Gorka Azkarate.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Finala. ANALISIA

Txahala zezen bihurtu zenekoa

2015eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko bi ekinaldietan bigarren postuarekin konformatu ostean, Añorgako txahalak Gipuzkoako txapela jantzi zuen atzo Illuben, ondo merezita, gainera. Iñaxik bakarrik ez, Beñat, denok opa dizugu «txapel horri begira eta txapel horrekin gozatzea». Finala parekatu xamar joan zela esango nuke, eta buruz-burukoa jokatuko zuten bi bertsolarien izenak entzun aurretik Beñat eta Alaia askoren kinieletan zeuden arren, inork ez zuen beste inor modu nabarmenegian baztertzen. Eta behin buruz-burukora iritsita, puntuazioei gainbegiratua eman besterik ez dago: enpate teknikoa Beñat eta Alaiaren artean: seiko motzean eta kartzelan puntu kopuru berdina biek eta puntukako saioan esku bakarraz konta ahal den puntu sortatxoa añorgarraren alde. Amaieran, mila puntuko eskalan, 19 puntuko aldea baino ez, hots, %2a. Huskeria.

Baina izan zen zer azpimarraturik buruz-burukora heldu aurretik ere, nahiz eta giroak ez zuen beharbada gehiegitan eztanda egin. Bertso on asko ariketen joanean, bertsoaldi beteak ere bai bat, bi edo hiru baino gehiago, baina zerbait falta izan zitzaion saioari benetako borobiltasuna izateko. Jendearen komunerako joan-etorri kopurua hartu baliteke termometrotzat... Seinale txarra. Edozein kasutan, benetan txalotzekoa izan zen zortzi bertsolariek egindako ahalegina, eta ez finalean bakarrik, baita Illunberainoko bidean ere. Bakarren bat, gainera, bide luzea eginda iritsi zen azken geltokira, udaberrian hasita, alegia.

Telefono mugikor eta whatsapParen garai ero honetan, solaskide batek ziostan umore gutxiegi ez ote zegoen saioan. Egia da, dosi neurtutan banatzen direla horrelako finaletan eta txapelketetako saioetan orohar umorezko bertsoaldiak eta horioetan asmatzea ere ez dela beti erraza, poltsa beroak gorabehera, baina benetako bertsozaleak estimatuko zuen, estimatuko zuenez, zortzi protagonistek utzitako arrastoa.

Atseden hartu eta balorazioak egiteko tartea izango dute Gipuzkoan bertsoaren familia osatzen duten kide guztiek datozen hilabeteetan. Gipuzkoa Bertsotan udaberrian eta txapelketa udazkenean, hilabete asko dira eta hilabete askotako lana dago atzean. Hobetzeko gauzak egongo dira noski baina esango nuke pozik egoteko moduan dagoela Gipuzkoako bertsolaritza. Zorionak denei eta jarrai dezagun lanean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.