Adabakiak jarri behar

Ibai Gomez eta Jony gabe arituko da Alaves gaur, Montilivin. Abelardok 50. partida beteko du arabarren aulkian, non eta debuta egin zuen zelaian
Alaveseko Tomas Pina Valentziako Daniel Wassekin lehian, aurreko larunbatean Mendizorrotzan jokatutako partidan.
Alaveseko Tomas Pina Valentziako Daniel Wassekin lehian, aurreko larunbatean Mendizorrotzan jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 12
Aztoratzeko arriskua du Alavesen hegaldi sendoak. Aste honetan bi hegalak zulatu zaizkio: Ibai Gomez Athleticera itzuli da Gasteizen bi urte eta erdi eman ondotik, eta Jonyk hilabete inguru eman beharko du zelaietatik kanpo, orkatilan min duelako. Hori horrela, adabakiak jarri beste erremediorik ez du izango Abelardok hurrengo partidetan; hasteko, gaur, Gironaren zelaian. Lehen itzulia behar bezala bukatzen ahaleginduko dira arabarrak, hirugarren garaipena kateatu eta Txapeldunen Ligako postuei eutsita.

Ibairen salmenta izan da azken egunetako mintzagai nagusia Alavesen inguruan. Alor ekonomikoari erreparatuta, ona da eragiketa Gasteizko taldearentzat, lau milioi euro inguru jaso baititu ekainean kontratua amaitzen zitzaion jokalari baten truke. Martxan dituen proiektu estrategikoak aurrera ateratzen lagunduko dio diru sarrera horrek. Txanponaren beste aldean, berriz, kirol esparrua dago. Taldeko giltzarrietako bat zen Ibai, zelaian nahiz zelaitik kanpo, eta, hark Bilborako bidea hartuta, hutsune handia sortu zaie arabarrei.

Abelardok «eskerrak» eman zizkion atzoko agerraldian, «eredu» izan delako. Orain, hegaleko jokalari bat aurkitzea dagokio Sergio Fernandez kirol zuzendariari; zer esanik ez Jonyk asteazkeneko lan saioan min hartu eta gero. Kolpe gogorra jaso zuen orkatilan, eta lau eta sei aste artean igaro beharko du jokatu gabe. Sergio Fernandezen senaz fio da Abelardo, baina, era berean, uste du zaila izango dela norbait fitxatuta betetzea hutsuneak. «Kirol zuzendaritza beti doa bide onetik, baina neguko merkatua ez da erraza. Nahi duguna aurkitu ezean, gauden bezala geldituko gara, eta kito. Ez dugu inor ekarriko soilik taldea betetzeko».

Bada, fitxaketarik ez bada heltzen, Burguik eta Sobrinok dute hegalen jabe egiteko aukerarik handiena. Gaur biak hasieratik aritzea espero da.

Bestelakoan, partida bateko zigorra bete ostean, Duarte hasierako hamaikakoan izango da seguruenik. Euskarrian, litekeena da Pina eta Manu Garcia berriz ere titular gisa aritzea. Defentsaren erdigunean finkoak dira Laguardia eta Maripan, aurrean Baston eta, batik bat, Callerirekin gertatzen den bezalaxe. Atzeko eskuin hegalean, berriz, ikusi beharko da Martinek edo Ximo Navarrok, bietako nork jokatuko duen.

Zelai berezi batean partida berezia biziko du gaur Abelardok. Montilivin zuzendu zuen estreinakoz Alaves, 2017ko abenduaren 4an, eta bertan eseriko da 50. aldiz arabarren aulkian. Gainera, teknikari espainiarrak 100. neurketa izango du Lehen Mailan. Gaur-gaurkoz, ez du kontratua berritzeko eskaintzarik jaso, baina ez omen dago kezkatuta: «Goiz dela uste dut». Realaren balizko interesaz galdetuta, harridura erakutsi zuen. «Ez dut ideiarik ere. Ez dut egunkaririk irakurtzen, eta, gainera, pozarren nago hemen».

GIRONA-ALAVES

Girona. Bono; Pedro Porro, Ramalho, Espinosa, Juanpe, Granell; Douglas Luiz, Aleix García, Borja García; Portu eta Stuani.

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Sobrino, Tomas Pina, Manu García, Burgui; Baston eta Calleri.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Montilivi (13.500 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).