Kritika. Opera

Iluntzean dagoen emanaldia

2013ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
'Tosca'

Egilea: Giacomo Puccini. Abeslariak: Violeta Urmana, Falk Struckmann, Miguel Angel Zapater. Abesbatza: Bilbao Operaren Abesbatza eta Bilboko Koral Elkartearen Umeen Abesbatza. Musikariak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Bertrand de Billy. Eszena zuzendaria: Nuria Espert. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: urtarrilak 19.

Abesgintzaren aldetik, denboraldiko epelena izan da Tosca-ren antzezpen hau, nahiz eta eszenaren ikuspuntutik 2006ko berrezarpena dirdiratsua suertatu. Izan ere, asko atsegin izan zaigu eszena zuzendariak bideratu duen bertsio kritikoa: hau da, Elizak, gogoen kontroletik aparte, garai batean izan duen botere politiko-diktatorialaren aurka. Horretarako, Nuria Espertek bi zatitan erdibitu zuen eszena monumentala: aurreko behean oinarriko ekintza antzezteko, eta gainekoan, kanpoan gertatzen diren eszenak, esaterako, torturaren eszena. Beraz, zapalkuntza eta astuntasun atmosfera areagotzeko erantsi behar zaio Michelangeloren Sixtoren kapera-rako margotu zituen Kreazioa-ren eta Azken Judizioa-ren bolumen handiko erreprodukzioak, edo egile berberaren Pietá zirraragarria. Horren adierazpen lortuena Te Deum prozesio barrokoa, nabarra eta korala izan da.

Gorabeherak izan ditugu, aldiz, abesteko alorretan. Violeta Urmanak gaitasun handiko ahotsa du, eta entrega eta zuzentasuna adierazi zituen tesitura infernutarrean eta antzezpenean. Guk aldakortasun handiagoa eskatuko genioke bakarrik pasarte batzuetan... Falk Struckmann baritonoak oso ondo antzeztu eta abestu zuen gaizkilearen rola tinbre oneko ahotsarekin, baina baziren agudo, bolumen eta arnasketan zeukan katarroaren zantzuak. Massimo Giordano tenorrak, aldiz, ez zuen pertsonaiak eskatzen duen ahotsik. Batez ere, hasieran arazoak izan zituen desafinoekin, ahotsaren erregistro diferentearekin eta igorpenarekin. Aldeko zorroan, onartu behar zaio hobetu egin zuela bigarren zatitik aurrera erdiko fraseoan eta agudoetan batez ere. Migel Angel Zapater baxuak, berriz, kantaldi sendoa egin zuen. Gustatu zaigu Valeriano Lachas-en kantaldi laburra ere.

Bikaina izan zen, gure aburuz, Bertrand de Billy zuzendariak eta Bilbao Orkestrako musikariek egin zuen Puccini dramatiko, koloretsua eta behar zenean delikatua ere. Bilbao Opera Abesbatza ondo abestu eta mugitu zen agertokitik eta Koral Elkartearen Umeen Koroko kideek, pixkatxo galduta izan arren, agertokian ondo abestu zuten haien parte hartze laburrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.