Eusko Label eta Euskotren ligak

Donostiarrak, Isuntzak eta Astillerok lortu dute mailaz igotzea

Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Aurtengo traineru denboraldiak eman ditu eman beharrekoak, eta, ohi bezala, azkenaren amaiera hurrengoaren hasiera finkatzeko izan da orain ere, zehaztuta geratu baita zer talde ariko diren Eusko Label, Euskotren eta KAE 1 ligetan 2019ko udan.

Emakumezkoetan, Donostiarrak kendu dio lekua Hondarribiari liga nagusian, kanporaketako bigarren egunean ere nagusi izan baita, bien arteko buruz burukoan. Larunbatean 07,80 segundo izan baziren bien artean, igandean, Portugaleten, Gipuzkoako hiriburuko taldeak 15, 56 gehiago sartu zizkion. Horrenbestez, honako lau talde hauek egingo dute arraun datorren urteko Euskotren ligan: San Juan, Orio, Arraun eta Donostiarrak. Donostiako bi taldeak liga berean izango dira, beraz.

Gizonezkoetan, Portugaleteko estropadan, kanporaketako bigarren jardunaldian, Astillerok eman zuen kolpea, azkarrena izan baitzen, eta, Isuntzarekin batera, biak igo dira Eusko Label ligara. Biak izan dira KAE 1 ligako onenak aurten. Espainiarrek justu-justuan lortu zuten saria, Meira galiziarrekin puntutan izandako berdinketa hausteko, bi egunetako denborak izan baitziren epaile: 0,44 ehunen baino ez Astilleroren alde. Isuntzak egin zuen bigarren igandeko erlojupekoan, baina lekeitiarrentzat izan zen kanporaketako lehen postua. Ares sailkatu zen laugarren, eta San Juan azkena; maila galdu du, hortaz, Eusko Label ligako ordezkariak. Ez da ondo aritu Pasai Donibaneko taldea, eta, 2006an bezala, jaitsi egin da.

Liga nagusian, bi igo berriez gain, Urdaibai, Hondarribia, Zierbena, Orio, Santurtzi, Cabo, Donostiarra, Ondarroa, San Pedro, eta Kaiku ariko dira; sei Bizkaiko talde, datu esanguratsu gisa. KAE 1 ligan, beste hauek: San Juan, Donostiarra B, Camargo, Santoña, Hibaika, Deustu, Getaria, Zarautz, Pedreña, Lapurdi, Arkote eta Zumaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.