Alavesek adi ibili behar du gaur Huescan, etxekoak suspertu egin baitira

Europarako sailkatzeko bidean beste urrats bat egiten saiatuko dira arabarrak sailkapeneko azkenari irabazita

Jonathan Calleri, Pulido Huescako atzelariarekin lehian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Alavesek sailkapenaren goialdean erabat finkatuta helduko die Espainiako Ligako azken 11 neurketei. Orain arte jokatu diren 27 jardunaldietatik 22 eman ditu datorren sasoian Europako lehiaketa batean aritzeko aukera ematen duten postuetan, eta bertan irauten ahaleginduko da sasoiaren azken txanpan. Bosgarren dago, eta bi puntura dauzka Valentzia eta Betis, Europako postuetatik kanpo dauden lehen bi taldeak. Gauzak hala, asteburu honetakoak jardunaldi aproposa dirudi aldea handitzeko. Arabarrek Huesca azken sailkatuari egingo diote bisita gaur, eta bihar jokatuko dute Betisek Getaferen kontra eta Valentziak Bartzelonaren kontra.

Halere, Alavesek hanka bete-betean sartuko luke Huescaren kontrako partida irabazitzat joko balu. Tranpa dauka sailkapenak, Espainiako taldea bertan ematen duen baino hobeto baitago. Hilabeteak daramatza azken postuan, eta 22 puntu baino ez ditu, baina behetik gora doa: azken zazpi lehietan lortu ditu orain arte bildutako puntuen erdia, hiru garaipen eta bi berdinketarekin. Horiek horrela, berreskuratu egin du galdutako esperantza, eta gaur nabarmen hauspotuko luke itxaropena Alavesi irabazita. Izan ere, partida zailak dituzte espainiarren aurkari zuzenek: Celta Real Madrilen zelaian ariko da, eta Rayok eta Vila-realek elkarren aurka jokatuko dute.

Horren aurrean, Huescaren grina berdintzen ahalegindu beharko du Alavesek. Ez dauka aurkariaren itolarririk, inondik ere, baina Europan aritzeko aukera ere ez da edonolako akuilua. Datozen bi jardunaldietan Atletico Madrilen eta Sevillaren aurka jokatuko du; beraz, irabaztea komeni zaio gaur. Lortuz gero, seigarren neurketa izango luke galdu gabe. Bolada onean dago taldea, Burgui ez bezala; hegalekoak nahi baino aukera gutxiago jokatu du orain arte, eta eskuineko belauneko lotailu gurutzatua apurtu du asteon. Gutxienez sei hilabetez egon beharko du zelaietatik kanpo. Duartek ere ez du gaur jokatuko, zauri batengatik.

HUESCA-ALAVES

Huesca. Santamaria; Miramon, Dieguez, Mantovani, Pulido, Ferreiro; Moi Gomez, Herrera, Juanpi; Avila eta Gallego.

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Adrian Martin; Inui, Brasanac, Pina, Jony; Baston eta Calleri.

Epailea. Undiano Mallenco.

Lekua. Alcoraz (7.638 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.