Juan Kruz Lakasta
Udal eta foru hauteskundeak Nafarroan. BOZ GORA

Ahaldaketa?

2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan nire inguruan norbaitek aldaketa esan duen bakoitzean zentimo bat eman izan balidate, UGTk eta CCOOk Nafarroako Gobernuarengandik jasotzen duten dirutza baino handiagoa neukake. Bala-bala dabil hitza, Turrillas maisuaren jarraitzaile Jose Javier Esparzak esanen lukeen moduan, hala jota abesten duten nola zortzikoa dantzatzen duten eskualdeetan. Honatx aldaketagaien inguruko iruzkintxo zenbait:

9,4 milioi euroko galdera da -horixe da UPNko gobernu baztertzaileak aurten UGTri, CCOOri eta enpresarien elkarteari hitzarmenen bidez emanen dien dirutza— ea Nafarroan aldaketarik izanen den. Erantzuna da —akaso merkexeagoa— aldaketa jada gauzatu dela foru erkidegoan; izan ere, aldaketa soziologiko sakona gertatu da gurean azken lau urteotan: hamaika zatitan lehertu da kudeatzaile erregionalista onaren mitoa; eskuin mediatikoak agenda markatzeko gaitasuna galdu du; ETAren desagertzearekin mamu identitarioa indarra galtzen ari da; erregimenaren hegemonia kulturala zartatu da. Deus ez da berdina izanen… Edo bai, akaso gobernua bai, ikusteko baitago aldaketa soziologikoak berehalakoan eraginen duen maizter aldaketarik Nafarroako Jauregian.

Halley kometa nafarra: Inkesta guztien arabera, gertu legoke UPNrik zein PSNrik gabeko gehiengoa osatzeko aukera. Erregimenaren zutabe nagusia eta aldamio maiz ezinbestekoa jokoz kanpo gera daitezke. 1978tik lehendabizikoz. Edo, Ivan Gimenezen El corralito foral liburu guztiz gomendagarrian ederki frogatzen duenez egungo agintarien gibelean frankismoan krimenen bidez boterea eta dirua pilatu zuten eliteak daudela, 1936tik lehendabizikoz. Gertakaria Halley kometa baino bakanagoa da. Kometa 76 urtean behin ikus daiteke. Aldaketaren aukeraren leihoa 90 urtean behin zabaltzen da. Barkaezina litzateke epe motzeko betaurrekoekin so egitea epe luzeko fenomeno horri. Arren, otoi eta faborez, gutxienez bifokalak erabil ditzatela!

Suhiltzaileen mahukak: Inork 8. euskal lurraldetik bueltaxka egiten badu —Twitterretik, Facebooketik…— berehala jabetuko da indar abertzaleetako hainbat ordezkari sestran-sestran dabiltzala. EH Bilduk eta Geroa Baik, Geroa Baik eta EH Bilduk bloke alternatiboaren lidergoa nahi dute. EH Bilduko Araizek buruz buruko eztabaida egin zuelarik UPNko Esparzarekin lehia hori zuen gogoan. Eta Geroa Bai presidente in pectore-tzat aldarrikatzen ari da Barkos afixetan zein sare sozialetan, lehia hori bera kaskoan. Hauteskunde kanpainetan lehia berezkoa da eta zilegia. Baina ez ahantzi suhiltzaileen esaera zaharra: suhiltzaileen artean ez diezaiogun elkarri mahuka zapaldu.

Podemos ala Ahal Dugu? Berriz diot: inkesta guztien arabera erregimenaren eta aldaketaren indarrak guztiz parekaturik daude. Indar abertzaleetatik soka motzean lotu ohi dute Podemos akordioekin, erabakitzeko eskubidearekin, hizkuntza politikarekin busti dadin, gehiago izan dadin Ahal Dugu Podemos baino. Kasu; izan ere, aldaketak 26 parlamentari lor ditzan, PSNri botoak urratu behar dizkio Iruñetik behera, eta horretarako askoz ahalmen handiagoa du Podemosek Ahal Dugu-k baino. Bidenabar: koalizio abertzaleei askoz kalte handiagoa egin diezaieke Ahal Dugu-k Podemosek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.