Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Mamu-ehizan

Julen Gabiria -

2018ko ekainak 14
Askoz lasaiago geratu nintzen, baina askoz, joan den astean irakurri nuenean Espainiako Segurtasun zuzendari berria Pedro Baños dela, militar bat, Iker Jimenez showman-aren telebista saioan mamuak bilatzen aritutakoa. Lasaiago geratu nintzen, baina ez Espainiako segurtasunagatik, ezpada egunkari honengatik: Pedro Sanchezek fitxaketa hori egin badu, hain larria ere ez da izango BERRIAk futbolaz tutik ere ez dakien zutabegile bat fitxatzea Munduko Futbol Kopari buruz idazteko.

Jakina, egunkari honetako arduradunek ez zuten nire ezaugarri horren berri: futbolaz ez jakiteaz gain, gustatu ere, ez zaidala fitsik gustatzen. Eta esan nezakeen ezetz, karguari duintasunez uko egin; baina une batez Lee Chun Soo korearrarekin gogoratu nintzen, berak ere lotsa handirik gabe eman baitzion baiezkoa Realari, gutxi gorabehera nik BERRIAri emandako eran. Beraz, lasaitu nintzen batekin, lasaitu nintzen bestearekin, eta, azkenik, hona hemen ni, erabateko iruzurraren ordezkari, oraindik egin ez dudan pupuan trapua jarrita, zer gerta ere.

Baina, futbola ez gustatuta ere, Munduko Kopekin beti gozatu izan dut, ziurrenik munduko tentsio politikoen eskala txikiko gerra-simulakroak iruditzen zaizkidalako partida hauek. Gaurko Errusia-Saudi Arabia partidak, adibidez, petrolioaren etorkizuneko prezioa erabakiko du. Berdindu egingo dute, hori ere argi esaten dizuet (porraren bat egin nahi baduzue ere), petrolio-esportatzaileen kaobazko mahaietan sinatutako aliantzak ez direlako jolastxo ziztrin baten erruz hondatu behar. Baina berdintzen ez badute ere, etzi hemen izango nauzue berriro, duintasun gutxirekin baina are lotsa gutxiagorekin, mamuak ikusten segitzeko prest.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna