Bidasoak etxetik kanpo ondo irabazita ekin dio Txapeldunen Ligari

23-25 nagusitu zaio Tatran Presovi, Eslovakian. Bera Berak erabakita utzi du LK Zugen aurkako EHF Kopako kanporaketa (30-16)

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bidasoak Txapeldunen Ligan eskubide osoz dagoela erakutsi zuen atzo Eslovakian. EHFren gonbitari esker ari da parte hartzen Europako txapelketa nagusian, baina Tatran Presoven pistan erakutsi zuen hori dela bere lekua. Partida estua jokatu zuen, eskarmentu handiagoko aurkari batekin, eta bigarren zatian gehiago izan zelako irabazi zion (23-25).

24 urte igaro dira Bidasoak Txapeldunen Ligan azken partida jokatu zuenetik, baina atzo ez zitzaion nabaritu. Europan aritzea urteroko errutina balitz bezala ekin zion lanari. Hasieratik erakutsi zion Presovi ez zitzaiola bisitan joan (5-5, 11. min, eta 10-10, 20. min.). Hamahirunako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Lehen minutuetako kirioak astindu, eta Bidasoak oldarkorrago ekin zion bigarren zatiari. Defentsa are gehiago estutu zuen eta atezainen inspirazio une bati esker hainbat kontraeraso muntatu zituen. Une gozoa baliatu, eta 0-4ko partziala lortu zuen Odriozola, Rodrigo, Zabala eta Caveroren gol banari esker —15-15etik 15-19ra joan zen (46.min)—. Errenta hori gol batean handitu zuen gero (17-22, 50. min.), baina Presovek azken hitza esateke zuen. Etxekoak 22-23 jartzera iritsi ziren, baina Bidasoak ondo eutsi zion presioari azken minutuetan. Odriozola izan zen Irungo taldeko goleatzaile nagusia, sei sartuta.

Bera Bera nagusi

Bera Berak 30-16 irabazi zion atzo LK Zugi eta erabakita utzi zuen EHF Kopako kanporaketa. Itzuliko partida gaur jokatuko du, Tolosan (Gipuzkoa, 12:00), eta ez du izango emozio handirik. Suitzako taldeak hogei minutuz eutsi zion bakarrik Donostiakoari. Bestalde, etxeko ligetan ere partidak egon ziren atzo, eta beste bi euskal taldeek emaitza berdinarekin galdu zuten: 25-26. Zuazok Elxen aurka eman zuen amore, eta Anaitasunak Benidormen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.