Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Auzibidearen defentsa politikoa

Buruzagi independentista katalanen aurkako prozeduraren izaera politikoa ukatu dute akusazioek. Fiskalek argudiatu dute «soilik Espainiari» dagokiola burujabetza; garaipentzat jo dute epaiketa bera

Javier Zaragoza fiskala hizketan, Auzitegi Gorenean, atzoko saioan. EFE.
jon olano
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Herenegun Espainiako Auzitegi Gorenean hasi zena «ez da epaiketa politiko bat», baina burujabetzaz eta haren titulartasun hitz egin zuen atzo fiskalak. Kataluniako hamabi buruzagi politiko eta sozial independentisten aurkako auzian «ez da ideologia bat epaitzen», baina fiskalak autodeterminazioaren, sezesioaren eta erabakitzeko eskubidearen kontra jardun zuen atzoko saioan. Aurretiazko kontuak ebazteko bigarren saioan, fiskaltzaren, estatuko abokatuaren eta herri akusazioaren txanda izan zen atzo; nagusiki, horien ahalegina izan zen epaiketaren izaera politikoa ukatzea eta defentsako abokatuek asteartean salatutako eskubide urraketak gezurtatzea. Azken batean, akusazio baino gehiago, auziak orain arte eginiko bidearen, instrukzio aldiaren eta auzipetuen aurka hartutako behin-behineko neurrien defendatzaile jardun zuten.

Garrantzitsua zen ikustea zein jarrera har zezakeen fiskalak, horren araberakoak izan daitezkeelako egotzitako delituak, zigor eskariak eta, kasuan-kasuan, zigorrak. Javier Zaragoza fiskalak hitza hartu eta berehala erakutsi zuen eutsi egingo diola orain arte fiskaltzak erakutsitako ildo gogorrari; «plan kriminalaz», «erasoen larritasunaz», «antolaketa politiko eredu bat inposatzeaz» eta batzorde judizial bat «atxiki eta ia bahitua edukitzeaz» hitz egin zuen. Horixe da auziaren mami nagusietako bat: auzipetuei matxinada delitua leporatzeko beharrezkoa den indarkeria gertatu ote zen.

Zaragozak hasi eta berehala ekin zion auziaren politikotasuna ukatzeari, modu batera edo bestera: «Ez da kausa orokor bat». «Ez da ideologia bat epaitzen». «Ez da independentismoaren aurkako epaiketa bat». «Prozesu honetan, ez zaizkie ideologiei jazartzen. Kausaren oinarria da planteamendu politiko bat gainerakoei inposatzeko nahia». Azpimarratu zuen epaitu guztiak «beren ekintzengatik» epaitzen ari direla, eta horren erakusle dela auzipetuek «urteak» daramatzatela beren ideiak defendatzen: «Justizia penala ezarri zaie konstituzioan ezarritako mugak gainditu dituztenean».

Josep Rull auzipetu eta kontseilari ohiak sare sozialetan erreferentzia egin zion ideologia askatasun horri: «Espainiako sistema demokratikoaren koherentzia azaldu du fiskaltzak: 'Konstituzioa ez da militantea. Edozein ideologia izan daiteke'. Betiere, praktikara eraman nahi ez bada. Ondoren, kartzela».

Fiskalak erantsi zuen auzipetuen jarduera politikoak ez duela justifikatzen «legedi paralelo bat» garatzea edo «milaka herritar erabiltzea ebazpen judizialak bete ez daitezen». Ildo horretan, defentsako abokatuei egotzi zien «defentsa alegatuak bainoago, akusazio libeloak» egin izana, «Espainiako zuzenbide estatuaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzeko helburuarekin». «Irrigarria eta justifikaziorik gabea» iruditzen zaio hori: «Biktimatzat agerrarazi nahi dituzte ordena konstituzionala irauli nahi izan dutenak».

Zaragozaren hitzetan, «demokrazia espainiarraren eta ordena konstituzionalaren defentsan eginiko epaiketa bat da» Kataluniako prozesu subiranistaren aurkakoa: «Sistema demokratiko baten defentsan eginiko epaiketa bat». Antzera mintzatu zen Fidel Cadena fiskala: «Epaiketa hau demokraziaren eta zuzenbide estatuaren garaipena da».

Zehatzago, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaz jardun zuen Zaragozak. Egun horretan Poliziak erabilitako indarkeria torturaren parametroetan sar daitekeela esan zuen asteartean Benet Salellas abokatuak. Horren kontra dago fiskala: «Zentzugabekeria juridikoa» iruditzen zaio tortura eta Poliziaren «indarraren erabilera legitimoa» alderatzea. Izan ere, argudiatu zuen «soilik bi lagun larri zauritu» zirela: «Batek bihotzekoa izan zuen, eta beste batek gomazko pilotakada bat jaso zuen, hesi bat Poliziari bota eta gero». Gainera, egun horretako indarkeria «ezin zaio egotzi Poliziari, giza hesi gisa Poliziaren lana galarazteko asmoz milaka herritar mobilizatu zituztenei baizik». Edozein gisara, «indarkeria polizialari buruzko ikerketak ez dira prozesu honen helburua», Zaragozaren esanetan.

Autodeterminazioa hizpide

Bestalde, autodeterminazio eskubideari buruzko eztabaidara ere sartu zen: «Ez du babes nazional edo internazionalik. Ez sezesio eskubideak, ez erabakitzeko eskubideak. Ez dago hura babesten duen araurik». Besteak beste, gogora ekarri zuen Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren garaiko estatutu proposamena: Espainiako Kongresura joan zen proiektua defendatzera, baina ezezkoa jaso zuen. «Badirudi ez dutela lezioa ikasi». Akusatuen aulkian dagoen Jordi Turull Kataluniako Generalitateko bozeramaile ohiaren sare sozialetan mezu bat zabaldu zuten eztabaida horren harira: «Auzitegi Gorenean eztabaida interesgarri bat dago abokatuen eta fiskalen artean autodeterminazio eskubideaz. Kongresuan eta Moncloan legalitateaz baino ez dute hitz egiten. Oso sintomatikoa botere gurutzaketa».

Autodeterminazio eskubidea ukatzeko, Espainiako Konstituziora jo zuen Cadenak: «Ez dago burujabetza katalan bat: soilik espainiarra. Erabakitzeko eskubidea Espainiako herri osoari dagokio. Ezin dute gutxi batzuek erabaki denei dagokienaz. Segovia ez da soilik segoviarrena, eta Katalunia ez da soilik separatista katalanena». Hiru aldiz errepikatu zuen esaldi bera: «Ez dago legaltasun demokratikorik legaltasun konstituzionalaren kanpoan».

Rosa Maria Seoane estatuaren abokatua fiskalei batu zitzaien prozedura judizialaren defentsan, eta hark ere ukatu zuen auzipetuen eskubideak urratu direla: «Prozesua bera defendatzera behartuak gaude: zigor zuzenbidearen ariketa bat da, ez etsaiaren zuzenbidearena». Seoanek uste du auzipetuek «berme guztiak» dituztela. Defentsako abokatuen arabera, bilera, adierazpen, manifestazio, epaiketa inpartzial bat izateko eta defentsarako eskubideak urratu zaizkie akusatuei. Epaimahaiaren inpartzialtasunari dagokionez, Zaragozak nabarmendu zuen errekusatuak izan direla eta aztertu dela horien inpartzialtasuna. «Errekusazio guztiak baztertu dira, eta, beraz, ezin da zalantzan jarri beren inpartzialtasuna. Gaia ebatzita dago». Diputatuen bortxaezintasunaz, berriz, azaldu zuen «iritziei» eragiten diela, ez «ekintzei».

Vox, kanpainan

Fiskalen eta estatuaren abokatuaren ondoren, herri akusazioak hartu zuen hitza; alegia, Javier Fernandez Vox alderdi ultraeskuindarreko abokatuak. Atzo bertan Espainiako Kongresuak 2019rako aurrekontu proiektua atzera bota eta gero, gertu egon liteke Espainiako Gorteetarako hauteskundeen deialdia, eta baliteke Voxek auzitegiak baliatzea kanpaina egiteko. Atzo, hitza hartzearekin batera, Fernandezek epaileari eginiko aurreneko eskaria izan zen Jordi Sanchez Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiak paparrean zeraman xingola horia kenaraztea—«apaingarri» esan zion Fernandezek—. Manuel Marchena epaimahaiburuak eskaria baztertu egin zuen.

Bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etan. Ordu horretan hasiko da deklaratzen lehen auzipetua: Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohi eta ERCko lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.