Euskal taldeak, liga hasierari begira. Reala

Dinamita apur bat, Realak Europan jokatzeko postuak bereganatu ditzan

Koska bat gorago amaitzea xede, azalberrituta daude txuri-urdinak. Imanol Alguacilek lehen aldiz gidatuko du taldea denboraldi hasieratik

Realeko jokalariak Alavesi sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Iragana gogoan eta ahoan bilorik gabe. Aurreko sasoian erdipurdi aritu arren, azken jardunaldira arte Europarako sailkatzeko aukerak izan zituen Realak. Galdutako abagune hura ondo gogoan dute txuri-urdinek. Ez dira gutxi izan aurten helburua sailkapeneko lehen postuetan amaitzea dela aitortu duten Realeko kideak. Maiatzean puntu bakar batek galarazi zion Europa ligako kanporaketa aurrekoak jokatzea, eta arantza hori ateratzea du xede Donostiako klubak. Argi du noraino heldu nahi duen.

Gisa horretako helburu batek biltzen duen zailtasunaren jakitun, txuri-urdinek zenbait berrikuntzarekin ekingo diote sasoiari. Zelai erditik aurrera izango dituzte gehienak; dinamita apur baten jabe egin dira, desiratutako postuak konkistatzeko. Hala, Alexander Isak, Martin Odegaard, eta Cristian Portugues batu ditu erasora, eta aurrez dabiltzanekin Reala gorengo postuetara eramatea izango dute xede. Eraso onak defentsa egokia eskatzen duenez, Roberto Olabe kirol zuzendariak bi jokalari ekarri ditu atzealdea hobetu asmoz: Alex Remiro atezaina eta Modibo Sagnan erdiko atzelaria.

Nolanahi ere, azken urteetan etxean aritutako jokalariek osatuko dute multzorik handiena, eta haiek izango dira taldearen bizkarrezurra: Asier Illarramendi, Willian Jose, Igor Zubeldia, David Zurutuza, Adnan Januzaj, Mikel Merino eta enparauak.

Haien guztien gainetik, ordea, izen bat nagusitu da udan: Mikel Oiartzabalena. Manchester Cityk fitxatu nahi zuela zabaldu zen, eta Realaren harribitxia Ingalaterrara joatea kolpe latza litzateke Imanol Alguacilen taldearentzat. Ez da halakorik gertatu; herenengun, jokalariak berak esan zuen gustura dagoela Realean.

Irteerak ere, nahikotxo

Donostiara zenbait jokalari iritsi dira, baina luzeagoa da taldea utzi dutenen zerrenda. Iaz utzita aritu ziren Sandro Ramirez eta Theo Hernandez ez dira Anoetan izango. Ezta Juanmi Jimenez, Hector Moreno, eta Geronimo Rulli ere. Atezaina utzita ariko da Frantziako ligako Montpellier taldean, eta haren joanak zeresana piztu du. Horiez gain, Alex Sola, Jon Guridi, Jon Bautista eta Martin Merquelanz ere utzita ariko dira. Atzo ezagutu zen Raul Navas ere utziko duela klubak; Osasunarekin arituko da, eta sasoi amaieran jokalaria erosteko aukera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.