SERIEA. AEBetako hauteskundeak (eta IV). Immigrazio politika.

Trumpen hesia, Clintonek hasia

Donald Trumpen promesetako bat izan da hesi erraldoia eraikiko duela Mexikoko mugan, baina hesia dagoeneko badago; lehen harria Bill Clintonek jarri zuen, eta Hillary Clintonek neurriak babestu zituen, senatari zela.
Jeretzy Martinez, hesiaz beste aldera dituen senideekin hizketan, San Diegoren eta Tijuanaren arteko hesian.
Jeretzy Martinez, hesiaz beste aldera dituen senideekin hizketan, San Diegoren eta Tijuanaren arteko hesian. DAVID MAUNG / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2016ko azaroak 6
Trumpen Hesi Bikaina. Hala deitzen dio hark. 3.200 kilometroko eta hamabost metro baino gehiagoko «pareta handia, ederra, eta sendoa», bere eraikin distiratsuenetako bat balitz bezala. Ahotan darabilen immigrazio politika basatiaren sinboloa da harresia, haren jarraitzaileak emozioz negarrez jartzen dituena mitinetan. Baina ez da berria egin nahi duena.

Hillary Rodham Clintonek, enfasiz, alarma piztu nahi izan du kanpainan. Ordea, xehetasun bat aipatzea ahaztu zaio: Bill Clintonek jarri zuela mugako hesi eta zaintza sistema sofistikatuaren lehen harria, eta bera senatari zela babestu zituela hesia indartzen jarraitzeko neurriak. 1990eko hamarkadan ezarritako oinarrien gainean eraikiko dute egitekotan Trumpen ametsa.

Gaur egun hesiz itxita dauden 1.000 kilometroak —Clintonen ostean, George W. Bushek ere egin zuen ekarpenik— urratsez urrats egin ditu Michael Dear Kaliforniako Unibertsitateko irakasleak, hamar urtean. «Harresia egina dago, teknologia berrienekin zaindua. Mugak ibaiekin bat egiten duten guneak ixtea falta da». Lan izugarria da, hamaika bihurgune dituzten ur zailduak dira, baina bidea egina dauka. Dear ondorio batera iritsi da, hamarkada bateko bidaia luzea egin ondoren. Alferrikakoak direla harresiak. Why Walls Won't Work liburuan jaso ditu arrazoiak.

Mugaldea ez baita beti oraingoa izan. «1990eko hamarkadara arte bi aldetara zegoen jendeak arautzen zuen leku bat, mexikar-amerikar gerratik. Hirugarren espazio bat». Dearrek marraztu du mugan izan den historia, elkarrekintza kulturala eta soziala, bi komunitateen artean sortu zuten bizitzeko modua. «Muga igarotzen zuten jakin gabe zeharkatzen ari zirela. Familiak osatu zituzten, orain hesiak banatuak. Dena aldatu da. Egun ohikoa izaten da pentsatzea hiri eta herritar arriskutsuak daudela alde batera, eta bestera, harresiz eta zaintzaz lepo dauden sare militarizatuak».

Merkatu askearen hesia

1990eko hamarkadan ezinbestekotzat jo zuten kontrola zorroztea, NAFTA Kanadaren, AEBen eta Mexikoren merkataritza askearen ituna indarrean jartzeko —George Bush aitaren eta Carlos Salinas de Gortariren administrazioek sinatu zuten ituna, eta Bill Clintonek jarri zuen indarrean—. Harresia migrazioa kontrolatzeko politikaren parte bat zenez, deportazioak errazteko hainbat legek egin zuten gainerakoa, Clintonen agintaldian, 1993tik 2001era. Lege horiek indarrean dihardute oraindik, aldaketak aldaketa: 2,7 milioi deportazio izan dira Obamaren zortzi urteko agintaldian. Ironia zer den, merkatu libreak pasabide ez-libreak ekarri zituen. Vietnamgo eta Persiar golkoko gerretan erabilitako xaflez eginak daude San Diego-Tijuanako edo Nopalesko langak. Merkatuaren globalizazioaren teoriak, hesia behin-behineko behar gisa proposatzen zuen, merkataritza itunak azkartu egingo baitzuen bi herrien hazkuntza ekonomikoa, batez ere Mexikorena: lanpostuen sorrerak eta soldaten igoerak berdindu egingo zituen bi herrien arteko ezberdintasunak, eta, ondorioz, Mexikon gutxitu egingo zen emigratzeko beharra. «NAFTAren kontrako botoa ematen baduzue, immigrazio gehiagoren arduradunak izango zarete», esan zuen Gerald Ford presidente ohiak, Clintonek antolatutako mitin batean, 1993an.

Baina NAFTAk ez zien onurarik ekarri mexikarrei —estatubatuar gehienei ere ez—: emigranteen martxa geldiezina sortu zuen. AEBek diruz lagundutako elikagaien sarrera izugarriak —artoa eta haragi-produktuak batik bat—, Mexikoren nekazaritza zapuztu zuen, eta nekazarien ihesaldi masiboa hasi zen. XXI. mendeko lehen hamarkadan milioi erdi batek zeharkatzen zuten muga, urtero. 1994an, Mexikon jaiotako 4,5 milioi pertsona bizi ziren AEBetan. Orain, hamabi milioi dira; kalkuluena arabera, horietako zazpi paperik gabe bizi dira, eta ez dira hor sartzen iristen diren gainerako erdialdeko amerikarrak, gero eta gehiago umeak, pobreziatik eta indarkeriatik ihesi.

NAFTA berriz negoziatu behar dela dio Trumpek orain, gainbehera ekarri diela estatubatuarrei. Ez du gauza bera pentsatzen Laura Carlsenek, Mexikoko Nazioarteko Politika Zentroko kideak: «Trumpek Mexikok irabazi egin duela dio, eta AEBek galdu, baina irabazi duten bakarrak enpresa transnazionalak izan dira. Hemengo enpresek ezin dute lehiatu. Produktuak oso merke saltzen dituzte Mexikon, hain justu, AEBetan paperik gabeko mexikarrek egiten duten lan merkeari esker». Multinazionalen lehiakortasuna ez da basatia izan den gauza bakarra: Mexikoko lur eremu zabaletan sartu, eta borrokak sortu dituzte hainbat eremutan, lurra kutsatu dutelako, eta gazte mexikarren ihesaldiak muturrera eraman ditu indarkeriaren eta narkotrafikoaren aferak, estatu pobreenetan. Oaxaca, Guerrero eta Michoacan dira adibide garbienak.

Harresiaren bigarren partea

Clintonen administrazioak ezarri zuen oinarria, baina Bushen administrazioak eraiki zuen 1.000 kilometrotik gorako hesiaren zatirik handiena, 2006tik aurrera. Secure Fence Act (Hesi Seguruaren Legea) sinatu zuen, 2.400 mila milioi eta hiru urte erabili zituzten, 2009an gobernuak emandako datuen arabera. Hillary Clinton orduan senatari zenak legearen alde bozkatu zuen. «Askotan bozkatu izan dut senatari nintzenean diru partiden alde, legez kanpoko immigrazioa geldiarazteko», esan zuen iaz, primarioetako ekitaldi batean. «Pentsatzen dut mugak kontrolatu egin behar direla».

Errepublikano askok, tartean Trump, oraindik ere hesiak «zirrikitu gehiegi» dituela esaten dute. Segurtasunaren negozioan dihardutenak zain daude, zirrikituak betetzen hasteko. Izan ere, 25 urtean boskoiztu egin da Mugako Patrol Polizia kopurua, 4.000tik 25.000ra, eta mugak zailtzen 60.000 polizia daude. Mugaldeko beharretan 1.500 milioi dolar gastatzetik, 19.500 milioira igaro da. 2016rako gobernu federalak beste 5.000 milioi jarri zituen, segurtasunean aritzen diren gainerako agentzientzat.

Boeing eta antzeko enpresentzat kontratu oparo bilakatzen dira. Zaintza robotizatutako dorreak eraikitzen dituzte, edota General Atomic-ek, beren droneak eta sentsoreen eta radarren sistemak saltzen ditu, basamortuaren zeharkaldia are gehiago zailtzeko. US Corrections Corporationena da beste negozio aipagarrietako bat: 124 dolar kobratzen ditu eguneko eta ohe bakoitzeko, —atxilo zentroetan deportazioaren zain milaka pertsona egoten dira—. Irudikaezina da zenbat ohe ezarri beharko lituzken Trumpek, deportazio masiboen inbutuan zain geratuko direnentzat. Izan ere, Trumpek «plan sinplea» deitu dionak ez dauka 11 milioi pertsona deportatzeko beste intentziorik. Baina nola?

«Plan sinplea»

Trumpek dioenez, Dwight D. Eisenhower presidenteak 1954an erabili zuen jazarpen estrategia militarraren antzekoa erabiliko luke. Wetback operazioa ekinbidearen bidez ehunka milaka mexikar bidali zituzten AEBetatik. Trumpen ustez, deportazioak hasi eta berehala immigranteak konturatuko dira negozio txarra dutela AEBetan geratzea eta batzuek beren kasa hartuko dutela etxerako bidea. «Bi urteko gauza litzateke», aberatsak esana.

Ez da, ordea, horren sinplea. Michael Chertoffek —bere garaian urtean 400.000 deportazio baimentzera iritsi zen— eta ez du modurik ikusten Trumpek dioena aplikatzeko. George W. Bushen garaian Barne Segurtasunerako idazkaria izan zen Chertoff. Kargu horretan zela, deportazioen gorakada nabarmena izan zen. «Ezin dut irudikatu nola deporta litezkeen milioika pertsona urte gutxian, ez badugu Poliziaren esku geratuko den estatu bat, legerik gabe, baimenik gabe etxeetako ateak nonahi eta noiznahi botatzeko». Egiturazko arazoak sortuko lituzke haren ustez, eta «konstituzioak eta legeak jartzen dituen bermeak urratuko lituzke, kontrol poliziala egunerokoa bailirateke jende guztiarentzat».

Obamaren deportazioak

Ez da ahaztu behar, harresi handiaren ideia gisa, benetan gertatzen direla gaur egun ere Trumpek proposatzen dituen deportazio masiboak. Barack Obamak aurrekari guztiak gainditu ditu deportazioetan: 2,7 milioi 2008tik, baina hesi erraldoiena eraikita ere, jendeak hura zeharkatu nahian jarraituko du, bizi hobearen bila. 1994an, AEBetako Mugaren Estrategia Memorandumean aurreikusi zuten gertatuko zena: «legez kanpoko zeharkaldian, basamortutik, itsasotik, eta ibaietatik joanda, hiltzeko arriskuan izango dira». Hogei urte geroago, 6.000 gorpu baino gehiago aurkitu dituzte basamortuan. Ehunka familiak dihardute oraindik ere senitarteko desagertuen bila. Colibry Center giza eskubideen aldeko taldeak gogoratu du gutxienez 2.500 pertsona desagertu direla, Mexikoko mugan. Hezurren eta tristuraren hilerria da muga.

Edozein dela etziko hauteskundeen irabazlea, etengabeko militarizazioaren gastuak gora egiten jarraituko du, Michael Dearrek ondorioztatzen duenez: «Industria zain dago. Harresi gehiago, teknologia gehiago, milaka agente gehiago».

Baina ez dio esperantzari hesirik jarri nahi: «Bizi da oraindik hirugarren espazioa. Immigranteen giza eskubideen defendatzaileek mantentzen dute elkarbizitzaren kultura».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna