Kontxako Bandera

Orioren eta Donostiarraren artean erabakiko da bandera preziatua

'San Nikolas' traineruak 2,22 segundoko abantaila besterik ez dauka 'Torrekua'-rekin

Itsaso narrasa eta mugitua zegoenez, arraunlariek lan handia egin behar izan zuten kanpora luzean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Aurtengo Kontxako Banderako bigarren jardunaldirako, beste urteetan ez bezala, urduritasuna eta zirrara ez dira faltako. Denboraldian zehar banderaren borrokan ibili diren bi talderik indartsuenek zabalik utzi dute datorren iganderako lehia. 2,22 segundo besterik ez daude Orioren eta Donostiarraren artean, lehen taldearen alde. Tarte txikia da, baina beti izaten da hobe alde edukitzea aurka edukitzea baino. Uste bera du Itxaso Azkonobieta San Nikolas ontziko arraunlariak ere (Orio, Gipuzkoa, 1997): «Halere, gauzak oso ondo egin beharko ditugu bandera irabazteko».

Herenegun egindakoarekin gustura dago Azkonobieta. «Daukazun guztia ematen duzunean, eta emaitza ere alde duzunean, pozik geratzen zara». Aldarte berean dira Donostiarrakoak: «Gure helburua datorren iganderako bizirik ateratzea zen, eta lortu dugu; bion arteko lehia oso irekia eta ikuskizuna bermatuta dago», esan du Irati Larrañaga Torrekua traineruko arraunlariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1991).

Estropadako hiru momentu buruan ondo gordeta dituzte biek. Lehena, irteerakoa: Donostiarrak aurreneko palakadak indartsu eman zituen, eta, bigarren kaletik korronteak kanporantz gehiago bultzatzen zuenez, ongi atera zion zukua. «Bagenekien estropada hausteko irteera indartsua egin behar genuela. Hori lortuta, ziabogara lehia bete-betean iritsi ginen», azaldu du Larrañagak. Oriotarrek, bitartean, euren burua atzetik ikusi zuten arren, ohiko arraunketari eutsi zioten. «Horrelako uneetan burua hotz mantendu behar duzu», dio Azkonobietak. Bertute horrek eman baitzien gero itzulerako lan ona egiteko.

Hain zuzen, maniobran Donostiarra zertxobait joan egin zen, eta Larrañagak, aurrekalari postutik, ondo baino hobeto ikusi zuen nola egin zuten hanka oriotarrek. «Ontzia jiratu genuenean, zuloan harrapatuta geratu ginen sentsazioa izan genuen. Ohartzerako, Orio aurretik zen».

Xanti Zabaletaren taldea hirugarren kaletik zihoan, eta ustez itzultzeko bigarrengoa baino hobeagoa zen, olatuak garbiagoak iristen baitziren. «Baina, kaleak kale, arraunean egin beharra zegoen», dio Azkonobietak. Itsaso nahasia izanda, ontzia ondo gogortuta eramateak berebiziko garrantzia izan zuela uste du. «Olatua zeinek hartzen duen eta olatu gainean zenbat irauten duen, horrek hartzen du aurre; eta gu ongi moldatu ginen».

Donostiarrak momentu batean Oriorengandik zortzi segundo atzetik egon ziren arren, ez zuten amore eman, eta badian tartea sei segundora laburtzea lortu zuten. «Gure buruarengan sinetsi nahi dugu, eta erakutsi nahi dugu irabazteko gai garela», aldarrikatu du Larrañagak. Datorren igandean jakingo da bandera Donostian geratzen den ala Oriora joaten den. Pil-pilean dago lehia, eta palada batean bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.