Katalunia 

Polizia zaintza ezarri die Gorenak Parlamentuko Mahaiko kideei

jon ordonez garmendia
2017ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Epaitegi Gorenean atzo ziren deklaratzekoak ere Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea eta Mahaiko beste bost kideak. Horien abokatuek babesgabetasuna argudiatuta, baina, astebetez atzeratu da hitzordua: azaroaren 9an egingo dute. Tarte horretan, Gorenak polizia zaintza ezarri die sei auzipetuei, Fiskaltzak eskatu bezala, «datorren ostegunean deklaratzera joango direla ziurtatzeko». Helbide bat eta telefonoz eurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak jarri behar izan dituzte Gorenaren esku. Hala egin zuten atzo epaitegitik atera aurretik. Bi orduz izan ziren Gorenean, eta, irteeran, Espainiako Kongresuko eta Senatuko 50 diputatu kataluniar inguru zituzten zain; txalo artean hartu zituzten auzipetuak.

Matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera okerra leporatzen die Fiskaltzak, Generalitateko kideei bezala. Horiek ez bezala, ordea, Joan Josep Nuet ez beste guztiak forudunak direnez (Parlamentua desegin arren, diputazio iraunkorreko diputatu izaten jarraitzen dute), Gorenak ikertuko du deliturik egin ote duten. Irailarean Trantsizio Legea tramitatzeagatik eta urriaren 26an eta 27an independentzia deklarazioa jasotzen zuen ebazpen bateratua tramitatzeagatik epaituko dituzte.

Froga dokumentala

Astebeteko atzerapena eskatzeko babesgabetasuna argudiatu dute Carme Forcadell, Lluis Maria Corominas, Anna Simo, Lluis Guino, Ramona Barrufet eta Nueten defentsek. Fiskaltzaren kereila sakonean aztertu behar dutela esan dute. Fiskaltzaren froga dokumentala iritsi arte deklarazioak bertan behera uzteko ere eskatu dute defensek, baina Pablo Llarena epaileak ez du aintzat hartu.

Irailaren 6ko eta 7ko eta urriaren 26ko eta 27ko Parlamentuko Mahaiaren akordioak biltzen ari da Fiskaltza froga horretan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren zenbait ebazpenekin eta auzipetuen aurrekari penalen orriarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.