Ilimane Diop. TD Systems Baskoniako jokalaria

«Ahalik eta urrunen heldu nahi dugu»

Zortzigarren denboraldia du Baskoniako lehen taldean harrobiko jokalariak. Kapitainetako bat da Senegalgo pibota. «Ilusioz» ekingo dio bihar Euroligari, Real Madrilen aurka.

RAMON DE LA ROCHA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
TD Systems Baskonian denboraldi gehien daraman jokalaria da Ilimane Diop (Dakar, Senegal, 1995), nahiz eta 25 urte bakarrik dituen. Zortzigarren sasoia betetzen ari da hasi berri den honetan. Urtez urte ari da hobetzen bere jokoa, eta taldearen jokoan gero eta garrantzi handiagoa dauka. Defentsako lanean nabarmentzen da batez ere, eta erasoan ere taldea elikatu nahi du. «Beti dago zer hobetu», esan du. Badauka denbora horretarako, 2023ra arte luzatu zuelako kontratua aurreko sasoia amaitu eta gero.

Zein da Baskoniaren helburua Euroligan?

Talde guztien aurka lehiatzea da lehendabizikoa. Gero, horretan oinarrituta, ahalik eta urrunen heldu nahi dugu, eta kanporaketak jokatu. Horretarako, lan handia egin behar dugu, eta taldeko kide guztiok norabide berean joan.

Hain luzea izanik lehiaketa hau, onena ez al da partidaz partida joatea?

Jakina. Ez dakizu zer gertatuko den hemendik bi hilabetera, adibidez. Partidaz partida joan behar da, eta bakoitzak bere onena eman.

Denboraldi honetan, aurrekoetan ez bezala, aurreneko partida gehienak etxean jokatuko dituzue: zazpitik bost. Hasiera horrelakoa izatea gustatzen zaizu?

Azkenean, partida kopuru bera jokatu behar da. Egia da etxean jokatzea beste zerbait dela, eta gainera, ikusleak ere izango dira. Asko ez, baina inor ez egotea baino hobea izango da. Dena dela, gauzak ondo egitea da garrantzitsuena, etxean edo kanpoan jokatzearen gainetik.

Itxuraz, hasiera samur samarra da: Real Madril izan ezik, Izar Gorria, Zenit, Khimki eta Alba, dirudienez, ez direlako aurkari gogorrenak, denak onak badira ere. Ondo hastea oso garrantzitsua da, ezta?

Funtsezkoa da. Lan ona egin nahi duenak, ondo hasi behar du. Baina beti ez dira gauzak nahi bezala ateratzen, eta ondo hasiko ez bagina, bidea zuzentzeko aukera dago amaieran. Ondo hasten bagara, hala ere, lagungarria izango zaigu ondo segitzeko gero.

Zein dira aurkari gogorrenak?

Talde guztiak dira onak. Denek egin dituzte fitxaketa bikainak, eta jokalari guztiok daukagu aparteko motibazioa Euroliga jokatzeko. Oso lehiaketa ona da, maila altukoa. Ez nuke talderik baztertuko ezertarako.

Partida bakar batera, aukera gehiago daude talde handiei irabazteko; baina gero, kanporaketetan, zailagoa da halakoak kanporatzea?

Bai, zailagoa da. Baina saskibaloia da, eta ez dakizu zer gerta daitekeen. Egun ona baduzu, ezustea eman dezakezu kanporaketan ere. Azkenean, aurkariaren mende baino norbere esku dago. Aldagai garrantzitsua da, adibidez, partidak planteatzekomodua ona izatea. Egia da talde handiek aukera gehiago dituztela, baina hau saskibaloia da, eta jokatu egin behar da.

Harrobiko jokalaria zara; zer dazuretzat munduko bigarren ligarik onena jokatzea?

Harrotasuna ematen dit, eta ilusioa. Ezin du mundu guztiak honaino iritsi. Denboraldi batzuk badira Euroligan jokatzen ari naizela, eta gehiago izatea nahi dut. Horretarako, lanean jarraitu behar dut.

Zer ikasi duzu Euroligan?

Jokoaren maila oso handia da, eta onenen aurka jokatzen da azkenean. Lehiaketa honetan asko ikas daiteke, eta beti ematen dizu hobetzen jarraitzeko aukera.

Nor da Euroligan aurrez aurre izan duzun jokalaririk onena?

Asko dira, gehiegi [barrezka]. Nire postuan oso jokalari onak daude, denboraldi bikainak egindakoak. Ante Tomic eta Ian Vesely, adibidez, oso onak dira. Hala ere, hainbeste direnez oso onak, zaila da bakarra aukeratzea.

Herrialde askotara bidaiatu beharko duzue. COVID-19ak kezka sortzen dizu horregatik?

Ez, ez dut kezkarik. Mundu guztia oso egoera zailean dago, gu ere bai, eta ahalik eta lasaien bizitzea komeni da. Baina neurriak hartuz. Bizitza bizi egin behar da, eta birus honekin bizi beharko dugu. Neurriak hartzen segitu beharko dugu, arduraz.

Zortzigarren denboraldia duzu hau Baskoniaren lehen taldean. Hobetuz joan zara urtez urte, baina zer duzu hobetzeko oraindik?

Norberak baloratzen du zertan ari den. Neure gainetik taldea jartzen dut, eta taldeari eman diezaiokedana da neurria. Jokoaren arlo guztietan eman nahi diot zerbait taldeari, eta beti dago zer hobetu: erreboteak, erasoan gehiago ematea eta abar. Hobetzen dudan guztia ona izango da niretzat eta taldearentzat.

Taldeko kapitainetako bat zara denboraldi honetan. Harrobiko jokalari batentzat zer esanahi dauka horrek?

Ardura handia da, Baskonia klub handia delako. Hartu egin behar da ardura hori. Eredu izan behar dut, eta irudi ona ematen saiatu.

Harrobitik datozen beste hiru jokalari ere jokatzen ari dira sasoi honen hasieran: Tadas Sedekerskis, Arturs Kurucs eta Sander Raieste. Aparteko ilusioa eragiten dizu horrek?

Bai. Ni ere harrobitik nator, eta ilusioa egiten dit hiru horiek gurekin izateak. Ea ondo ateratzen zaizkien gauzak. Ona izango da haientzat eta taldearentzat, jakina.

Baskonia nortasuna ari da erakusten denboraldi hasiera honetan. Jokatzeko modu bat antzematen zaio. Zenbateko eragina dauka Dusko Ivanovicek horretan?

Entrenatzailea da taldeko burua, eta hark jartzen du erritmoa, gauzak egiteko modua eta abar. Berak agintzen du. Lan handia egiten du. Taldea bide onetik darama, eta guk prest egon behar dugu hortik jarraitzeko. Garrantzitsuena Duskok esaten duen horretan sinestea da.

Zer eman dio taldeari iazko abenduan Baskoniara itzuli zenetik?

Lan handia egin genuen, eta konfiantza eman zigun. Hori izan zen gakoa.

Baskonia eraberritu hau sendoa izaten ari da defentsan. Aurreko denboraldikoarekin alderatuta, erasoan baloia ondo mugitzen duzue, eta kanpoko jaurtiketetan ere eraginkorrago ari zarete. Erosoago ari zarete?

Bakoitzak bere baliabideak dauzka. Iaz Xengelia geneukan taldean, eta abila zen saskipeko jokoan. Aurten ez dago, eta egokitu egin behar dugu egoera horretara. Kontua ez da talde hau hura baino hobea den edo ez. Erasoan gure baliabiderik onenak erabili behar ditugu, betiere gure jokalarien ezaugarrien arabera. Horrek definitzen du talde bat zer den, etahori da oinarria, azken batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.