ANALISIA

Ondorioetako korapiloa

Enekoitz Esnaola -

2016ko uztailak 10
Urkulluk espetxe politikaren eskumena eskatu du berriro, eta Otegik erantzun du Madrilek berriz ere ezezkoa emateko «minutu bat» behar izan duela. Espainiako Gobernuak Norvegiako bideari ezezkoa emateko denbora askorik ez zuen hartu, eta, orain, Urkullurenaren ondotik, sakabanaketa eta «salbuespen» legeak bukatzeko eskatu dio Sortuk Barne ministroari, baina ministroak ez dio erantzun ere egin. Madrilek badaki zer egin euskal presoekin ere: aurrerapausorik ez eman, hartara gatazkaren konponbideak blokeatuta jarraitzeko. ETAk jarduera armatua utzi izana mugarritzat hartuta —datorren urrian, bost urte—, geroztik Jaurlaritzak eta ezker abertzaleak ez dute asmatu korapiloa askatzen. Eta bakoitza bere kasa dabil.

Asteon, Madrilen esan ditu Urkulluk espetxe politikari eta ETAren armagabetzeari buruzkoak, foro jakin batean esan ere: Jaurlaritzak babestutako udako ikastaro batean. Lehendakaria martxo bukaeran ere izan zen Madrilen, botere faktikoen-eta aitzineko gosari hitzaldi batean —El Mundo-ren Harmaila Autonomikoan—, eta, Otegi preso ohiaren hautagaitzaren inhabilitazioaz galdetu ziotenean, kopeta zimurtu zuen, gaia aitatzearekin Otegiri —hilabete bat zeraman aske— «doako kanpaina» egiten zaiolakoan.

EAJk eta ezker abertzaleak gerra dialektiko handia dute, baina ez orain bakarrik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko honetan; hamarkadetakoa da liskarra. 2011ko urritik euskal politikagintzaren egoerak hobera egin arren, haien arteko giroa ez da hobetu gatazkaren ondorioak konpontzeko arloan, behintzat. Adibidez, udaberrian ezker abertzalea Abian eztabaida estrategikoko bozketak egiten eta ondorioak ateratzen ari zelarik, Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako sailak euskal presoei balizko espetxe onurez gutun bana bidaltzea ez zen mugimendu itxurosoa izan. Preso ohi batzuek gogor erantzun zuten eskutitz publiko baten bidez, eta Langraiz bidea «gorpu» bat dela zioten. Sare herri plataformak —«kontrolatu» gabe, ezker abertzalea hura «indartu» nahian dabil— Jonan Fernandezen sailari «iritzi publikora edukirik gabeko ke poteak» igorri izana leporatu zion. Ez dute ematen garai berrietarako jokabidea eta mintzaira direnik. Jaurlaritza eta EAJ sakabanaketaren erantzule dira, PSOEren gobernuarekin diseinatu izanagatik, eta ez dira erakusten ari hura bukatzeko nahikoa ausardiarik. Ezker abertzaleak, berriz, estrategia politiko-militarraren ondorioz sortutako kalteak zuzentzen joateaz gain —zuzendu daitezkeenak—, Abianeko ebazpenean azpimarratu duen kultura politikoan zaindu beharko du hizkera ere.

Euskal instituzioek, ezker abertzaleak eta mugimendu sozialek presoen auzia konpontzeko norabide bera hartu ezean —horrek ez du esan nahi beti batera aritu behar direnik—, nekez egingo da aurrera. Urteotan ezker abertzaleak eta EPPK-k adierazpenak eta neurriak iragarri izan dituztenean, Jaurlaritzak ez die lagundu bidean. Edo Jaurlaritzak Madrilen-eta Moncloari espetxe eskumena eskatu dionean, besteen jarrera ez da lagungarri izan. Bitartean, presoak ziega ilunean, eta babes soziala, apaltzen —urtarrileko manifestazioaren parte hartzea beheraka doa—. Eta EAJk legealdi berrian PSErekin gobernu ituna egiten badu —PPren babesa ere beharko du, akaso—, Bake eta Bizikidetzarako sailaren ekinbide sorta mugatu eta murriztu egingo da —PSE gobernuan balego torturaren txostena ez zen egingo, hain segur; edo «birgizarteratze» planak zorrotzagoak izango ziren—.

Bada argi izpirik, ordea. Iruinek Espainiako «salbuespenezko espetxe legediaz erradiografia» egin berri du, hitzaldian, «estrategiarik definitu» ez arren, legediaren garapenean sakontzeko dei bat eginez bezala, eta «konfrontazio juridiko» berriak iragarri ditu, Aznarren garaiko 7/2003 legea gorriz markatuz. Sortuk ofizialki abenduko kongresuaren ondotik eratuko du gatazkaren ondorioen atal berezia, hark hartuz lema —azkenaldian ezker abertzalearen mobilizazioak izan dira nerbio handienekoak: kartzeletarako irteerak eta apirileko manifestazioa—. Iparraldean inplikazioak ez du etenik —Espagnacek dispertsioaz galdera bat egin dio Justizia ministroari—. ETA prest azaldu da armagabetzeko, eta diseinua Jaurlaritzarekin-eta partekatzeko —Jaurlaritzak atera du planik—...

Orain artekoak erakusten du etorkizuneko lanketak desberdina izatea eskatzen duela. Iazko urrian, «bake prozesua une larrian» zegoela esanda, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zioen Madril eta ETA mugitzeko «lehentasunezkoa» dela EAJ eta Sortu ados jartzea. Handia litzateke HNTk etsitzea hemengo eta ez Madrilgo borondateagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna