Koronabirusa

Hamar lagunekoa da muga

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezingo da hamar pertsona baino gehiagoko bilkurarik egin, eta kalean erretzea debekaturik egongo da. Jaurlaritzak ohartarazi du neurri zorrotzagoak har ditzakeela

LABI batzordearen lehen bilera atzo lehendakaritzan, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria buru dela. DAVID AGUILAR / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta, «kezkatuta» dago Eusko Jaurlaritza, eta arau murriztaileagoak adostea erabaki du. Batik bat, jende pilaketak sor daitezkeen guneei eragingo diete neurri berriek, eta, batez ere, ostalaritzan, gaueko aisialdian eta garraioan izango ditu ondorioak. «Kezkagarria da haurren, gazteen eta adinekoen arteko jende pilaketak zer eragin duen birusaren hedapen azkarrean», ohartarazi zuen atzo Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak. Osasun larrialdi egoera ezarri osteko neurri berriak adosteko lehen bilera egin zuen Labi Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea batzordeak atzo, eta xehetasunak emateko agerraldian mintzatu zen gero Tapia. Harekin batera izan ziren Nekane Murga Osasun sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua.

Tapiak azaldutakoaren arabera, atzoko bileran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo dieten neurriak zehaztu zituzten, baina eremu jakin bati soilik eragiten dioten neurri «zorrotzagoak» ere ezar ditzake aurrerago, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera. Atzo adostutako neurriak aste honetan bertan jarriko dituzte martxan, eta egoerak «hobera edo okerrera» egin arte indarrean izango dira, Tapiak zehaztu zuenez. Neurriak betetzen ez dituztenei isunak jarriko zaizkiela jakinarazi zuen, halaber.

KALEAN
Hamar lagun. «gomendatuta»


Adostutako neurriek bereziki eragingo diete jende pilaketak sor daitezkeen guneei, horixe baita Jaurlaritzaren «kezka» nagusia. Pilaketa horiek murrizteko asmoz, kalean ezingo dira hamar pertsona baino gehiago elkarrekin egon, ezta tabernetan, jatetxeetan eta txokoetan. Hamar lagunetik gorako bilkuran ez egitea «gomendatu» egiten du EAEko aldizkari ofizialak, baina Tapiak nabarmendu du «betebeharrekin» ageri dela, eta eremu publikoan hala aplikatuko dela. Federatu gabeko kirol jardueretan eta turismo jardueretan ere debekua mantendu dute. Gainera, aisialdi eremuetarako bisitak gehienez hamar pertsonak osatutako taldeetan egin ahal izango dira.

OSTALARITZA
Ixteko ordutegia, lehenago


Ostalaritzari eragiten dioten neurriak bi eratakoak izango dira: ordutegiari dagozkionak eta edukierari dagozkionak. Tabernak eta jatetxeak ixteko orduari dagokionez, joan den ostiralean Madrilek ezarritakoa izango da: 01:00erako itxi egin beharko dituzte, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu. Edukierari eta segurtasun distantziari dagokienez, berriz, 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da, ez soilik mahaien artean, baita mahai bateko bezeroaren eta hurrengoaren artean ere, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango da. Barran bertan kontsumitzea baimenduta egongo da, betiere pertsonak eserita badaude eta haien arteko segurtasun tartea mantentzen badute. Jatetxeetan, ezingo dira une berean 60 lagun baino gehiago egon jaten.

Bestalde, hoteletako eta turismo ostatuetako edukiera %60ra murriztuko da, eta toki horietako buffetetan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago egon, eta eserita egon beharko dute.

GAUEKO AISIALDIA
Itxita


Espainiako Osasun Ministerioarekin hartutako neurriekin bat egin du Jaurlaritzak, eta itxi egingo ditu diskotekak, gaueko tabernak eta dantzalekuak. Gainera, gazte lokalak erabiltzea debekaturik egongo da.

ERRETZEA
Kalean, debekaturik


Herenegun Nafarroako Gobernuak adostu zuen moduan, Jaurlaritzak ere kalean erretzeko debekua indarrean jarriko du. Ezingo da kalean erre bi metroko tartea mantentzerik ez badago. Maskara soil-soilik kea arnastu eta botatzeko kendu ahal izango da.

GARRAIO PUBLIKOA
Ordutegia murriztuko da


Garraio publikoaren gaueko ordutegia murriztuko egingo da, eta 01:30era arte luzatuko da gehienez. Horrez gain, bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan, baina bai edan. Era horretan, maskara «une oro» erabiliko dela bermatu nahi du Jaurlaritzak. Taxiei ez die eragingo ordutegiaren murrizketak.

ZAHAR ETXEAK
Bisitetan murrizketak


«Murrizketak» izango dira zahar etxeetan eta eguneko zentroetan, Tapiak jakinarazi zuenez. Pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. Halere, «bizitzaren azken fasean» dauden egoiliarren kasuan, neurri hori arindu egin daiteke. Sarrera-irteerak ere ahalik eta gehiena murriztuko dituzte, eta foru aldundien eta Osasun Sailaren esku egongo da murrizketa horiek zehaztea.

Bestalde, PCR probak indartuko dituzte zahar etxeetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete, 72 ordu lehenago gehienez ere.

BEILATOKI ETA EHORZKETAK
Gehienez 30 lagun


Beilatoki eta ehorzketetan ere izango du eragina pertsonen pilaketak saihesteko neurriek, eta, gehienez, 30 lagun bildu ahal izango dira espazio ireki zein itxietan eta ehorzketa segizioetan.

KALEKO AISIALDIA
>Igerilekuetan, hiru ordu


Igerileku publikoetako zein pribatuetako edukiera % 60ra murriztuko da, eta debekatuta egongo da bertan hiru ordu baino gehiago egotea. Kaleko zurruta ere debekaturik egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.