Reala 0-0 Girona

Saiatzea ez da nahikoa

Partida eskasa jokatuta, Realak hutsean berdindu du Gironaren aurka. Anoetan irabazi ezinik jarraitzen du Garitanoren taldeak

Sandro Ramirez, aukera bat huts egin berritan. Arrisku gehien sortu zuen jokalaria izan zen. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Realeko Kevin Rodriguesi, Asier Illarramendiri eta Aritz Elustondori; eta Gironako Pedro Porrori. Bestelakoak. 20.997 ikusle Anoetan; Gironako zenbait zaletu.

Nahi eta ezin. Astelehen luzeari amaiera gozoa eman asmotan joan ziren Realeko zaleak Anoetara, baina halakorik lortu gabe etxeratu behar izan zuten atzo. Hutsean berdindu zuten txuri-urdinek Gironaren aurka, partida eskasa jokatuta, eta puntu banaketak ez zituen gustura utzi donostiarrak. Bi taldeek izan zituzten gola sartzeko aukerak, baina otarra hutsik zutela amaitu zuten partida. Reala gehiago izan zen jokoan partidako une gehienetan, baina etxean garaipenik lortu gabe jarraituko du, gutxienez, azarora arte.

Azken partidatik aldaketa bakarra egin zuen Asier Garitanok. Sandro Ramirez kokatu zuen aurrelari gisa, eta aulkian utzi zuen Luca Sangalli. Guztira, harrobiko zortzi jokalari aritu ziren hasieratik. Gironak, aldiz, zenbait aldaketa egin zituen hamaikakoan, eta Eusebio Sacristanek aulkian utzi zuen Christian Stuani, Espainiako Ligako golegile nagusia.

Partida hasi berritan aurkariaren indarrak neurtzeari ekin zioten bi taldeek. Zelaian kokatu arte ez zuten erasora jo, eta Reala izan zen lehendabizikoa horretan. Jon Bautista izan zen arriskua sortzen lehendabizikoa; errenteriarrak seigarren minutuan egin zuen partidako lehen jaurtiketa, baina kornerrera urrundu zuen Bono atezainak. Maila onean aritu zen marokoarra, haren geldiketek ziurtatu baitzuten bisitarien puntua. Ruben Pardok izan zuen bigarren aukera; errioxarrak 26 urte bete zituen atzo, eta gogotik saiatu zen urtebetetze egunari ginga jartzen, baina alferrik.

Partidak aurrera egin ahala zelaian nagusitzen hasi zen Reala, baina min egiteko zirrikiturik aurkitu gabe. Hutsal ari zen jokoan, sakontasunik gabe, eta Sandro zen arrisku gehien sortzen ari zena. Haren jaurtiketa bat izan zen lehen zatiko aukerarik garbiena. Indarrez jo zion baloiari area ertzetik, baina atezainak ukitu eta gero zutoinak oztopatu zuen Realaren gola.

Gola sartzeko aukera izan zuen Gironak partida atsedenaldira iristear zela. Raul Navasek ez zuen asmatu kataluniarren erdiraketa bat aldentzen, eta Miguel Angel Moya atezainari iritsi zitzaion baloia. Honek ez zuen asmatu, eta larri ibili zen. Atzelariek aldendu zuten baloia.

Berdintsu itzuli ziren jokalariak aldageletatik. Bi taldeak etenik gabe ari ziren gailendu nahian. Alabaina, partidak berdinduta jarraitzen zuen; bai markagailuan, baita jokoan ere. Sandro izan zen gola lortzeko gosea erakutsi zuen bakarrenetakoa, eta beste bi aukera izan zituen. Beste behin, zutoinak eta Bonok galerazi zuten txuri-urdinak markagailuan aurreratzea. Neurketaren hondarrean bizitu egin zen partida, baina inork asmatu gabe. Azkenean, zapore ezberdineko puntu bana jaso zuten Realak eta Gironak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.