste alorrak kontuan hartzen badira, armaginak lehen zatiko hasierako hogei minutuetan ibili ziren erosoen. Mendilibarri gustatzen zaion bezala, aurkariaren zelaian jokatu ziren minutu horiek denak. Goiko baloietan nagusi ziren, eta baita hortik eratortzen ziren bigarren baloietan ere. Gainera, baloia txukun samar mugitu zuen, etxekoek emandako erraztasunak ere baliatuz.

Nahiko ohikoa izaten ari da Eibarrek partidak ondo hastea etxetik kanpo, baina atzo, besteetan ez bezala, etekina atera zion, gainera. Gola sartu baitzuen Kikek, bederatzigarren minutuan. Gironak aldeko falta Eibarren arean jarri zuen, aldaratzea Mojicak hartu zuen zelai erdian, baina baloi txarra bota zion taldekideari erdi-erdira, eta Inuik irabazi egin zuenez goitik, Dani Garcia eta Kike bakarrik sartu ziren area barruan. Kapitainak borondate onenarekin aurrelariari eman zion baloia, atera bultza zezan.

Hogeigarren minututik aurrera, ireki bezala egin zen partida, eta Girona Riesgoren areara gerturatzen hasi zen. 22. minutuan, atezainak ondo urrundu zuen ateko zuloko jaurtiketa bat, eta, minutu bat geroago, Alcalari geratu zion baloia. 26. minutuan, Granellek gora bota zuen baloia area barrutik.

Etxekoak bizitzen ari zirenean, baina, Kikek bigarren gola sartu zuen, buruz, Jose Angelek dotore atera zuen korner batean. 0-3koa sartzeko aukera ere izan zuen Kikek berak azken minutuan, baina Bonok galarazi zion.

Gironak 55. minutuan sartu zuen gola, Aldayren bidez, geldikako jokaldi landu batean. Aukera pare bat gehiago ere izan zituzten etxekoek. Gero, Eibarren joa etorri zen, eta Jordanek eta Inuik itxi zuten lehia, azken hamar minutuetan —80.ean eta 89.ean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.