Alaves Malagan ariko da gaur, 50 puntuen langa helburu hartuta

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko maiatzak 6
Salbazioa orain bi aste ziurtatu zuen Alavesek, eta ligako azken txanpak garrantzi eta zirrara oro galdu du Arabako taldearentzat. Hiru partida falta zaizkio, eta ohorea du bakarrik jokoan. Edonola ere, Abelardok ez du nahi taldea bertan goxo gelditzea, eta erronka bat ipini dio: 50 puntura iristea. Oraintxe, 41 puntu dituzte arabarrek; beraz, azken hiru partidak irabazi beharko lituzkete hori lortzeko. Hori gogoan izanik, gaur Malagaren zelaian jokatuko dute.

Azken neurketak ordezkoei minutuak emateko erabiltzeko asmoa du Abelardok. Hala egin zuen iragan jardunaldian, Atletico Madrilen kontra, eta gaur apustuari eutsiko dio. «Gutxi parte hartu dutenei aukerak ematen saiatzea da nire ideia. Horrek ez du esan nahi lehiakorrak izan eta kosta ahala kosta irabazten ahaleginduko ez garenik». Hasieratik aritzeko aukera izan dezakete Alexisek, Maripanek, Wakasok eta Santosek. Bestalde, zerrendan tokia egin dute Demirovicek eta Victor Lopezek, baita Joritz Landeta atezain gazteak ere. Siveraren lekua beteko du. Pedraza eta Sobrino ere Gasteizen gelditu dira, txartel pilaketa tarteko.

Malaga ere aparteko akuilurik gabe ariko da gaur, dagoeneko jakina baita datorren sasoian Bigarren Mailan ariko dela. Realari 2-0 irabazi zion orain bi aste, eta gaur zaleei beste garaipen bat eskaintzen saiatuko da.

MALAGA-ALAVES

Malaga. Andres Prieto; Rosales, Ignasi Miquel, Luis Hernandez, Gonzalez; Lestienne, Lacen, Iturra, Adrian; Rolan eta En-Nesyri

Alaves. Pacheco; Alexis, Maripan, Ely, Dieguez; Ibai, Dani Torres, M. Garcia, Wakaso; Munir eta Santos

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Rosaleda (30.044 ikusle).

Ordua. 12:00etan (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna