Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

'Hinchar las pelotas'

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ez dut partida ikusi, aitortzen dut. Badakit emaitza, aitortzen dut. Egia esan «ez zait batere inporta» sinistu nahi dut.

Portugal eta Espainia, aurrez aurre. Jokoan ez dakit paretsu dabiltzan, baina jokoz kanpo daudela adierazten duten banderatxo gorri bana jasota dute ezker eta eskuin hegaletan. Hori gutxi balitz bezala, barne krisiak erdigunean.

Merezi zuen goi mailako lehen partidua izan omen zen atzokoa. Batzuk goratzeko besteak gutxietsi beharra, hori da legea! Espainiako kazetarien fedea eta sinesmena banu, ni ere ur gainean oinez ibiltzeko gai nintzateke.

Baina goazen harira, urak ez baitaude bare. Espainiak entrenatzaile aldaketa, eta Portugalek euren taldearekin kontratua hautsi duten lau jokalari selekzioko hamaikakoan.

Maiatzaren erdialdean Lisboako Sporting taldeak ez zuen Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortzerik izan, eta hori izan bide zen motiboa berrogeita hamar jarraitzaile edo hincha ultra euren onetik atera eta erasoan hasteko. Buruak estalita zeramatzaten jarratzaileek jokalarien buruak kolpatu arteko bakerik ez! Berriz ere futbola eta biolentzia. Hincha izatea zer den zalantza sortu zaidanez, Wikipediari galdegin diot, eta irribarre bat lerratu zait amorrazioaren azalean.

Hincha terminoak Montevideon omen du jatorria. Miguel Reyes izeneko bat baloiak puzteko kontratatu omen zuten (para hinchar las pelotas de juego). Ondorioz, hincha goitizena erantsi zioten. Tricolores taldearen jarraitzaile sutsua omen zen, eta bere animo oihuak beste jarraitzaile ororen gainetik nabarmentzen ziren. «Begira nola oihukatzen duen Hinchak», esaten zuten.

Pelotak puzten hasi zenaren omenez jarritako izendapena da hincha, baina metaforikoki pelotak puzten zaizkienean ultra horiei dena ez dela libre ohartarazi behar zaie!

Tricolores taldea ez nuen ezagutu, baina gaur egun zeinahi talderen elastikoaren koloreez gain futbolak ere baditu bere hiru koloreak. Bat gorria da, odolarena, amorruarena, biolentziarena. Beste bi koloreak ez nago ziur zeintzuk diren. Baina antzeman ditzaket. Beldurrak eta arriskuak zer kolore dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.