Unai Garcia. Osasunako jokalaria

«Bolada txarra ez du jokamolde berriak ekarri»

Azken lau partidetatik hiru galdu ditu Osasunak, baina ez dago kezkatuta Unai Garcia. Hori bai, urtea amaitu aurretik «estutu» egin behar dutela uste du, «erregularrago» jokatuz.

MIKEL SAIZ.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Izan zenera itzuli nahian dabil Unai Garcia (Ezkirotz, Nafarroa, 1992). Belauneko lesio batek eskuetatik kendu zion Osasunaren defentsako aginte makila, eta geroztik, Aridane Hernandezen eta David Garciaren itzalpean izan da. Azken lau neurketetan hasieratik jokatzeko abagunea izan du, atzelari espainiarraren arazo fisikoak tarteko, eta taldeak txakalaldia izan duen arren, pozik dago berak eman duen mailarekin. Bihar ere hasieratik jokatu nahiko luke, Osasunak Sadarren Betisen kontra jokatuko duen partida garrantzitsuan.

Jokoan izan diren azken hamabi puntuetatik bakarra baino ez duzue lortu. Kezkatuta zaudete?

Oso egoera onean ginen azken lau partiden aurretik, sei lehiatan hamar puntu lortuta. Sentsazioak onak ziren. Orain bolada txarrean gaude, baina ez da ahaztu behar egutegi makurra izan dugula. Hori, edonola, ez da aitzakia, eta badakigu joera albait azkarren aldatu beharra dugula. Hitza ez da «kezka», baina denok bultza egiteko momentua da. Bestela, arazotan sartuko gara.

Izan duzuen egutegiaz harago, zer arrazoi daude bolada txarraren atzean?

Zaila da zehazki zer gertatu den esatea. Bartzelonaren aurka izan ezik, beste neurketetan une onak izan ditugu, eta puntuek xehetasun txikiengatik egin digute ihes. Atletico Madrilen aurka 43. minutuan adierazi ziguten aurkako penaltia, eta Sevillaren aurka ere penalti batek apurtu zuen partida. Huescaren kontra, berriz, oso gaizki aritu ginen lehen zatian, eta bigarren zatiko susperraldia ez zen aski izan hiru puntuak lortzeko. Lehen Mailan erregularragoa izan behar da. Gainera, ez gara fin ibili areetan, eta hor erabakitzen dira partidak.

Puntu bakarrera duzue jaitsiera. Egoera berria da Lehen Mailara azkenekoz igo zinetenetik. Nola ari zarete bizitzen?

Eroso izan ginen aurreko denboraldian, jaitsiera postuekiko errenta polita izan genuelako denboraldiaren ia fase guztietan. Horrek lasaitu egiten zaitu, zentzu onean, eta zelaian nabaritu egiten da konfiantza hori. Sasoi honi antzera ekin genion, eta orain, estutzeko momentua iritsi zaigu. Abendua oso garrantzitsua izango da guretzat, hiruzpalau aurkari zuzenekin jokatuko baitugu. Gainera, pixkanaka osatuz joango da min hartuta egon den jendea, eta hori oso lagungarria izango zaigu. Hor behetik ahal den azkarren atera behar dugu.

Estiloari dagokionez, denboraldi honetan joko zuzenagoa ari zarete egiten azken bi sasoietan baino gehiago. Horrek badu zerikusirik taldearen beherakadan?

Chimy-k aurrenekoz min hartu zuenetik aldatu dugu baloiarekin jokatzeko modua. Etorri diren aurrelarien ezaugarrietara egokitu gara. Jokamoldea orduan aldatu zen, baina emaitzek ez zuten okerrera egin. Aitzitik, puntu mordoa lortu genuen sasoiaren azken txanpan. Orain bolada txarrean gaude, baina hori ez du jokamolde aldaketak ekarri. Konfiantza osoa dugu taldeak aurrera egiteko duen gaitasunean, eta gauzak bestela ikusiko ditugu bihar Betisi irabazi, eta jaitsiera postuetatik urruntzen bagara.

Zer mezu ari zaizue igortzen entrenatzailea?

Azken partidaren ondoren, lasai egoteko eta ez urduritzeko esan digu. Baina, era berean, autokritika egiteko momentua da. Aste honetan bideo asko ikusi ditugu azkenaldian egin ditugun akatsak zuzentzeko. Eta ongi egindakoak ere aztertu ditugu. Biharko neurketan Huescaren kontrakoaren antza izan dezake, Betisi ere baloiarekin joko landua egitea gustatzen baitzaio. Azterketa ona egin dugu; ea zelaian igartzen den.

Atseden hartzeko oso denbora gutxi izan duzue sasoi batetik bestera. Hori izan daiteke lesioen izurritearen eta taldeko ikurretako batzuen ezinaren atzean dagoen arrazoia?

Lesioei dagokienez, irakurri dut 200 lesiotik gora izan direla ligan konfinamendutik itzuli ginenetik. Basakeria da. Gu ari gara izaten talde kaltetuenetako bat, eta ez da batere samurra. Birusarekin zorte handiagoa izan dugu orain arte, baina arazo fisikoak etengabeak ari dira izaten. Eta, bestalde, egia da jokalari batzuk ez daudela agian iragan sasoiko mailan, baina denboraldia oso luzea da, eta ziur nago itzuliko garela gure bertsiorik onenera.

Zenbateraino ari zarete nabaritzen Pervis Estupiñanen hutsunea?

Garbi dago Pervisek sakontasun handia ematen zigula ezker hegalean, baina badakigu Osasuna garela, eta ia ezinezkoa zen hura hemen mantentzea. Oso gaztea da, utzita iritsi zen, eta osatu zuen denboraldiaren ondotik, gurea bezalako klub baten erosahalmenetik at zegoen. Hori onartu egin behar dugu, eta aurrera begiratu. Postua ahal bezala ari gara betetzen. Juan Cruzek oso lan ona egin zuen Bigarren Mailan, eta ziur nago asko emango digula.

Hutsunerik mingarriena, dena den, zaleena da. Haien bultzadarik gabe, oso zaila da Sadar gotorleku bihurtzea, ezta?

Oso tristea da futbolean horrela jokatzea, eta sekulako gogoak ditugu normaltasunera itzultzeko. Alde batetik, horrek esan nahiko lukeelako osasun egoera bere onera itzuli dela. Eta bestetik, guretzako akuilu itzela izango litzatekeelako. Ziurrenik, zaleen hutsuneak kalte gehien egin dion taldeetako bat gara, Sadarreko giroak puntu asko batzen laguntzen baitu, beste zelai batzuekin alderatuta.

Ohitzerik badago zalerik gabe jokatzera? Ala partidek beti dute nolabaiteko entrenamendu kutsua?

Ohitzen zara, baina horrek ez du esan nahi jendea faltan botatzen ez duzunik. Bizi osoa daramagu zaleen begiradapean jokatzen, eta horrek partidan sartuago egoten laguntzen dizu. Dena askoz ere gehiago gozatzen da. Edonola, Lehen Mailako partidetan asko dago jokoan, eta tentsioa eta arreta nahitaez izan behar duzu.

Sailkapena oso estu dago azpiko postuetan. Gainera, igo berri gehienak oso lehiakor dabiltza. Mailari eusteko helburua beste urte batzuetan baino garestiago egongo al da?

Hala dirudi. Sasoia hastean, esperantza duzu igo berriak makal arituko direla, gu orain dela lau urte bezala. Baina ez, Cadiz eta Elx puntu asko ari dira lortzen. Oraingoz, ematen du gauzak oso parekatuta egongo direla jaitsieraren borrokan. Oso zaila izango da erosotasunez mailari eustea.

Helburua lortzeko, zuek pizgarri berezia duzue: klubaren mendeurrena.

Oso polita da. Aurreko denboraldietan ere erabili dugu pizgarri bezala. Orain dela bi urte bai ala bai igo nahi genuen Lehen Mailara, mendeurrenari begira; eta aurreko sasoian, salbazioa lortu behar genuen ospakizuna gorengo mailan egin ahal izateko. Eta orain, festa ez aldrebesteko eutsi behar diogu mailari. Helburuak lortzen joateko hauspoa ematen digu mendeurrenak.

Dagoeneko taldeko beteranoetako bat zara. Alor pertsonalean, nola sentitzen zara?

Hau oso azkar doa. Ia oharkabean igaro zaizkit lehen taldean daramatzadan urteak. Jada sei denboraldi daramatzat profesional bezala, eta oso pozik nago. Zelaian nahiko sentipen onak ari naiz izaten, eta azken partidetan jarraitutasun apur bat eduki ahal izan dut. Ez dira neurketa errazak izan, baina ondo ikusi dut neure burua. Orain lehia handiagoa izango da nire postuan, Aridane jokatzeko prest baitago, baina hori ona da taldearentzat. Lehia polita izango dugu. Aulkira itzultzen banaiz, onartu egingo dut, eta babesa emango diet jokatzen dutenei. Izan ere, jokatzen duzunean babes hori jaso nahi izaten duzu taldekideen aldetik.

Funtsezkoa izan zinen Lehen Mailara igo zen taldean, baina lesio larria izan zenuen Alcorconen zelaian, eta David Garcia eta Aridaneren itzalean gelditu zara geroztik. Nola bizi izan duzu prozesu hori guztia?

Ez dago momentu onik belauneko lotailu gurutzatua apurtzeko, baina amorru handia eman zidan, ia bi hankak Lehen Mailan baikenituen. Dena ari nintzen jokatzen, eta zapuztu egin zitzaizkidan hurrengo sasoiari begira nituen ilusioak. Gero, Aridane eta Davidek maila bikaina eman zuten joan zen denboraldian, eta oso zaila izan da tokia egitea. Eta jokatzen hasi nintzenean, arazo bat izan nuen belarrian, eta lanak eman dizkit. Sasoi-aurrean, berriz, sekula izan gabeko lesio bat izan nuen giharretan. Gauza asko pilatu zaizkit, baina pixkanaka, sasoiko sentitzen ari naiz berriro.

Zure hastapena ez zen samurra izan lehen taldean. Jan Urbanek ez zizun aukerarik eman, eta utzita atera behar izan zenuen, Bigarren B Mailako Tudelanora. Orain dela zazpi denboraldi izan zen hori. Orduan, begiak itxita sinatuko zenukeen gaur egungo egoerara iristea, ala?

Noski. Tuterara joatea azken aukera baten modukoa izan zen. Pare bat sasoi neramatzan Osasunan tokia egin ezinik, eta denboraldi hartan amaitzen zitzaidan kontratua. Trenak alde egin behar zidan, eta baliatu egin nuen Tuterako aukera, Manix Mandiolaren laguntzaz. Harekin, zenbait gabezia konpondu nituen, eta konfiantza handiarekin itzuli nintzen Osasunara. Samurtasun handiz oroitzen dut Tuteran emandako denboraldi erdia, eta oraindik harremana dut presidentearekin.

Zuk bere garaian bizitzako antzeko egoeran daude orain harrobiko zenbait jokalari. Deialdietan sartzen dira, baina ezin dute azken pausoa eman. Zer esaten diezue kapitainek?

Lehen taldearekin entrenatzen direnerako, zerbaitengatik da. Kalitatea badute. Nik lasaitasuna igortzen diet, prozesu zaila delako. Eliteko talde batean tokia egiteko, pazientzia eduki behar da. Eta zortea ere bai, aukerak jaso eta baliatzeko. Galbahea oso estua da, eta haiek badakite.

Zu erabat finkatuta zaude: 2023ra arte berritu duzu kontratua. Nola dakusazu etorkizuna?

Sasoi honetan bukatzen zitzaidan kontratua, eta Osasunak interesa erakutsi zuen luzatzeko. Nik ez nuen ateratzeko planik; pozarren nago, hau nire etxea eta nire betiko taldea baita. Kontratu berriak egonkortasuna eta konfiantza emango dizkit aurrera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.