Geroari begira jartzeko urratsa

Argantzun ikastolak milaka lagunen babesa izan du Araba Euskaraz jaian. «Aurrera jarraitzeko indar handia» jaso dutela adierazi dute arduradunek, eta ilusioz daude etapa berriari ekiteko, Lehen Hezkuntza abiaraziko baitute.

Belardiak. Gazteen jokoen erdigune bilakatu ziren. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
Argantzun
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aldarrikapen kutsu nabarmena zuen aurtengo Araba Euskaraz jaiak. Argantzun ikastolaren ardura izan da Arabako ikastolen jaia antolatzea. Ateak ireki zituenetik, 2003tik,bizirik irauteko borroka etengabean dabil ikastetxea, banaketa administratiboaren eraginez. Hamabost urte bete ditu ikastolak aurten, eta tarte horretan hirugarrenez antolatu dute festa: 2001ean izan zen aurrena, eta hasi gabe zegoen proiektuari lehen bultzada emateko izan zen; 2007an izan zen bigarrena, eta egitasmoa indartzeko baliatu zuten. Aurtengoak, berriz, etorkizunari begira jartzeko pauso erabakigarria emateko balio izan die. «Eguna primeran joan zen, helburu eta aurreikuspen guztiak bete baitziren. Trebiñuko euskaltzaleen eta ikastolaren egoera ezagutarazi zen, eta oso garrantzitsua da hori guretzat. Oso pozik gaude», adierazi du Saioa Urizar ikastolako irakasle eta zuzendaritza taldeko kideak.

Jaia 10:00etan hasi zen, ikastolaren atarian egin zen ekitaldiarekin batera. Han izan ziren erakundeetako ordezkari gehienak: tartean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria. Argantzun ikastolak euskararen alde egindako lana goraipatu zuten guztiek. Hala berretsi zuen Xabier Arrieta Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariak ere: «Euskara Trebiñun zabaldu bada, neurri handi batean ikastolak egindako lanari esker zabaldu da; ikastolaren inguruan euskal giroa sortzea lortu dugu».

Ordezkarien hitzak entzun ondoren, jaiak bere bideari ekin zion Argantzunen barrena. Hiru gunetan banatu zuten ibilbidea, eta musika emanaldi, ekintza, jolas eta tailerrez osaturiko egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Haur, gazte eta heldu: milaka izan ziren igandean Euskal Herriko txoko guztietatik Argantzunera joan zirenak, eta haien berotasuna jaso zuten antolatzaileek. «Asko eskertzen diegu igandean festara etorri ziren guztiei. Haien babesa jaso genuen, eta aurrera jarraitzeko indar handia eman ziguten», azpimarratu du Urizarrek.

Eguraldia ere lagun izan zuten horretarako: goizak lainotuta ekin bazion ere, berehala argitu zuen, eta eguzkitsu amaitu zuen egunak. Garraio aldetik ere ez zen inolako arazorik izan, antolatzaileen arabera. Trenez, autobusez zein autoz bertaratu zirenek aise egin zuten joan-etorria.

Lehen Hezkuntza helburu

Ikastola txikia da Argantzun: 42 ikasle ditu egun, eta zazpi irakasle. Haur Hezkuntzako etapa eskaintzen dute soilik, baina hazteko bidean eta beharrean da. Izan ere, datorren ikasturtetik aurrera Lehen Hezkuntza ere eskainiko dute. Horretarako, eraikin berri bat egingo dute Manzanos herrian (Araba), Argantzundik bost kilometrora. Urizarrek azaldu zuen: «Trebiñun euskara bizirik mantentzeko eta ikastolari eusteko, Arabara atera behar izan dugu hanka bat, Euskal Herrira». Egonkortasuna emango dio horrek ikastolari, bai ekonomikoki eta baita pedagogikoki ere, ikasleek bertan jarraitzeko aukera izango baitute. «Argantzunen utziko dugu bihotza, baina, aurrera egin ahal izateko, gorputz zati bat hemendik aterako dugu». Horretarako erabiliko dituzte lortutako etekinak, hain zuzen.

Aurreikuspen positiboak dituzte etapa berrirako: 60 ikasle hartzea espero dute, lehen datuen arabera. Langraizko eskolara edota Gasteizko Armentiara joan beharrean, bertan jarraitzeko aukera izango dute ikasleek eraikin berriari esker. Ordea, tentuz hartzeko ohartarazpena egin dute Argantzun ikastolakoek. Atzera begira jarri besterik ez dago horretarako. Ikastolaren hamabost urteko ibilbideak «traba eta oztopo» anitz izan baititu, beste inork izan ez dituenak: arazo ekonomikoak, traba burokratikoak, lege kontuak... Euskararen ofizialtasunik gabeko eremua izaki, laguntzak ere eskas dituzte. Hala ere, «ekinaren ekinez» egin diote aurre zailtasun orori, eta «irrikan» daude geroari ere ilusioz begiratzeko. Indarrak hartu zituzten igandean horretarako, bederen.

Aurtengo lanak amaituta eta helburu guztiak aseta, Argantzun ikastolak Gasteizko Armentia ikastolari pasatu dio Araba Euskaraz-en lekukoa. Haien ardura izango baita 2019ko festa antolatzea. Horrenbestez, Arabako hiriburura itzuliko da jai handia heldu den urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.