Euskaraldia. IRITZIA

Arnasguneak eta euskara ardatzera ekartzeaz

Iker Salaberria Urkizu - Kontseiluko ildoen koordinatzailea

2018ko azaroak 28
Bermeok hizkuntza-politika aurreratua zuela nabarmendu zen 2016ko Kontseiluaren Udaletako Hizkuntza Politiken Azterketan. Aldiz, Uemak 2017ko urrian Bermeoko eta Ondarroako egoera soziolinguistikoaren inguruan argitaratutako azterketan Bermeoko erabileraren beherakada ikusteak kezka piztu zuen. Nola azaldu halako hizkuntza-politika duen herri batean emaitza horiek jasotzea? Erantzuna argia da: garai batean, Euskal Herriko arnasguneen gizarte-egitura ekonomikoek, sozialek edota kulturalek euren idiosinkrasiari eusteko gaitasuna bazuten. Arnasguneen sistema soziolinguistiko hartan, oraingoan ez bezala, euskararen bizitasun etnolinguistikoa aski beregaina zen.

Aldaketa horrek lotura estua izan du egungo mundu-sistemaren edo gizarte-egituren bilakaerarekin. Ez da alferrik pasatu, herri horietan ere, globalizaziaren uhin uniformizatzailea. Baina, ez hori bakarrik, garraioaren bilakaerak ere herri horiek bere inguruarekin inoiz baino hartu-eman estuagora eraman ditu. Nabarmena da Bilbo handian lan egin eta inguruko herrietara»bizitza egitera» doazenen joan-etorria. Arnasguneetako jendea mundura zabalik bizi da. Gaur eta hemen, bukatu dira arnasguneak ghettizatzeko arriskuaz ohartarazten dutenen arrazoibideak.

Hortaz, zer egin arnasguneak sendotzeko?

Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietako konstatazioa da: alferrik ari gara hizkuntza-politikako sailen esku dauden tresnekin soilik lanean. Tamainako erronkak neurri bereko baliabideak eskatzen ditu. Ezin pentsa liteke arnasguneen atzerakadan eragin duten aldagai nagusienetakoak etxebizitzen eraikuntza eta jende berriaren etorrera izanda, horiei heldu gabe gaia birbidera daitekeenik. Hartara, hizkuntza-politikei buruz aritzetik, politika publikoei buruz, oro har, aritzera igaro behar dugu.

Hori oinarri hartuta, arnasguneen garapen jasangarriari buruz hitz egiten hasi ginen hainbat eragile (Uema, UEU, Gaindegia eta Kontseilua) paradigma horretatik datozkigun ardatzak aintzat hartuta: garapen sozioekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa. Hain zuzen ere, ardatz horien gainean politika publikoei begirako erronkak aurkeztu genituen IV. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian (labur.eus/ArnasguneakPrebentziotikGarapenera). Egin nahi bada, ideiak eta aukerak egon badauden erakusgarri.

Eta Euskaraldiak zein ekarpen egin lezake?

Kontseiluan arnasguneen gaia lantzen hasi ginenean, Uemako ordezkariek bazuten kezka bat: euren herritarrak ez ote ziren beraien pribilegioaz, ez eta euren erantzukizunaz jabetzen. Arnasguneetako ahobiziek argi ikusi ahal izango dute non egin dezaketen eroso euskaraz, non egin behar duten ahalegin berezia eta non ez dieten uzten euskaraz egiten. Horrek, jabetzetik harago, ahalduntze indibidual eta kolektiborako bidea egitea ekar lezake. Egunotan sareetan zabaldu den bideoan Amets Arzallusek dioen bezala: «[…] gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pausu hori».

Arestian aipatutako Uemaren ikerketan nabarmen ageri zen Bermeoko hizkuntza-komunitatea trinkotu eta ahaldundu beharra. Ahalduntze horrek politika publiko guztietan arnasguneak eta hizkuntza-komunitatea ardatzean jartzea ere ekarri beharko luke. Herritarrak eta komunitatea ahaldundu, eta politika publikoen botereaz jabetutakoan soilik lortuko baita arnasguneen eta euskararen garapen jasangarria.

Berba egiteko plaza berriak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna