Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Tristeena eta zoriontsuena

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Badoaz onenak etengabeko isurian. Azkenekoetako bat, Koteto Ezkurra erremontista handia. Bere agurraren bideoak bost minutu eta erdi irauten du, eta 43. segundoan hunkitzen da lehen aldiz, «tan-tan… tan bonito» esaten duenean, esaldiari emozioa gehitzen dion tam-tam soinu eta guzti. Miresgarria da halako gizon zailduaren eta bere matrailezurraren arteko borroka mitologikoa: matrailezurraren dardarak sinbolizatzen du Ezkurraren barruko emozio eutsi ezina, eta Ezkurrak berak sinbolizatzen du emozioei eutsi beharraz gizonoi milaka mendetan irakatsi zaigun guztia. Itxura batean, erremontista baten agur soila da; baina bost minutu horietan gizontasunaren eta keriaren historia osoa kabitzen da.

Garai batean, gizonezko kirolariek ez zuten hainbeste negar egiten agurraren tenorean (emakumezko kirolariek egiten ote zuten, auskalo: emakumeen kirola ez bazen komunikabideetan agertzen, pentsa euren agurrak). Boteprontoan, pentsa liteke ona dela hori, hasi direla gizonak ere barruak husten, emozioei bidea ematen. Alabaina, futbolari batek ez du negarrik egiten, adibidez, larrutarako erabili duen neskaren bideoa baimenik gabe haizatzen duenean. Ez: barrua hustuz, negar egiten du bere bizitzaren parte bat amaitu denean, munduak ostiko zehatz horien premia balu bezala.

Futbola bizitzaren erdigunean jarrita, barrua husten duen gizon batek xalo-xalo esan dezake bere bizitzako egunik tristeena eta zoriontsuena elkarren segidako bi egun izan direla: tristeena, amaren heriotzaren egunarekin batera, talde batetik bota zutenekoa. Zoriontsuena, berriz… tira, beste zerbait espero zitekeen hiru seme-alabaren aita den gizon baten aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.