Isabel Elizalde. Ingurumen kontseilaria

«Organikoa bereiztea: hori dugu erronka»

Bide luze baten lehen zatia amaitzear dago Ingurumen kontseilariarentzat. Legealdia hasi zenetik garatzen ibili diren Hondakinen Foru Legea aurki onartuko dute legebiltzarrean.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Hondakinen auzian «atzera egiterik ez» dagoela uste du Isabel Elizalde Ingurumen eta Landa Garapen kontseilariak (Doneztebe, Nafarroa, 1964). Pozik dago, legealdiko helburu nagusietako bat betetzear dela iritzita.

Prozesu luze baten ostean, badirudi aurki onartuko dutela parlamentuan Hondakinen Foru Legea. Pozik?

Bai. Bide luzea izan da, baina arrunt aberasgarria. UPNk, PPk eta PSNk aurkeztutako osoko zuzenketak bozkatu ditugu jada [apirilaren 12ko osoko bilkuran atzera bota zituzten zuzenketak, laukoaren botoei esker]. Gero helduko da zuzenketa partzialen txanda, eta, tramite hori gaindituta, legea bera onartuko dugu. Apirilaren 24an izanen dela uste dut. Hortaz, pozik gaude, bai, legealdi hasieratik beretik argi genuelako hau izanen zela departamentuaren lehentasunetako bat.

Zergatik?

Laukoak adostutako gobernu itun programatikoan ezinbestekotzat jotzen zen, eta Europak auzi honen inguruan ezarritako irizpideak ere bete egin behar ditugu. Hortaz, legealdiko lehen egunetik hasi ginen Hondakinen Kudeaketarako Plan Estrategikoa ontzen; gero heldu genion parte hartze prozesuari, eta legea idatzi, zuzendu... Esfortzua merezi du, dena den, arrunt onak baitira bai plana, baita legea ere. Orain erronka handia dugu, paperean dauden neurri horiek guztiak praktikara eramateko.

Zuek gobernura iristean, nolakoa zen hondakin kudeaketa?

[Hasperen egin du] Ez oso ona, egia esan. Alde batetik, ezertarako balio ez zuen plan bat zegoen, auzitegiek atzera bota zutena; bestetik, Europa, ate joka, bai ala bai bete beharreko helburuekin. Batez ere, lan egiteko molde zaharkituak antzeman genituen. Nork bere aldetik lan egiten zuen: Hondakinen Patzuergoa alde batean, eta Nafarroan diren hamabortz mankomunitateak bestean, inongo harremanik gabe. Inertzia hori eten, eta lan egiteko modu berri bat ezarri beharra ikusi genuen. Nork bere eskuduntzak eta ardurak ditu, eta ezin zaie iskin egin, ezta pilota besteen teilatu gainean utzi ere. Beharrezkoa zen koordinazioa, eta pozik nago, hein handi batean lortu dugulako. Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, adibidez, kanpainak antolatu ditugu, eta lehengo konfiantzarik eza gainditu dugu. Oso pozik nago alde horrekin.

Europak ezarritako gutxienekotik urrun al dago Nafarroa?

Oso urrun. Nafarroan, gaur egun, zabortegira botatzen dugu hondakinen %70, gutxi gorabehera, eta gure asmoa da kopuru hori %25era murriztea, gehienez. Horrek zera esan nahi du, egungo hondakin piramideari buelta ematea. Horretarako, Nafarroako biztanle guzti-guztiei aukera eman behar zaie zabor organikoa bereizteko. Europako Batasunak, ekonomia zirkularra aipatzen duenean, hori du hizpide: organikoa bereiztea, hondakinak murriztea, ahalik eta gehien berrerabiltzea... Ez da teoria hutsa; praktikan jartzen ahal dugu gaur egun, eta horren bitartez, gainera, lanpostuak sortu eta diru sarrera berriak bermatu.

Zer egiten du gaizki Nafarroak?

Hondakin organikoak behar bezala sailkatzea: horixe da gure erronka nagusia gaur egun. Papera ongi birziklatzen dugu, ontziak ere bereizten ditugu —nahiz eta hemendik aurrera are eraginkorragoak izan beharko dugun—, eta beirarekin ere ez dugu arazorik. Zabor organikoan egiten dugu kale. Gainerakoa multzora botatzen dugu dena, eta hori da, gaur-gaurkoz, gure hondakin guztien %70 inguru. Onargaitza da. Zabortegietara ahalik eta gutxien eramatera jo behar dugu, baina hori ez dugu lortuko etxean organikoa ongi bereizten ez dugun bitartean.

Hondakinak murriztea ere lehentasuntzat jo duzue, ezta?

Bai, hori da gure erronka nagusietanm bigarrena. Nik kezka berezia dut auzi horrekin, azken urteetako datuak ez baitira onak: 2008tik aurrera, etengabe ari ginen hondakinen kopurua murrizten, zabor gutxiago sortzen... Baina 2015era iritsi, eta berriz egin dugu gora. Zergatik? Bada, krisiaren okerrena pasatuta, jendea gehiago kontsumitzen hasi delako, ohitura zaharrak berreskuratzen, eta, ondorioz, hondakin gehiago sortzen. Lan handia dugu hor ere, egungo erritmoan nekez lortuko baititugu gure helburuak.

Norbanakoek soilik ez, enpresek ere erantzukizuna dute horretan...

Jakina baietz. Zoaz supermerkatura, adibidez, eta erreparatu fruta eta barazkiei: dena dago plastikoan bilduta. Merkataritzak ere egin beharko du ekarpena.

Neurri zorrotzak beharko dituzue egoera iraultzeko. Zer planteatu duzue?

Hondakinen Planean, adibidez, puntu nagusietako bat da gobernantzarena, eta, horren barruan, Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren figura sortu dugu. Erakunde hori arduratuko da hondakinen kudeaketaz, eta legea parlamentuan onartu ostean jarriko dugu martxan. Dena koordinatuko du: garraioa, transferentzia, azpiegitura, sentsibilizazioa... Mankomunitateek erabakiko dute erakunde horren barruan sartzen diren ala ez. Eta planaren beste oinarria da zerga-sistema: zenbat ordaindu behar den hondakinak ez bereizteagatik edota zabortegira tratatu gabe eramateagatik.

Nola ezarriko duzue tasa hori? Erabiltzaileek ordainduko dute?

Guk erabiltzaileei zuzenean ez, mankomunitateei ezarriko diegu, haiekin baitugu harremana. Guk betebehar batzuk ezarriko ditugu, eta gero mankomunitate bakoitzak ikusiko du zer egin behar duen kanon hori ez ordaintzeko. Gure helburua da bide horretatik zentimorik ere ez jasotzea, horrek esan nahiko baitu hondakin guztiak ongi sailkatzen ditugula.

Erresistentzia handia eragiten du gai horrek. Sumatu duzue?

Politikoki erabili izan da auzi hau, baina ez du misterio handirik: gehiago kutsatzen duenak gehiago ordaindu beharko du. Hortik aurrera, ezin da hondakinen eta kutsaduraren errealitatea ukatu edo estali. Europan eta mundu osoan atzerakorik ez duen auzia da, eta argi dago ezin dugula orain arte bezala segitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.