Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Asteasun, astea sutan

Amaia Agirre -

2018ko ekainak 15
Bilatzailean ez da emaitza bera jasotzen Lopetegi edo Lopetegui idatzita. Ez da gauza bera As, Marca, La Vanguardia edo BERRIA irakurtzea. Asteasun galdezka aritu eta jaso diren erantzunen hautaketak ere ez du zerikusirik komunikabide batean eta bestean.

Asteasun bizi naiz, bai, Asteasun. Mundu mailan hitzetik hortzera dabilen entrenatzailearen jaioterrian. Eta ni ere atera naiz plazara, eta gertatu dena erlatibizatzeko eta ulertzeko nahia irakurri dut Julenen gertukoen begietan. Iritziak iritzi, ezin adostasunera iritsi. Gertukoek errespetua eskatzen dute Espainiako selekzioko entrenatzaile kargutik bota dutenarentzat. Zenbait futbol talderen atzea zaindu duen atezaina atzea bistan geratu dela diote beste batzuek.

Asteasuko kiroldegiaren horman Gane o pierda España es una mierda idatzia agertzen dela irakurri dut egunkari batean. Julenek Ocho apellidos vascos dituela baina Espainia ordezkatzen ari dela nabarmendu du beste egunkari batek. Asteasu eta Julen euskaldunak izan arren, oinarrian dagoena zer den jakinarazi nahi al digute? Herriko neska-mutilek esku artean Espainiako selekzioko albumak osatzea helburu dutela ohartarazi, beharbada? Gure kontraesanak bistaratzea edo euren egia inposatzea. Zein da helburua? Eta intentzioa?

Familiako jatetxeko parrilapeko sua zaintzen txikitatik ikasi zuenak sua piztu du Real Madrilekin hitzarmena izenpetu duela jakitean. Tratuak eta gauzak egiteko moduan ez omen du asmatu. Ni hor ez naiz sartuko.

Muskerraren bidean oinez noala izan ditudan pentsamenduak dira hauek denak. Talde gorria utzi eta zurirako bidean arrastaka irudikatu dut Julen. Narrasti askok larrialdi egoeretan ihes egin dezakete isatsa bertan utzirik, gerora berriz ere hazteko esperantzan. Aurrez aurre abiadura handian datorkion suzko esferak ez bekio eraiki eta babesten duen sarea zula, eta atzea orain arte bezain ondo zain dezala baino ez diot opa, aurreiritziak aurreiritzi eta kontraesanak kontraesan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna